Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Naval konkurtsora bihar

Publizitatea

Ekonomia

Naval konkurtsora bihar

Sindikatuek hiru hilabeteko erregulazio dosierra onartu dute 181 langileentzat. Ontziolatik atzo bertan atera zuten Tidewayren 'Living Stone' kableontzia
<em>Living Stone</em> ontzia Sestaotik Santurtzirako bidean, Bizkaiko Zubiaren azpitik pasatzen.
Argazkia: MIGUEL TOÑA / EFE

2017-10-05 / Irune Lasa

Hasi da panorama zertxobait gehiago argitzen Navalen, eta, sindikatuekin akordioa lortuta, ontziolak konkurtsora joko du bihar, hain juxtu konkurtso aurrekoarentzako ezarritako epea amaitu bezperan. Hala, ontziolaren zuzeneko 181 beharginei erregulazio dosierra ezarriko diete, hiru hilabetez. Hori ba, aurretik ontziolaren arduradunek akordioa lotu behar izan dute ontziolan eraikitzen ari ziren Living Stone kableontziaren jabearekin, DEME Tidewayrekin.

Armadoreak, ontzia amaitu gabe, ontziolan harrapatuta geldi zitekeen beldur, ez zuen inondik ere nahi Navalek konkurtsora jotzea bere ontzia Sestako nasetan zegoen bitartean; horrexegatik kable-ontzia baimenik gabe ontziolatik eramaten ere saiatu zen.

Irailaren 21eko gauean jazo zen piraten ipuinak gogora dakartzan gertakaria. Gauerdian ontziolara sartu, eta kableontzia lotzen zuten sokak mozten hasi ziren armadorea bera eta bere sei langile. Segurtasun arduradunak langile batzordeko kideei deitu zien, gertatzen ari zenaz ohartarazteko, eta haiek ontziolako zuzendariari eta Ertzaintzari deitu zieten berehala. Haiek agertu zirenerako, armadoreari soka bakar bat moztea falta zitzaion. Ontzia eramateko asmoa zuen armadoreak, eta xede horretarako zeuzkan zain bi atoiontzi Zierbenan (Bizkaia) amarratuta.

Azkenean, atzo lortu zuen armadoreak kableontzia Naval ontziolatik ateratzea. Santurtziko portura aldatu zuten, eta han hura eraikitzen amaitzen lan egingo dute Navalen industria osagarriko 300 bat langilek; sei-zazpi hilabeterako lana badute. Ontziolako zuzendaritzak oraindik ez du jakinarazi DEME Tidewayk zenbat ordainduko dion Navali Living Stone ontzian egindako lan guztiarengatik. Albiste agentzien arabera, Navalek 9,5 milioi euro eskatu dizkio armadoreari. Tidewayk dagoeneko ordainduta dauzka 3,5 milioi euro ontziarengatik.

Erregulazio dosierra

Kableontziarena lotzeaz gain, sindikatuekin ere adostasuna bilatu behar izan du Navalek. Ontziolako zuzeneko 181 langileei sei hilabeteko enplegua erregulatzeko dosierra eskaini zien, printzipioz, ontziola berriz lanean hasi arte. Langileekin batzartu ostean, sindikatuek hiru hilabeteko dosierra onartu dute, eta zuzendaritzak oniritzia eman du. Urriaren 9tik abenduaren 31ra bitartean egongo dira langileak erregulaziopean, soldataren %100 eta Gabonetako aparteko saria kobratuz.

Zuzendaritzaren ustez, dosierra hiru hilabetekoa izateak badu zentzurik, espero duelako urte hasieran posible izango dela berriz ekitea Herbehereetako Van Oor armadoreak enkargatuak dituen bi dragen eraikuntzari. Van Oor prest agertu da zuzenean enpresa osagarriei pagatzeko. Lan horiek abiatuko balira, beste 1.200 beharginentzako lana legoke, ontziolak ostiralean aurkeztuko duen konkurtsoaren emaitza iritsi artean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak