Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Kanpainan sartuko dira ELA eta LAB, Jaurlaritzari itunen akordioa aurpegiratzeko

Publizitatea

Ekonomia

Kanpainan sartuko dira ELA eta LAB, Jaurlaritzari itunen akordioa aurpegiratzeko

Lehendakaritzara eramango dute protesta, irailaren 20an. Sindikatu abertzaleek uste dute gehiengo sindikala «baztertzeko» estrategia bat dagoela martxan
ELA eta LABeko buruzagien agerraldia. Ezkerretik hasita, ELAko Villarreal eta Muñoz, eta ondoan, LABeko Etxaide eta Garnika.
ELA eta LABeko buruzagien agerraldia. Ezkerretik hasita, ELAko Villarreal eta Muñoz, eta ondoan, LABeko Etxaide eta Garnika. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

2016-09-13 / Ivan Santamaria

ELAk eta LABek erasora joko dute Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuek uztailean sinatu zuten negoziazio kolektiboari buruzko akordioaren aurka. Datorren asteko asteartean, irailaren 20an, mobilizaziora deitu dute Gasteizen. Lehendakaritzan amaituko dute protesta, argi utzita Urkulluren gobernuak itunari emandako babesarekin bereziki ernegatuta daudela.

Ez da ohikoa azken garaiotan elkarrekin ikustea bi sindikatu abertzale nagusien buruzagiak. Deialdi bateratu batekin eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan erantzutea gaiari ematen dioten garrantziaren seinale oso argia da, eta hala adierazi zuten atzo Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, Bilbon egindako agerraldian.

Uztaileko akordioaren bidez, negoziazio kolektiboari «blokeoa kentzeko» asmoa adierazi zuten sinatzaileek. Posible den sektoreetan lan hitzarmenak berritzen saiatuko dira, akordio orokorren bidez. Baina UGTk eta CCOOk gehiengorik ez duten esparruetan —eta asko dira, zeren ELAk eta LABek, baturik, ordezkarien %59 baitituzte EAEn—, apustu egin dute eragin mugatuko itunak egiteko aukera zabaltzearen alde. Jaurlaritzak ere egin du bere ekarpena: gutxiengoan sinatutako akordio horiek itunen lege gordailuan argitaratuko ditu.

Joko arau demokratikoak hautsi egin nahi direla uste dute ELAk eta LABek. Hau da, hauteskunde sindikaletan lortzen diren emaitzak ez lirateke errespetatuko, gutxiengoa dutenekin itunak eginda. Hori dela eta, Gasteizko mobilizaziora bi sindikatuetako ordezkariak eramango dituzte. «Euskal langileek modu erabat zilegizkoan hautatu dituzten ordezkariak aterako ditugu kalera», azpimarratu zuen Etxaidek.

Akordio «estrategikoa»

EAEko Elkarrizketa Sozialaren Mahaian egindako akordioa luzera begirakoa dela ohartarazi dute ELAk eta LABek. Horretan sakontzeko asmoa ikusten dute sinatzaileen artean. «Akordio hau estrategikoa da, bereziki patronalarentzat; gu erditik kentzeko bide bat planteatzen dute», salatu zuen Etxaidek. «Eraso soka luze baten azkena» ere bada, LABeko idazkari nagusiaren aburuz. Langileek ELA eta LABen alde ez bozkatzeko presioa, hitzarmen kolektiboen blokeoa, eta izatezko ilegalizazio saiakera aipatu zituen joera horren adibide gisa.

Muñozek, berriz, gogor jo zuen Eusko Jaurlaritzaren aurka, patronalak eta Espainiako sindikatuek mahaian hitzartu dutenari babesa adierazteagatik. Haren aburuz, itun horren alde egiteko «eskrupulurik eta printzipiorik ez dute». Confebasken eta Urkulluren gobernuaren arteko lotura salatu zuen ELAko buruzagiak. «Patronalak pozik egon behar du, gobernuan badaudelako beretzat lanean ari diren pertsonak, inolako lotsarik gabe», kritikatu zuen. Ez zuen inor aipatu, baina BERRIAk Arantza Tapiari egindako elkarrizketa baten kopia erakutsi zuen Muñozek. Langileen hitza «benetan ordezkatuta» egoteko formulak eskatzen zituen Tapiak elkarrizketa horretan, eta, Muñozen ustez, erabat demokraziaren aurkakoa da langileek hauteskunde bidez erabakitakoari errespeturik ez izatea.

Formetan ez ezik edukietan ere patronalaren eta Urkulluren gobernuaren arteko sintonia argia dagoela uste du ELAko idazkari nagusiak. «Jaurlaritza bat dator geure herrialdean soldatak jaitsi behar diren ideiarekin», ziurtatu zuen, eta ohartarazi sektore publikoan ere prekaritatea zabaltzeko apustua egin dela.

Arazoen abiapuntuan, Espainian onartu diren lan erreformak leudeke. Horiei buruz EAJk esaten duena eta egin duena ez datozela bat uste du Muñozek. «Ez da PPren erreformaren aurka egon. Botoak beharrezko izan direnean, abstenitu egin da EAJ». Adibide gisa aipatu zuen Zapateroren garaian onartu zen lan erreforma, itunak estatalizatzeko aukera ireki zuen aldaketa.

Blokeoak jarraitu egingo du

Gehiengo sindikalak uste du akordioak ez duela balio negoziazio kolektiboan dagoen blokeoa gainditzeko. Patronalari egotzi diote bi sindikatuek egoeraren erantzukizuna. «Patronalak erabaki du hemengo itunak kentzea», zehaztu zuen Etxaidek. Muñozek gogora ekarri zuen bi saio egon zirela lanbide arteko akordio baten bidez EAEko negoziazio esparrua blindatzeko, eta bietan Confebasken ezetzak zapuztu zituen.

CCOOri eta UGTri dagokienez, estatu mailako negoziazioa inposatzea leporatu zien ELAko buruzagiak. Espainiarako egiten diren itunek galarazten dute Euskal Herrian eduki propioak garatzea. «Aukera legoke hori ez egiteko», aurpegiratu zien Muñozek.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak