Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Foro Sozialak Hegoaldera hedatu nahi du Iparraldeko adostasuna

Publizitatea

Politika

Foro Sozialak Hegoaldera hedatu nahi du Iparraldeko adostasuna

Egungo testuinguruan, gizartearen sektore anitzek euskal presoen gaiari heltzea nahi dute. Parisko manifestazioak Frantziako espetxe politika aldaraz dezakeela uste dute
Nekane Altzelai eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak, Koldo Mitxelenako agerraldian.
Nekane Altzelai eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak, Koldo Mitxelenako agerraldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

2017-10-11 / Iñaki Lasa Etura

ETAren behin betiko armagabetzeak utzitako agertoki politiko berriaren aurrean Ipar Euskal Herria izaten ari den erantzuna goraipatu du Foro Sozialak. Elkarlanari eman diote garrantzia: Bakearen Artisauek eta Bake Bideak sustaturik, alde bateko zein besteko erakundeak, hautetsiak eta gizarte zibila batzeari. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean agerraldia egin zuten, atzo. Iparraldean eta Frantzian gaiaren inguruan egiten ari diren lanketaren irakurketa egin zuten Nekane Altzelaik eta Teresa Todak.

Ipar Euskal Herriaz gain, Hego Euskal Herriaz ere jardun zuten. Izan ere, Hegoaldera hedatu nahi du ados jartzeko gaitasuna Foro Sozialak. «Triangulazioaren» bitartez letorke adostasuna: instituzioen —Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Elkargoa—, presoen eta iheslarien kolektiboaren eta gizarte zibilaren arteko elkarlana.

Altzelairen eta Todaren iritziz, «frogatutako arrakasta metodoa» da elkarlan hori, «mugiezinak ziruditen hesiak mugitzeko gai dena». Bi norabidetan aritu dira orain arte Foro Sozialeko eragileak. Batetik, «ahalik eta ate gehien» jo dituzte, Frantziako Gobernuak Foro Sozialaren proposamenak entzun ditzan. Bestetik, hainbat eragileren artean iritzi korrontea sortzen saiatu dira, espetxe politika malgua ahalbidetzeko.

Jean Noel Etxeberri Txetx-en hitzak bere egin ditu Foro Sozialak Iparraldeko egungo egoera irudikatzeko: «Nahiz eta gauzak aldatu direla baieztatzeko keinu nahikorik ez dugun nabaritu, gauzak alda daitezkeela baieztatzeko keinuak nabaritu ditugu».

Aldaketa gauzatzeko, baina, «urgentziazko» lau puntu bete behar dira etorkizunean: Frantzian preso diren euskal presoei aplikatzen zaien DPS estatusa amaitzea —bereziki zaindutako presoak—, Euskal Herritik gertuen dauden espetxeetara hurbiltzea, gaixotasun larria duten presoak askatzea eta zigor osoa bete dutenak libre uztea.

Alde horretatik, garrantzi handia eman diote abenduaren 9an Parisen egingo duten mobilizazioari. «Ez da beste edozein manifestazio. Frantziako espetxe politika aldaraz dezakeen ekimena da». Atxikimendu zabala jaso dute orain arte. «Kolore guztietako hautetsiek bat egin dute: eskuinekoek zein ezkerrekoek, errepublikanoek zein abertzaleek edo berdeek.

Currin, Aieten, hilaren 17an

Aieteko Bake Konferentziaren seigarren urteurrena beteko da datorren asteartean, hilaren 17an. Urtemuga horri helduta, ekitaldia egingo du Foro Sozial Iraunkorrak, egun berean, Aieteko Jauregian. Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen presidentea gonbidatu dute, bake prozesuaren egungo unearen analisia egin dezan. ETAren armagabetzearen ondoren, biktimen gaia sufrimenduaren mapa integral baten ikuspuntutik nola landu behar den eztabaidatuko dute; baita ETAren desmobilizazioa eta presoen, iheslarien eta deportatuen gizarteratzea ere. Eneko Goia Donostiako alkateak irekiko du ekitaldia.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak