Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Zergatik ez dira handitzen ari langileen soldatak?

Publizitatea

Ekonomia

Zergatik ez dira handitzen ari langileen soldatak?

 

2017-10-11 / Ivan Santamaria

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) bere urteko batzarrarekin batera World Economic Outlook txostena argitaratzen duenean, aurrera begirako aurreikuspen makroekonomikoek bete ohi dituzte hedabideen tituluak. Sarritan, ordea, interesgarriena atzerago dator, txostena osatzen duten atal analitikoetan. Oraingo honetan, bolo-bolo dabilen galdera bati erantzuten saiatu dira funtseko ekonomialariak: zergatik ez dira hazten ari langileen soldatak, krisia amaitu bada?

Herrialde askotan langabezia tasa orokorra bueltatu egin da krisi aurreko mailara. Haatik, horietan ere ez dago, oraingoz, ordainen hazkunde aipagarririk. Europako herrialde batzuetan —Espainian, esaterako— barne debaluazioa propio hartutako estrategia bat izan zen, baina soldaten hazkunderik eza joera orokorra bihurtu da nazioartean.

Eskulan soberakina aipatzen dute ikerlariek. Langabezia tasak txikiak izan daitezke, baina langile asko nahi baino gutxiago egiten ari dira lan. Langileko lanorduak murriztu dira, eta lanaldi partzialak asko hedatu dira. Prekaritatea da, azken finean. Zerbitzuen igoera eta eskulangintza lanaren murrizketa ere lotzen zaizkio fenomeno horri.

Sarritan aipatzen da automatizazioaren eragina, baina ikertzaileek ondorioztatu dute ez dela izan faktore erabakigarri bat. Oraindik langabezia handia duten herrialdeetan, egoera horrek soldataren hazkunde faltaren erdia justifikatzen du, NDFren aburuz, eta horri gehitu behar zaio lanaldi partzialen zama.

Langabezia gutxitzea lortu duten herrialdeetan, berriz, ordainak igo ez izanaren bi heren azalduko lituzke produktibitatearen hazkundearen ahuleziak. Eskulan eskaintza zein den zehazteari garrantzia eman diote ikerlariek, eta uste dute banku zentralek aintzat hartu beharko luketela ezaugarri hori diru politika gogortu baino lehen.

Faktore nagusien atzetik, badira enpresen eta langileen arteko harremana «modu iraunkorrean» aldatu duten beste batzuk. Herrialdeen arteko lehia eta noizbehinkako lana aipatzen dira azterketan. Hemen geratzeko iritsi diren fenomenoak dira, eta, NDFren aburuz, gobernuei dagokie orain pentsatzea nola babestu lanaldi partzialetan kateatuta geratu diren langile horiek guztiak, besteak beste, gutxieneko soldataren babesa hedatuta edo haien lan baldintzak hobetuta.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak