Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Zentzugabekeriei irri

Publizitatea

Kultura

Zentzugabekeriei irri

Joyce Carol Oates idazle estatubatuarra sarituko du gaur Bilboko Ja jaialdiak. Idaztean duen umore «beltz modernoagatik» sarituko dute
Joyce Carol Oates kritiko azaldu da Donald Trump AEBetako presidentearekin.
Joyce Carol Oates kritiko azaldu da Donald Trump AEBetako presidentearekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2017-10-07 / Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bizitzaren errepasoa egin duela dio Joyce Carol Oates (New York, 1938) idazle estatubatuarrak, atzera begira jarri dela Ja literatura eta umorezko artearen Bilboko jaialdiak saria emango diola jakitean. «Nire bizitzan gehien gustatu zaidan eta inspirazio iturri nagusi izan den Lewis Carroll idazlearen Alizia herrialde miresgarrian etorri zitzaidan gogora. Liburuak oso ondo erakusten du helduen bizitza zein zentzugabea izan daitekeen eta nola haurrak, zintzotasunez eta errugabetasunez aritzen diren. Donald Trump presidente hautatu dutela aintzat hartzen badugu, irudi lezake gaur egun zentzugabekeria nagusitu dela AEBetan. Horregatik uste dut une egokian etorri dela sari hau». 50 eleberri, 400 ipuin labur baino gehiago eta zortzi poesia liburu argitaratu ditu Oatesek, eta bere lanetan erakusten duen umore «beltz modernoagatik» emango diote gaur Ja Bilbao saria BBK aretoan, 19:00etan. Ekitaldiaren amaieran elkarrizketa egingo dio Pilar Andon idazleak.

AEBetako literatura garaikideko izen ezagunenetako bat da Oates, eta askotan aipatzen da haren izena Nobel saria jasotzeko hautagaien artean: betiereko hautagai ezizena ere jarri izan diote. Hain zuzen, ostegunean iragarri zuten aurtengoa Kazuo Ishiguro idazle britainiarrak irabazi duela. Bilbora iritsi aurretik izan zuen sariketaren emaitzaren berri, eta hitz gutxi eskaini dizkio gaiari. «Ez dut gehiegi hausnartu horri buruz. Jasotzen dudan edozein sari harriduraz hartzen dut, eta izendatuta egote hutsa ohorea da niretzat».

Mundua dibertigarria ala arriskutsua ote den hausnartzen aritzen da sarri Oates. «Garai konplexuetan bizi garela uste dut, eta tragedia batera eraman gaitzake bizi garen egoerak. Edonola ere, badago errealitate honi erantzuteko satira erabiltzen duenik ere: literaturarekin edo umore beltzarekin, kasurako». Multzo horretan dago bera, unerik tragikoenetan alde ironikoa ikustea gustuko duela azaldu baitu. «Tragedia ez den guztia komedia da». Kutsu hori du, hain zuzen, gaztelaniaz argitaratu berri dioten A Book of American Martys (Amerikar martirien liburu bat) nobelak; urtarrilean argitaratu zuen AEBetan, eta egunotan ari da gaztelaniazko edizioa aurkezten. Erlijioak zatitutako bi familia estatubatuarren istorioa du oinarri.

Gaur egungo egoeratik abiatu da idazlea liburua sortzeko. «Azken nobela idazterakoan George Tiller medikua izan nuen buruan: abortuak egiten zituen, eta, hain justu, abortuaren aurkako pertsona batek hil zuen, 2009an. Muturreko adorea erakutsi zuen medikuak, milaka emakume eta neska gazteri lagundu baitzien bizitza osoan. Edonola ere, nire nobela ez da Tillerren erretratu literario bat».

Umorea eta satira

Literatura baino gehiago, sorterriko egoera politikoa izan du hizpide idazleak, kezkaz begiratzen baitio gaur egungo egoerari. «1960ko eta 1970eko hamarkadetan okerragoa zegoen AEB. Vietnamgo gerraren ondorioz, zatiketak izan ziren herritarren artean». Ordukoaren ondorioa da gaur egungo errealitatea, idazlearen arabera. «Eskuin muturrak modu fundamentalista batean erreakzionatu du, baina bada bestela erantzun duenik ere. Kontua da, gaur egun, eskuin muturra gidatzen dutenek baliabide ekonomiko gehiago dituztela, eta horrek min handiagoa egiten diela herrialdearen gainontzeko herritarrei; hezkuntza laikoa duten estatubatuar horiei guztiei, alegia».

Baikorra dela nabarmendu du, hala ere. Behin eta berriz azpimarratu du belaunaldi berrietan esperantza duela berak. Princeton Unibertsitatean eta New Yorkekoan eskolak ematen ditu, eta gertutik jarraitzen du gazteen pentsamendua. «Gazteekin hartu-emanetan nago etengabe, eta badakit nola pentsatzen duten. Trump bozkatu zuten gehienak adineko zuriak dira, nekazaritza munduan bizi direnak, bisio nazionalista itxidunak, eta ia-ia faxismoan bukatzeko arriskua duten herritarrak». Prestakuntza duten belaunaldi berriengan itxaropena du horregatik.

Errealitatea dute oinarrian idazle estatubatuarraren lanek, eta barre artean aitortu du, oraingoz, ez duela Trumpi buruz ezer idazteko asmorik. «Orain artean idatzi da pailazo ezagunei buruzko nobelaren bat edo beste. Hor dago Gabriel Garcia Marquez idazlearen El otoño del patriarca liburua. Ez dut uste Trumpek pertsonaia horrekin lehiatu nahiko duenik».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak