Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Puntako espeziekoak

Publizitatea

Bizigiro

Puntako espeziekoak

Nazioarteko sukaldari eta jatetxe onenen elkargune bihurtuko da lau egunez Donostiako Kursaala, Gastronomika Kongresuaren bueltan
Goi mailako sukaldariak bilduko dira bihartik aurrera Kursaalean.
Goi mailako sukaldariak bilduko dira bihartik aurrera Kursaalean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

2017-10-07 / Itziar Ugarte Irizar

Metro koadroko Michelin izar gehien duen hiria da Donostia; hamasei izar ditu bere eremuan. Bihartik asteazkenera bitarte, baina, berrogeita hamar izango ditu: San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresua irekiko da bihar Donostiako Kursaalean, eta nazioarteko puntako jatetxe eta sukaldarien bilgune izango da. India da aurtengo herrialde protagonista, eta Espezieen sukaldaritza da hark eraman duen leloa. Lau egunetan hamaika izango dira ekintzak; sektore gastronomikoarentzat batzuk, eta publiko zabalari goi mailako sukaldaritza hurbiltzeko asmoz diseinatuak besteak.

Lau koordenadatan antolatu dute egitaraua: Alta atalak izen handiko sukaldariak batuko ditu; Off deiturikoan, kalitate handiko produktuen dastatzeak, puntako sukaldariekin tailer esklusiboak eta lehiaketak izango dira; Popular atalak kongresua herritarrei ireki asmo duten proposamenak bilduko ditu; eta, laugarrenik, Market sektore gastronomikoko enpresentzat izango da.

Mundu osoko egitasmo gastronomikoen artean «erreferentziazko kongresua» dela dio Roser Torras Gastronomikako zuzendariak; batik bat, maila goreneko sukaldariak biltzen dituelako, eta gastronomiaren bueltako nazioarteko kazetari entzutetsuenak erakartzen dituelako. Herrialde gonbidatuaren eta hemengo sukaldarien artean sortzen den «joan-etorriko harremana» ere aipatu du zuzendariak. Baina, bereziki, Gastronomika bereizten duen ekintza azpimarratu du: Alta hitzaldietan nazioarteko puntako sukaldariek agertokian azalpenak emanez jatekoa prestatuko dute, eta zuzenean auditoriumeko besaulkietan daudenei mokadu bana eramango diete, unean egindakoa unean bertan dastatu dezaten. Aukera hori eskaintzen duen sukaldaritzako kongresu bakarra dela nabarmendu du Torrasek.

Ondo luzea da Kursaaleko agertokitik pasatuko diren goi mailako sukaldarien zerrenda; besteak beste, honako hauek izango dira: Gaggan Anand, Praveen Anand, Sriram Aylur, Vineet Bathia eta Camelia Panjabi Indiatik; Jose Avillez Portugaldik; Mauro Colagreco Frantziatik; Safe Cruz eta Dani Garcia Espainiatik; Joan Roca, Fina Puigdevall eta Carme Ruscalleda Kataluniatik; eta, Euskal Herrikoen artean, Elena eta Juan Mari Arzak, Andoni Luis Aduriz, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz eta Martin Berasategi, kasurako.

Indiako espezie eztanda

Indiatik iritsitako sukaldariek hartzen dute, baina, leku gehien egitarauan. Alta hitzaldietarako sarrera behar da, baina, bihar goizean, modu irekian, zuzeneko sukaldaritzaren ikuskizun bana eskainiko dute Varun Mohan, J.P. Singh eta Ivan Surinder sukaldariek. «Kongresuko ekintzarik irekiena izango da: Indiako sukaldaritzako maisuek modu erraz batean erakutsiko dute euren lana publiko zabalaren aurrean», azaldu du Torrasek.

«Indiako eremu berezietako janariak deskubrituko ditugu, mila urte baino gehiago dituzten teknikak, erabat ezezagunak direnak Mendebaldean. Eta Indiako sukaldaritza berria ere ezagutuko dugu, teknika garaikideak lantzen dituena», laburtu du asmoa Torrasek. «Espezieak eta sukaldaritza begetarianoa» dira, harentzat, Indiako gastronomiaren indarguneak. Jatetxeetako sukaldeetan egosten dena baino gehiago izan ohi da, baina, herrialde bateko gastronomia. Eta, Indiaren kasuan, «kaleko janariaren paradisu ospetsua» dela diote antolatzaileek. Horrela, hango azoka eta bazterretako «espezieen aroma» saiatuko dira zabaltzen Kursaal atarian, lau egunetan. Street food ekintzaren barruan izango da hori, Popular atalean.

Nazioarteko produktuen erakusmahaiak bilduko dituen Market gunean ere leku berezia izango dute Indiako produktuek. Euskal Herriko markek ere jarriko dute euren postua, eta ikusi bai, baina bereziki produktuak dastatzeko gertatuko dute gunea aurten. Bereziki gastronomiaren sektoreko profesionalentzat da eremu hori.

Proposamen nahasketa dago Off guneko jardueretan. Horien artean, Wine&Win lehiaketa egingo da bosgarren urtez: bikotekako ardo dastatzea, parte hartzaileen ezagutza teorikoak eta praktikoak desafio formatuan neurtuko dituena. Beste lehia bat ere badago: VIII. parrila lehiaketa. Kasu horretan, formatu handian dastatuko dute haragia, eta haragirik onenak bakarrik ez, parrilaririk onenak ere irabaziko du saria.

Su ondotik pantailara, The Txoko Experience. The Secret Culinary Space of the Basques dokumentala estreinatuko da astelehenean. Euskal Herriko elkarte gastronomikoen inguruan osatu du ekoizpena Yuri Morejonek, Euskal Herriko sukaldarien parte hartzearekin.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak