Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola «Bete-betean sinesten segitzen dugu gure jokatzeko ereduan»

Publizitatea

Kirola

Anaitz Arbilla. Eibarreko jokalaria

«Bete-betean sinesten segitzen dugu gure jokatzeko ereduan»

Kezkatua dabil Anaitz Arbilla atzelaria Eibarren ibili apalarekin, baina lasaitasuna eskatu du, oraindik hasi besterik ez delako egin liga. Ondo daki zein den zulotik ateratzeko bidea: «betiko ezaugarriei eustea».
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-10-13 / Aitor Manterola

Prentsa aretoa ere badu orain Atxabalpe zelaiak, eta elkarrizketa honetan sartu da bertara aurreneko aldiz Anaitz Arbilla (Iruñea, 1987). Lasai eseri da bertan, eta hain zuzen, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du atzelariak, Eibarren ibilia apala bada ere.

Asteburu batez partidarik jokatu gabe egon beharra astunagoa egiten da taldea beheko zuloan dagoenean?

Galtzen duzunean ahalik eta azkarrena jokatu nahi izaten dugu, azken partidan emandako itxura txarra burutik kentzeko. Baina lasaitasuna ere behar genuen, burutazio txarrak burutik kentzeko, eta berriz ere konfiantza berreskuratzeko. Nire ustez, ongi etorri zaigu ez jokatzea, eta ea igandean dena ondo ateratzen den.

Hortaz, beti ez da egia ahalik eta gehiago jokatzea dela onena gauzak oker doazenean?

Gu aritu gara gauzak gaizki egiten partidetan, eta denon artean hitz egin genuen ondo etorriko zitzaigula lasaitasunez entrenatzeko tarte hau ere, eta horretan ari gara bi aste hauetan.

Bereziki zerbait ari zarete lantzen?

Lehen ondo egiten genituen gauzak berrikusten eta zuzentzen ari gara, ez ahazteko. Baloiarekin gauzak hobeto egin behar ditugu, askotan galtzen ari ginelako baloia, eta aurkariei kontraerasoan aritzeko erraztasunak ematen. Garbi ikusi zen hori Vila-realen aurkako partidan, azkeneko jardunaldian, hiru gol sartu zizkigutelako. Aurreko sasoiko gauza onak berriz lantzen ari gara, talde izaera berreskuratzen.

Zalantzan jarri izan duzue jokatzeko eredua bera ere emaitza txarren eraginez?

Uste dut inoiz ez dugula zalantzarik eduki, baina burutik pasatzen da gauzak oker direnean beste zerbait ezberdina egiteko tentazioa. Hala ere, taldean lehengo bidetik jarraitzen dugu, eta entrenatzaileak esandako horretan bete-betean sinesten jarraitzen dugu. Aurreko denboraldian oso emaitza onak eman zizkigun, eta bide beretik jarraitu behar dugu.

Nola aldatzen diren gauzak futbolean oso denbora gutxian.

Bai. Aurreko sasoian dena alde atera zitzaigun. Etxean, Ipuruan, esate baterako, oso partida onak jokatu genituen, baina orain arazo gehiago ari gara edukitzen etxean. Kanpoan ere ez gabiltza ondo, baina bada datu bat oso kontuan edukitzekoa: oso zelai zailetan eta aurkari oso gogorren aurka aritu gara, Sevillan, Bartzelonan eta Vila-realen, hurrenez hurren.

Ipuruan ez zarete jokatzen ari aurreko sasoian bezala, baina aurkari zuzena bat, Leganes, menderatu egin zenuten.

Hala da. Malagari ere irabazi genion bere etxean, eta azkenean, bi garaipen, behintzat, badauzkagu; ez gaude esku hutsik. Gu bezala mailari eustea helburutzat duten bi talde dira, eta biei irabazteak esan nahi du zerbait.

Igande honetako aurkaria ere, Deportivo, lehia horretan dabil, eta horrek ere ematen dio garrantzi berezia lehiari, ezta?

Bai. Aurkari zuzena da, eta ea gai garen betiko bidera itzuli eta zaleen aurrean partida biribila jokatu ahal izateko. Ondo dator, talde ona, eta jokalari bizkorrak eta trebeak dauzka aurrean. Guk gurea egin behar dugu.

Egoera txarretan, taldearekin ez zaudenean, buelta gehiago ematen dizkiozu zeure buruari?

Gauza gehiagori ematen dizkiot bueltak halakoetan, baina oraindik zazpi partida bakarrik jokatu ditugu. Ez da ona burua gehiegi nekatzea. Berdin jarraitu behar dugu, poza berreskuratu eta eguneroko lanean ohiko jarduna egin. Hortik etorriko da erreakzioa.

Rayon eta Espanyolen ere bizi izan zenituen antzeko egoerak.

Rayon, lehen itzulian hamasei puntu atera genituen, eta zuloan ginen. Gero, bigarrenean, 27 batu, eta salbatu egin ginen. Esperientziak esaten dit gaizki hastea ez dela beti erabakigarria izaten. Denbora daukagu, eta emango diogu buelta.

Rayon ere oso garbi zuen Paco Jemez entrenatzaileak nola jokatu behar zenuten. Mendilibarrek ere garbi dauka. Zer balio ematen diozu horri?

Rayon ere sinetsi egiten genuen entrenatzailearen jokatzeko ereduan, eta bagenekien zer zuzendu behar genuen emaitzak lortzeko. Eibarren ere gauza bera da.

Taldea ez dabil ondo, eta zu, zer moduz ari zara? Vila-realen, erdiko atzelari aritu zinen, aspaldiko partez.

Badakit entrenatzaileak konfiantza duela nigan, eta berdin zait leku batean edo bestean jokatu, berak ikusten badu hori dela onena taldearentzat.

Ona da leku askotan jokatzeko trebezia izatea, ezta?

Bi pentsamolde daude hor [barrez]: leku batean oso ona izanez gero, nekez mugituko zaitu entrenatzaileak; baina, leku askotan aritzeak eman dezake aditzera inon ez zarela oso trebea. Orain serio, pozik nago entrenatzaileak aintzat hartzen nauelako. Berak badaki egunero lan ona egiten dudala, eta nire helburua da aukera asko izatea, eta taldearen ekarpena egitea nire lanarekin.

Aste honetan, bereziki, talde barrutik ateratzen ari zareten mezua da oso ondo ari zaretela lanean. Emaitza ona lortzea errazagoa da halakoetan?

Mezu positiboa da, benetan horrela joaten ari delako astea. Igandean, baikortasun hori zelaian atera behar dugu. Espero dugu zaleak gurekin egotea, irabazten badugu asko emango digulako konfiantza aldetik.

Igandean ondo jokatu baina ez bada irabazten, balekoa izan daiteke konfiantza berreskuratzeko?

Itxura ona ematea ondo legoke, aurreko sasoiko Eibar ikus dezan jendeak, baina puntuak ere behar ditugu. Itxura ona emanda, gertuago izango dugu garaipena.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak