Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Puigdemontek Madrili baldintzarik gabeko elkarrizketa eskaini dio

Publizitatea

Mundua

Katalunia

Puigdemontek Madrili baldintzarik gabeko elkarrizketa eskaini dio

Alde bakoitzak bi negoziatzaile izan ditzan proposatu du, bien artean bitartekaria aukeratzeko. Kataluniako Gobernuak legeak ezartzen dituen epeetan erantzungo dio Rajoyren errekerimenduari
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea legebiltzarrera sartzen, herenegun.
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea legebiltzarrera sartzen, herenegun. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Elkarrizketa bide orriaren erdigunean jarri eta biharamunean, Carles Puigdemontek baldintzarik gabe hizketan hastea proposatu dio Mariano Rajoyri, oraindik ere eta tarte baterako nazioarteko foku informatiboa piztua dagoela baliatuta. CNN telebista kateak egindako elkarrizketaren bidez esan du zein diren bere ustez elkarrizketa horretarako baliozko terminoak: «Ez dago aurrebaldintzarik hitz egitera esertzeko». Madrilek eta Bartzelonak bina ordezkari izendatzea proposatu du, horiek bitartekari bat izenda dezaten, baina elkarrizketok errealitate jakin batetik abiatu behar dute, presidentearen ustez. «Errealitatea da Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremana ez dabilela, eta katalan gehienek nahi dutela estatu independente baten parte izan».

Madrilek Generalitatera bidalitako errekerimenduak ez du, ordea, elkarrizketaz hitz egiten, 155. artikulua aplikatzeko aukeraz baizik, eta katalanek 48 ordu igaro eta bost egunen bueltan erantzun beharko diote Rajoyren ultimatumari. Atzo, Puigdemontek eta Junquerasek hainbat gobernukiderekin eta aholkularirekin bilera egin zuten errekerimenduari eman beharreko erantzuna bateratzeko. Puigdemontek, gauean, Twitterren idatzi zuen: «Elkarrizketa eskatzen duzu, eta 155a mahaiaren gainean jarriz erantzuten dizute. Ulertu dugu».

Bi ideia

Kataluniako Gobernua bi ideia azpimarratzen ari da herenegun independentzia deklarazioa etea erabaki zuenetik: lehenik, ez da independentziari uko egitea, hutsarte bat baizik, Espainiako Gobernuari aukera bat emateko elkarrizketarako, eta, bigarrenik, ez badago elkarrizketarik eta Madrilek 155. artikulua aplikatzen badu, independentzia plana martxan jarriko da, legebiltzarrean deklarazioa eginda. Jordi Turull gobernuko bozeramaileak azalpen horiek eman zituen atzo. «155. artikulua aplikatzen badute, eta ez badute hitz egin nahi, argi dago kontsekuente izan behar dugula gure konpromisoekin». Oraingoz, garrantzitsua iruditzen zaio elkarrizketaren bidean zentratzea, horrela nazioarteak ikusiko baitu nor dagoen negoziatzearen alde eta nor ez.

Hori da bidea, eta bidearen erdian ez dira hauteskundeak aurreikusten, Oriol Junqueras presidenteordeak ziurtatu duenez. «Lana egiteko ordua da orain, ez bozetara deitzekoa». Baina gerta liteke ez egotea katalanen esku hauteskundeetara deitzearena. 155. artikuluarekin batera, Madrilek hauteskundeak deitzeko aukera izango bailuke.

Junquerasek «lasaitasun eta segurtasun mezua» bidali die herritarrei, ziurtatuz Generalitatearen menpe dauden erabakiak ahalik eta ardura handienarekin hartuko dituztela. Eta konfiantza ere eskatu du. Konfiantza Junts Pel Si hartzen ari den erabakien inguruan. Izan ere, Puigdemontek herenegun egin zuena balio formalik ez duen intentziozko deklarazioa izan zen, eta independentziaren aldeko sektore batek ez du ongi hartu gidoiaren azken uneko aldaketa.

Europako Batasuneko goi agintarien presioa jo dute Kataluniako hainbat komunikabidek aldaketaren arrazoitzat, eta Turullek berak onartu du bitartekari lan sendoaren ondorio izan dela, xehetasunik eman gabe, sukaldeko lanak sukaldean egin behar direlako, eta ezer argitaratzeak kaltea besterik ez lukeelako ekarriko. «Baina mugimendu garrantzitsuak daude».

Mugimenduak mugimendu, herritar askok atsekabea eta ezustekoa sentitu zuten herenegun, eta, haien ezinegona baretzeko, ANC Biltzar Nazional Katalanak «erabateko konfiantza» agertu du gobernuan. CUP eta Solidaritat Catalana, berriz, ez dira horren baikorrak, eta hilabeteko epea eman nahi diote ahalegin horri. Ulergarria deritzote gobernuari denbora epe bat ezartzeari.

Auzitegi Nazionalera begira

Elkarrizketari atea zabaltzea baliagarri izan daiteke egoera tentsoa askatzeko, baina, oraingoz, ez dago halakorik, eta Madrilek estutzen jarraitzen du. Herenegun gauean, Guardia Zibilak berriz itxi zuen ANCren webgunea, eta horrekin batera jakin zuen Jordi Sanchez presidenteak astelehenean deklaratzera joan behar duela berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalera, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearekin eta Josep Lluis Trapero mossoen buruarekin batera. Sedizio delitua leporatzen diete.

Carmen Lamela epaileak uste du irailaren 20an eta 21ean izandako gertakariak ez direla kasu bakanak, baizik eta estrategia konplexu baten parte, eta Cuixartek eta Sanchezek gidatu dituztela independentziarako bide orriaren parte diren ekinaldiak. Hain zuzen, urriaren 6an izan ziren deklaratzen Madrilen, eta ez zituzten kautela neurriak hartu haien kontra, baina berriz deklaratzera deitzea erabaki zuten, Guardia Zibilaren txosten berri batek froga gehiago ekar zitzakeela ondorioztatuta. Txosten horretan, urriaren 1eko erreferendumera arte izandako ekitaldiak sartu dituzte. Cuixartek eta Sanchezen ustezko delituak indartzeko, esaldi hauek dakarzki Lamelak: «Urriaren 1ean bozkatuko dugu; hautetsontziak kentzen badizkigute, egin egingo ditugu», Sanchezek esana. Hau, berriz, Cuixartek: «Ez dadila inor etxera joan; gaua luzea eta intentsoa izango da». Irailaren 20an, Guardia Zibilak hamabi pertsona atxilotu zituen, ustez erreferendumaren antolatzaileen buru zirelakoan, eta jendetza elkartu zen protestan, Generalitatearen Ekonomia egoitzetan poliziak miatzen ari ziren bitartean.

Trapero, berriz, protesta haietan mossoei ezer ez egiteko agindua emateagatik deitu dute, eta urriaren 1a bitarteko ekintzetan pasiboki jokatzea leporatzen diote. Beren abokatuek, berriz, eskatu zuten Bartzelonara bideratzeko auzia, baina Lamela epaileak ez du eskaera onartu.

Mossosek, berriz, Kataluniako Auzitegi Nagusira jo dute. Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren kontrako salaketa jarri dute, haiei leporatuz U-1ean beraiei informaziorik eman gabe aritu zirela eta ez zutela adostutakoaren arabera jokatu.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak