Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Europako Batzordea, Espainiaren eta haren «batasunaren» alde

Publizitatea

Mundua

Katalunia. Nazioartearen erantzuna

Europako Batzordea, Espainiaren eta haren «batasunaren» alde

Kataluniaz galdetuta, «Espainiako ordena konstituzionala» babesten dutenekin hizketan ari dela jakinarazi du presidenteordeak. Prentsak 155.aren arriskuez ohartarazi du
Vladis Dombrovoskis Europako Batzordeko presidenteordeari prentsaurreko batean galdetu zioten atzo Kataluniaz.
Argazkia: OLIVIER HOSLET / EFE

2017-10-12 / Samara Velte

Kataluniako Gobernuak espero duen solaskide europarrak ezkutatuta jarraitzen du oraingoz. Haren ordez, 28 estatuen klubeko kideak babestu ohi dituen erraldoia agertu zen atzo prentsaren aurrera, Vladis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordearen ahotik: «Lehenago bezala, Espainiako ordena konstituzionala osoki errespetatzeko eskatzen dugu». EBk babesten ei ditu «bereizketa eta zatiketa gainditu eta batasuna ziurtatzeko ahaleginak».

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Kataluniako autonomia bertan behera uzteko mehatxua egin eta minutu gutxira hitz egin du Dombrovskis letoniarrak gaiari buruz, prentsaurreko baten amaieran galdetu diotenean. Jean-Claude Junckerren bigarrenak ongi islatzen du Europako zenbait estatuk duten presioa: hiru herrialde baltikoetan bezala, bere jaioterrian ulertzen da katalanen burujabetzarako desioa, baina Bruselako eserlekutik ezin dezake halakorik iradoki. Batasuna batasuna da Europan. Eta aski kolokan dago jadanik.

Puigdemontek, ordea, atzerriko mugimenduetan jarrita dauka begia. Astearteko bere hitzaldiaren aurretik, hedabide batzuek zabaldu zuten Junckerrekin hizketan ari zela; haren bozeramaileak, ordea, berehala gezurtatu zuen. Atzo Dombrovskisek ere nabarmendu zuen Junckerrek «etengabeko harremana» daukala Rajoyrekin eta «konstituzioaren barruko irtenbide baten alde lanean ari diren indarrekin». Frantziako Gobernuak ohar bidez jakinarazi zuen ez duela aitortuko alde bakarrez aldarrikatutako independentziarik; Txinak eta Argentinak ere Espainia «batuta» mantentzeko eskatu zuten. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak ere bide beretik jo du: «Espainiako ordena konstituzionalaren barruan konpondu behar da auzi katalana».

Antzeko mezua igorri zuen Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri ministroak, baina negoziatzeko aukera aipatu zuen. «Zuzenbidean eta Espainiako Konstituzioan oinarritutako elkarrizketetatik soilik etorriko da irtenbidea», adierazi zuen: «Espainiar eta katalan gehienek babesten duten irtenbide bat baino ezin daiteke iraunkorra izan». Gabrielek ez zion erreferentziarik egin Rajoyren mehatxuari, ezta Pedro Sanchez PSOEko buruak iragarritako erreforma konstituzionalari ere; zehaztu gabe utzi zuen, beraz, noren artekoa eta zein xede izan behar duen alde guztiak aseko dituen negoziazio horrek.

Negoziatzeko aukerak

Urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Polizia boto emaile katalanei oldartu zitzaienean, nazioarteko ordezkari ugarik hartu zioten kargu Madrili. Atzo oraindik auzia eztabaidagai zuten Estoniako Legebiltzarrean; oposizioko diputatu batzuek gogorarazi zioten gobernuari beraiek ere egon zirela Kataluniaren antzeko egoeran 1980ko hamarkadaren amaieran, baina gobernu eskuindarrak Espainiaren aldeko jarrerari eutsi zion. Auziak eztabaida eragin du hainbat parlamentutan, eta zer esana emango du oraindik. Aipa dezakete, esate baterako, Europako Kontseiluaren gaurko batzar parlamentarioan, eta EBko estatuburuen datorren asteko goi bileran.

Independentzia babestea, ordea, beste kontu bat da: oraingoz, elkarrizketari ekiteko eskaera ofizial bakar batek ere ez du iradoki Kataluniako Errepublika izan daitekeenik negoziazioaren azken emaitza.

Puigdemonten hitzaldiaren aurretik, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak ezohiko adierazpena egin zuen: «Elkarrizketa eragozten duen erabakirik ez» hartzeko eskatu zion Kataluniako presidenteari. Azken horren hitzaldiko tonuak —eta independentzia atzeratzeko erabakiak— Bruselari erantzuteko diseinatua zirudien: Europak elkarrizketa eskatzen badu, berak luzatua du eskua. Atzo, ordea, beste eskaintza bat egin zioten PPk eta PSOEk Europari: Madrildik Espainiako Konstituzioa erreformatzeko eskaintza bat, Katalunian «ordena konstituzionala» mantentzearen truke —behar izanez gero, baita autonomia bertan behera utzita ere—. Ikusteko dago Europak proposamena erosiko duen; oraingoz, inork ez dio aipamenik egin balizko erreformari.

«Oker kalkulatu du»

Alderdi politikoak baino argiago mintzo da nazioarteko prentsa. Europako komunikabide nagusiek aintzat hartu dute Rajoyren mehatxua, eta konstituzioko 155. artikulua aktibatzearen arriskuez ohartarazi dute. Halako neurri batek «Kataluniako gizartean gatazkak» eragin ditzakeela nabarmendu du The Guardian egunkariak: «Tentsioa gori dago Espainiako Poliziak erreferenduma bortizki erreprimitu zuenetik». Le Monde-k nabarmentzen du 155. artikulua «argia eta lausoa» dela aldi berean: «Ez du aipatzen gobernu edo parlamentu autonomoa desegiteko aukera».

Oro har, badaezpadako distentsio gisa ulertu dute Europako komunikabideek Puigdemonten erabakia. «Puigdemont presidenteak okerreko kalkulua egin du», argitaratu zuen atzo Alemaniako Sueddeutsche Zeitung-ek: «Bere eskualdeko herritar gehienek ez dute bereizketa babesten, eta ezta Europako bizilagunek ere». Hala ere, negoziatzeko aukera ikusten du egunkariak: «Astearte gauean, zentzu onaren bidea aukeratu zuen Puigdemontek, eta uko egin zion —oraingoz— independentzia gauzatzeari». «Rajoyk bide horri jarraitu behar dio», ondorioztatu du Stefan Ulrich analistak. «Espainiako lehen ministroak eskua luza diezaieke galdutako seme-alaba katalanei, eta negoziazioak agindu, estatuaren eta eskualdearen arteko finantza harremanak etorkizunean modu bidezkoagoan arautzeko». Italiak Hego Tiroli eskainitako «autonomia paketea» jarri du adibidetzat. Bestela, Europak esku hartzeko eskubidea duela argudiatu du: «Europari zuzenean eragingo dio, kostata osatzen ari den krisi estatua [Espainia] berriz desegonkortzen bada».

Publizitatea

Sortu kontua
Samara Velte Samara Velte

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak