Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Duenak eutsi egiten dio

Publizitatea

Kirola

Bengoetxea VI.a 18 Olaizola II.a 22

Duenak eutsi egiten dio

Olaizola II.ak irabazi egin dio berriro Bengoetxea VI.ari lau t'erdian. Goizuetakoa 18-16 joan da galduz, eta sei tanto egin ditu jarraian
Aimar Olaizola, pilota jotzen, Oinatz Bengoetxea begira duela, atzo, Labriten.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-10-13 / Julen Etxeberria

Iraupena. 54.59.

Pilotakadak. 258.

Sakez. Bengoetxea VI.ak sakez, eta falta bat; Olaizola II.ak batere ez.

Markagailua. 1-0, 1-4, 3-4, 3-11, 11-11, 11-13, 13-13, 13-14, 16-14, 16-16, 18-16 eta 18-22,

Bestelakoak. Sarrera ona izan zen Labrit pilotalekuan. Apustuak Olaizola II.aren alde atera ziren, baina ia alderik gabe.

Ohitura bihurtu da: Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea elkarren aurka Lau t'erdiko Txapelketan, eta Goizuetakoa irabazle. Sei aldiz neurtu dituzte indarrak bi pilotariok, eta guztietan nagusitu da Olaizola II.a: behin, finalean, eta beste bost aldiz final-laurdenetako ligaxkako estreinako partidan, beti Iruñean. Atzo ere 18-22 irabazi zion goizuetarrak leitzarrari Labriten, final-laurdenetako ligaxkako lehen neurketan. Horri esker, garaipen bat du jada, eta urratsa egin du zazpigarrenez jarraian finalerdietan aritzeko. Bi lehia ditu atzo hasitako lana biribiltzeko. Bengoetxea VI.a, ordea, ataka estuan geratu da, eta bi norgehiagoka ditu egoera iraultzeko.

Lehia gogorra eta parekatua espero zen, eta halaxe izan zen, batez ere partidaren bigarren erdian. Izan ere, aurrenekoa oso gorabeheratsua izan zen. Indarrean hasi zen Olaizola II.a, eta 3-11 jarri zen. «Dena atera zait ondo hasieran», aitortu zuen neurketa amaitutakoan. Bata ondo, eta bestea eskas. «Erritmo geldoan oso eroso aritu da Aimar, eta ni, ezinean», azaldu zuen Bengoetxea VI.ak.

Baina tanto sinple bat mugarri izan daiteke, eta halaxe izan zen atzokoan ere, laugarrenari beste zazpi kateatu baitzizkion leitzarrak, 3-11tik 11ko berdinketara. «Arriskatzen hasi naiz, eta ondo atera zait». Nola edo hala eutsi zion erauntsiari Olaizola II.ak. «Min handia egin dit bere jokoarekin, sake-errematearekin».

11nakoarekin amaitu zen ordu arteko desoreka. Orduan hasi zen lehia gogorra eta borrokatua. Baten kolpeak bestearen erantzuna zuen. Lehia horretan, ordea, freskoago nabari zitzaion Bengoetxea VI.ari. Horri esker, 18-16 jarri zen aurretik. Sufritzen ari zen Olaizola II.a. «Urduri jarri dut», esan zuen leitzarrak. Goizuetarrak berak arriskuan ikusi zuen neurketa. «Bazirudien Oinatzek irabaziko zuela, baina...». Baina maisua azaldu zen. Ezer ez da betiko, ezta mende honetako pilotari onenarentzat ere. Galdu egin du hastapenetako abiadura, baina berez daukanak eutsi egiten dio beti, eta Olaizola II.ak soberan du kalitatea. Azken txanpan erakutsi zuen zeinen aberatsa den baliabidez. Gantxo bat, paretara arrimatutako hiru pilota, Bengoetxea VI.aren huts bat eta beste gantxo bat amaitzeko. Sei tanto jarraian, 18-22, eta lehen garaipena patrikan.

«Oso pozik nago, oso partida zaila baitzen, txapeldunaren aurka. Gainera, ondo ikusi dut neure burua». Baten poza, bestearen atsekabea. «Gehiago egin nezakeen. Opari batzuk egin ditut amaieran, eta Aimarrek ez du inoiz oparirik egiten. Horra gakoa».

Publizitatea

Sortu kontua
Julen Etxeberria Julen Etxeberria

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak