Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Bizilagun berri neurtzaileak

Publizitatea

Gizartea

Bizilagun berri neurtzaileak

Kontagailu adimendunen instalatzearen kontrako elkarretaratzea egin zuten Baionan atzo. Jean Rene Etxegarai alkateari horien hedapena oztopatzeko eskatu diote.
Linky kontagailuen kontra dozenaka herritar batu ziren Baionako Herriko Etxe aitzinean.
Linky kontagailuen kontra dozenaka herritar batu ziren Baionako Herriko Etxe aitzinean. BOB EDME

2017-10-13 / Eneko Etxegarai Urain

Linky markako kontagailu elektriko adimendunen kontrako elkarretaratzea egin zuten atzo Baionan. Astez aste indarra hartuz doan protesta izaten ari da, Patrick Viera Stop Linky Baionako kolektiboko bozeramailearen iritziz: «Kontagailuak instalatzen dituen Enedis enpresa ere hasia da bere jarduna bizkortzen, gizartearen presioa handitzen hasia dela sentitu duelako». Atzoko elkarretaratzeak helburu argia zuen: Jean Rene Etxegarai auzapez zein Euskal Elkargoko lehendakariari eta urriaren 18an iraganen den udal kontseiluari eskatzea instalazioen kontrako erabaki instituzionala hartzeko. Izan ere, udalak dira kontagailuen jabeak eta aldaketa «oztopatzen ahal duten bakarrak, nahiz eta aldi baterako izan», azaldu du Vierak.

Protesta mugimenduak herritarrei aholkatu die kontagailua aldatzearen kontra daudela azaltzen duten bi gutun idazteko; bata, norbere herriko etxeari bidaltzeko, eta bestea, Enedis enpresari. Horrekin batera, kontagailu gainean «argiki» euren erabakiaren berri ematen duen idatzi bat uzteko eskatu diete.

Europako Parlamentutik datorren zuzentarau baten aplikazioa da kontagailuen aldatzea, ondoren Frantziako Gobernuak trantsizio energetikoaren legearekin indarrean jarri duena. 2021erako Ipar Euskal Herriko gailu guztiak aldatzeko asmoa dute, nahiz eta udal batzuen ezezkoa jaso duten jada, besteak beste Atharratze, Liginaga (Zuberoa) eta Bokalekoarena (Lapurdi). Auzitegi administratibora ere deituak izan dira auzapez batzuk, Arbonakoa (Lapurdi), Ozazekoa (Zuberoa) eta Landestako Tarnosekoa, adibidez. Frantziako Estatuan 400 udalek errefusatu dute jada gailu berria. Horrelakoetan, «prefeta ez bada ados, auzitegi administratibora jo behar du, eta hark du egoera epaitzeko eskumena», azaldu du Vierak. «Azkenean, Linkyren aurkako borroka auzapezaren borondatean datza».

Datuen babesa kezkagai

Hainbat dira aurkariek kontagailu berriari egozten dizkioten makurrak: «Panpina errusiarrak bezala, bata bestearen atzetik doaz. Osasun arazoak, bizi pribatuaren babesa, informazio pertsonalaren merkantilizazioa...». Kontagailu berriak etxeko kontsumo elektrikoaren informazioa berehala transmitituko dio Enedisi, «eta hark beste enpresa batzuei salduko die», protestarien hitzetan. Vieraren arabera, «jakiten ahalko dute, adibidez, zure sareta elektrikoek gaizki funtzionatzen dutela, eta mezuz edo posta elektronikoz publizitatea bidaliko dizute, beste batzuk erosteko». Industriak irrikan daudela uste du: «Ezezagun bat zure ondoan bizi balitz bezala dira kontagailu hauek: ez duzu ezagutzen, baina ondoan bizi da, eta egiten duzuna aztertzen du. Etxea zaintzarik gabeko azken espazioa da; hemendik goiti zaintzapean izango gara».

Osasunari dagokionez, Linky kontagailuak emititzen dituen frekuentziak zein eremu magnetikoak ditu jomugan herri mugimenduak. Salatu dutenez, egin diren osasun ikerketek ez dute gailu osoa kontuan hartzen, soilik kontagailua: «Konektibitate maila 1Grekin aztertu dute, sakelako telefonoarekin bezala, baina 3G eta 4Gra pasatzen ari dira, datu gehiago transmititzeko».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak