Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Zoriontasunaren ispilu

Publizitatea

Bizigiro

Zoriontasunaren ispilu

Urtero bezala, gazteek eta helduek Aste Nagusiaz goza dezaten, barraketan ibiltzeko aukera dute Donostiako bi lekutan: haurrek, Koldo Mitxelena liburutegiaren ondoan; helduek, Pasealeku Berrian. Donostiarrek adrenalina askatzeko modurik hoberena izango dute, hilaren 27ra arte.
Gehienetan lagunartean ibiltzeko barraka izaten da gazte zein helduentzat.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Donostiako Aste Nagusia Sagueseko eta La Flamenkako kontzertuekin, piraten abordatzearekin, su festarekin... lotu ohi dute gehienek. Baina egitarautik kanpo badute haurrek eta helduek festaz gozatzeko beste aukera bat: barraketan ibiliz. Seguruenik, batzuentzat, barrakak festen erreferente dira, urtea joan urteak etorri herriko jaietan barrakek ez baitute hutsik egiten. Gipuzkoako hiriburuan, aurtengo jaietan ere bi gunetan jarri dituzte barrakak: txikientzako, Koldo Mitxelena liburutegiaren ondoan; eta, gazteentzako eta helduentzako, berriz, Pasealeku Berrian.

Arratsaldeko seiak jo berriak dira Artzain Onaren katedralean, eta nahiko jende dabil Urdaneta kalean, beroa egiten duen arren. 28 gradu markatzen ditu termometroak. Eguraldi paregabea aprobetxatuz, gehienak, familia giroan etorri dira. Umeak gurasoen eskuetatik heldurik barraketara gerturatzen ari dira, pozez txoratzen. Txikienentzat barrakak zirrara sortzen dutela jakina da. Mota guztietako barrakak daude Koldo Mitxelena liburutegiaren ondoan: Txiki Landia, haurrek jolasteko gunea; ohe elastikoak; Dragon Landia, dragoi burua duen errusiar mendi txikia; autotxokeak...

Iñaki Artola eta bere bi seme-alabak arratsaldea pasatzera etorri dira. «Gaur, umeen menpe egon beharko dugu», esan du Artolak, barrez. «Barraketan ibiltzeaz ase direnean, izozkia jan eta etxera joango gara. Txikientzat, oraindik beranduegi baita su festak ikusteko». Hitz egiten ari den bitartean, semeak eskutik heldu, eta beste eskuko hatzarekin ohe elastikoak seinalatu dizkio. Bankutik altxatu, eta leihatilara joan dira.

Barraken bozinek ingurua girotzen dute, eta jendea hara eta hona dabil. Artzain Onaren plazan txurroak, izozkiak eta gozokiak saltzen dituzten postuak daude. Gazte kuadrilla bat gerturatu da txurroak erostera. Turista batzuk ere gerturatu dira barraketako lekura, beren seme-alabek autotxokeetan ibiltzeko erreguka.

Leihatiletan txartelak erosi nahian, Jose Rodriguez eta haren biloba hurbildu dira. Barraka gehienetan, bidaia bakoitzaren prezioa 2,20 euro da. «Garesti samarra» dela aitortu du Rodriguezek. Arratsalde batean asko gastatzen dela aitortu duen arren, giro ona sortzen dela esan du. «Tarteka horrelako planak egitea ez da gaizki etortzen», gaineratu du Rodriguezek. Txartelak erosi ostean, Dragon Landian ibiltzera joan dira aitona eta biloba. Txiki Landiaren kanpoaldean, ama batek bere semeari esan dio azkeneko aldia izango duela, amore emanez. Semeari irribarre txikia atera zaio, eta, berriz ere, oinetakoak kendu ditu barrura sartzeko.

Helduen gunean, berriz, atrakzio gehiago daude, eta 19:00etan, jende andana dabil Pasealeku Berrian. Aquarium gainean dauden bankurik gehienak ere okupatuta daude, jendeak ez baititu Santa Klara irlako eta Kontxako badiako parajeak galdu nahi. Mota guztietako barrakak daude han: saltoka ibiltzen den Super Kanguroa, gora eta behera ibiltzen den kaiola handia, autotxokeak, tonbola, dardoak, tiro aretoa, simulagailuak, besteak beste.

Barraka bakoitzak bere musika jarrita, izugarrizko burrundara sortzen da. Prezio antzekoak dituzte gehienek; 3 eta 3,5 euro balio du bidaia bakoitzak. Guraso bat atera berri da autotxokeetako gunetik. Bat-batean «gaztea» eta dena ematen zuela esan die lagunei. Miguel Ruiz da autotxokeetako langileetako bat. «Uste baino jende gehiago gerturatzen ari da aurtengoan, behintzat. Donostiarrez gain, turistak ere barraketan ibiltzen dira, gehienak frantziarrak izaten dira. Bestalde, iazko etekinen kopuru antzekoa lortzen ari garela esan dezakegu».

Janaria saltzen duten postuak ere badaude: western itxurako taberna bat eta gozokiak, erroskillak, fruitu lehor frijituak eta azukre kotoia eskaintzen dituzten postu txikiak, besteak beste.

Neska kuadrilla bat borobilean eserita jarri da. Eguneroko plana egingo dutela dio Itziar Lopezek. «Seguruenik, kanpoan afalduko dugu, eta, ondoren, Kontxako hondartzatik suak ikusiko ditugu. Halere, zalantzan gaude ea kontzertuetara joango garen ala ez. Ikusiko dugu zer egingo dugun».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak