Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Irudien irudimentsuak

Publizitatea

Bizigiro

Irudien irudimentsuak

Norbanakoek Youtuben jarritako bideoekin, gaur egun ez da arrotza egunerokorako baliagarriak diren hainbat gai ikastea. Aukera zabala aurki daiteke sarean; aurrez aurrekoaren aldean, ordea, baditu hutsuneak.
<b>Youtubetik, ofizioa. </b>Ardilanak proiektuan dabil Miren Torrealdai; tailerrak ere ematen ditu.
Argazkia: JOSU TORREALDAI

2017-10-12 / Maite Alustiza

Harriak eta lantzak botatzen trebea zen Julius Yego kenyarra, haurra zenean. Youtubeko bideoei begira hasi zen trebatzen, praktikatzen, eta munduko xabalina txapeldun bilakatu zen 2015ean. Youtube gizona deitua da. Plataforma horretan aritu zen Paen Long kanbodiarra ere, urtebetez buru-belarri, bere «betiko ametsa» betetzeko: berak egindako hegazkina airean ikustea. Youtuben hasita, Silicon Valleyn (AEB) lurreratu zen Michael Sayman: 13 urterekin hasi zen bere kasa programazioa ikasten; handik lau urtera Facebooken sartu zen, eta Googlek fitxatu berri du.

Mundura zabaldu diren adibideak dira, baina prozesu hori jende arruntaren etxean gertatzen da. Youtuben argitaratzen diren edukiek ikasteko balio dezakete, beren ezagutza denon eskura jartzen duten lagunei esker.

MIREN TORREALDAI

Irulea

«Oraintxe lanbideak daukan etorkizuna Interneten dago»

Puntua egiten etxean ikasi zuen Miren Torrealdaik (Eibar, Gipuzkoa, 1979). Hasieran «oso gauza sinpleak» egiten zituen, estresa kentzeko. «Unibertsitatean nengoenean, bufandak egiten nituen, eta urte askoan egon nintzen bufanda bera egiten eta desegiten». Gauza gehiago ikasi nahian, lagun bat eta biak Interneten hasi ziren, eta tokilla tradizional batzuk topatu zituzten Ravelry komunitatean. Oso artile finaz eginak ziren. Artile hori erosi nahi izan zutenean, ordea, ez zuten inon aurkitu. «Topatzen genuen gehiena akrilikoa zen, baina horrek ez du balio parpailak egiteko». Orduan ikusi zuen Torrealdaik jendeak oraindik erabiltzen zituela goruak, iruteko tresnak, eta Youtuben begira hasi zen, ingelesezko kanaletan: «Ikusi nuen egin zitekeela ardatz bat etxean, CD batzuekin; zuntz pixka bat lortu nuen, eta gorua egin nuen». Geroztik, «arraina uretan bezala» dabil.

Lehenengo gorua erosi zuenean ere, balio izan zioten sareko bideoek: «Batez ere ikasi nuen pedalei eragiten eta tiratzen batera, pixka bat deskoordinatu egiten bainintzen». Dioenez, pazientzia behar da, baina behin ikasten denean, mekanikoa da. «Momentu batzuetan trantzean jausten zara, keinu bera eginez denbora guztian, erritmo bera hankekin, eta burua despistatu egiten zaizu».

Abantailekin batera, ordea, urrunetik ikasteak baditu bere hutsuneak. «Esperientziarekin eta artile asko hondatuz» ikasi behar izan du Torrealdaik: «Beste pertsona batekin ikasten duzunean, zuzendu egiten duzu, eta ez duzu beharrik proba-errore fasea egiteko». Baina, kurioski, proba-errore fase hori da Torrealdairi gustatzen zaiona.

Gorputz jarrera egokia ikastea ere bada garrantzitsua. Torrealdaik «txarrera» ikasi behar izan zuen: «Bideoetan-eta askotan eskuak ikusten dituzu, baina bizkarra-eta ez. Postura txar batekin hasten bazara... Nik sekulako tendinitisarekin amaitu nuen, eta fisioterapeutarekin ere ibili naiz». Hark baten bati erakusten dionean, arreta berezia jartzen dio gorputz jarrera aldatzeari. Izan ere, irutearekin batera, irakatsi ere egiten du Torrealdaik; puntua gehienbat, baina iruten ere bai. «Lantzean behin etortzen da baten bat ardiak dituelako etxean. Gero, puntua egiten dakien jendea etortzen da, nahi duena iruten ikasi; ez artilea egiteko, baizik eta artilea hobeto ulertzeko».

Jende gutxik iruten du egun: «Badaude horretan profesionalki aritzen direnak, ezagutzen ditut, baina ofizioa desagertzear dago». Haren ustetan, «oraintxe lanbideak daukan etorkizuna Interneten dago». Hura ezagutzen duen jende guztiak hortik ezagutzen duela dio, Internet bidez topatu duela.

Youtubeko bideoekin hasi, eta lanbide du orain. Ardilanak da bere proiektua. «Norberak egindako artileak beste pertsonalitate bat izaten du. Zuk proiektu bat hutsetik hasten duzu; oso gauza bereziak izaten dira, askotan kapritxoak».

JUAN CARLOS M. CANCELA

3D diseinatzailea

«Ezagutza ona da, eta hazi egiten da konpartitzen denean»

Afizio guztiak beti ikasketa prozesu autodidakta baten bidez ikasi ditu Juan Carlos M. Cancelak (Barakaldo, Bizkaia, 1960). Aspaldi argazkilaritzarekin hasi zen, eta teknologiarekin eta iraultza digitalarekin zerikusia duen guztiak erakartzen du. «Arlo digitalean dena ikasteko dago: guztia berria da ia mundu guztiarentzat, eta baita niretzat ere». Betidanik marraztu izan du, baina orain gutxi arte ez da gai izan ingurune digital batean marrazteko: «Irabazi gabeko apustu bat zen niretzat». Baina Juan Gonzalezek Youtuben jarritako tutorialen bilduma baten bidez, lortu du. Zehazki, FreeCAD programaren erabilera landu du —ordenagailu bidezko diseinu lagundua—. «Horri jarraituz eta interes pixka batekin, oso erraz ikas dezakezu inguru horretan mugitzen; niri behintzat hala suertatu zait».

Bideoetan ikasitakoarekin eta 3D inprimagailu batekin, askotariko proiektuetan dabil Cancela, Bilbao Makers elkartean. Azaldu duenez, tutorialei esker «eraikitzeko erreminta izugarri on bat» dauka orain, askotariko aukerak ematen dizkiona: marraztea, inprimatzea, probatzea ea horrek funtzionatzen duen, marrazkia orraztu eta berriro inprimatzea... «Ahalbidetzen dizu ez bakarrik proiektu konkretuak aurrera ateratzea, baizik eta edozein proiektutan sartu ahal izateko prest egotea». Besteak beste, aerosortzaile bat sortu dute bi lagunen artean, baita laser korridore bat ere, jolaserako. «Horrek milaka pieza eskatzen ditu, eta denak marraz daitezke». Proiektuak bukatzean baino «askoz gehiago» gozatzen du Cancelak ikasketa prozesuan; horregatik, harentzat ez da garrantzitsua martxa azkarragoan edo motelagoan lan egitea.

Dena den, Youtuben ikasi izana ez da nabarmentzekoa Cancelarentzat. Uste du Youtube euskarri bat besterik ez dela, mamia norberak jartzen duela: «Hau ez zegoenean, edukiak beste leku batzuetan zeuden. Egia da erreminta bat dela jende askori aukera eman diona bere edukiak hor sartzeko, baina, kontrara, edukiak sartzeko erraztasun horrek eragiten du sekulako zabor pila sartu izana». Uste du oro har ezagutza trukatzeko «espazio oso interesgarria» dela sarea.

Truke hori aurrez aurre egiten lauzpabost urte daramatzate Bilbao Makers elkartean; Cancela duela hiru urte sartu zen. 30 bat bazkidek osatzen dute, eta fabrikazioarekiko interesak batzen ditu, bereziki DIY filosofian oinarrituta (zuk zeuk egin). «Teknologia digitalaren iritsierak, 3D inprimagailuek, arduinoek eta mikroprozesadore eskuragarriek erraztasuna eman diote ezagutzan gutxieneko interesa duen jendeari; orain norberak egin ditzake orain gutxi arte baliabideak zituzten enpresek bakarrik egin zitzaketenak». Hor kokatzen da maker mugimendua, ezagutza konpartitzean: «Ezagutza ona da, eta hazi egiten da konpartitzen denean».

IRANTZU IRAZOLA

Eskulangilea

«Gauza jakin bat egiteko era ezberdinak aurki ditzakezu»

Eskuz egindako lanetan trebea da Irantzu Irazola (Elorrio, Bizkaia, 1976). Berdin egin ditzake motxilak, eskuzorroak, lepokoak, saskiak, jertseak edo txirulentzako zorroak. Eta haiekin guztiekin osatuz doa Nire Ganbara bloga. Duela sei bat urte, josten ikasi zuen; ordura arte, ez zion arretarik jartzen etxean egiten zutenari. «Bat-batean ikusi nuen manta bat egina, eta ikasi beharra nuela pentsatu nuen». Orduan hasi zen Interneten begira, blog batetik bestera, eta haietan jendeak jartzen zituen Youtubeko esteketan barrena. Lehen pausoak josten egin zituen arren, askotarikoak egiten trebatu da bideoen bidez: «Hasieran, jendeak haurrentzako gauzak eskatzen zizkidan, eta arropatxo horiek sartzeko saskiak behar nituen. Behin Youtuben ikusi, eta hala ikasi nuen, dena eskuz». Eskulanak gustuko ditu, baita haren haurrek ere; «pultserak egiteko Youtuben begiratzen dute».

Irazola ez da bereziki kanal jakin baten jarraitzailea; batetik bestera ibiltzen da, eta, gustatuz gero, dagoen hizkuntzarekin moldatzen da. «Aukera asko dituzu; gauza jakin bat egiteko era ezberdinak aurki ditzakezu, eta gero zuk horri eman diezaiokezu zure itxura edo zuk behar duzuna».

Taldean ikasi nahiko lukeen arren, denbora eta ordutegiak muga dira: «Ikastaroak-eta geroz eta gehiago daude, baina ez daukagu denborarik, haurrekin eta... Arratsaldeetan geratzen badira talde batean zerbait ikasteko-edo, nik ezin dut, haurrekin nagoelako, eta, horrela, edozein momentutan ikas dezakezu zure kasa». Tarteka azoketan ere ibiltzen denez, han izaten du aukera beste eskulangile batzuekin aritzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Maite Alustiza Maite Alustiza

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak