Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Emakume gazteen ia erdiek lanaldi partziala eta soldata txikiagoa dute

Publizitatea

Ekonomia

Emakume gazteen ia erdiek lanaldi partziala eta soldata txikiagoa dute

Negoziazio kolektiboa «ardatz nagusitzat» jo du EGK-k, lan eremuan berdintasuna lortzeko
EGK-ko ordezkariak, atzo, <em>Ibilbide Moreak</em> txostenaren aurkezpenean.
EGK-ko ordezkariak, atzo, Ibilbide Moreak txostenaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2016-09-21 / Jon Rejado

Lan eremuan dagoen gizon eta emakume gazteen arteko aldea neurtu du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. 16 eta 29 urte arteko emakumezkoen soldata, batez beste, adin bereko gizonezkoena baino 266 euro txikiagoa da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren atzean zenbait arrazoi daudela azaldu du EGK-k, eta horietako bat nabarmendu: lanean ari diren emakume gazteen %48,9k lanaldi partziala dute; aldiz, gizonen %22,1 ari dira lanaldi partzial edo murriztuan.

Ibilbide Moreak: Emakume gazteen egoera lan munduan txostenean zehaztu ditu EGK-k datu horiek guztiak. Datuen bilakaera ere jaso du, baita soldatan dagoen aldea handituz joan dela jakinarazi ere. Hori ulertzeko, lanaldi partzialaz gain, beste arrazoi batzuk daudela hausnartu du. Batetik, kontratuen behin-behinekotasuna; ezaugarri hori gazteekin eta emakumeekin «guztiz lotuta» dagoela azaldu du EGK-k. Bestetik, ordainsarien osagarriek emakumeengan eragin negatiboa dutela nabarmendu du; adibidez, antzinatasunagatiko osagarria emakumeen kalterako da, behin-behineko kontratupean ari direlako lanean maizago.

Halaber, EGK-k berretsi du enplegu feminizatuak gutxiago baloratzen direla. Areago, azaldu du sektore feminizatuetarako bereizketa ikasketa hautua egiten denetik gertatzen dela. 2013-2014ko ikasturtean EHUn gradua amaitu zutenetatik %55,4 emakumezkoak ziren; Arkitektura edota Ingeniaritza graduetan zuten presentzia, ordea, txikiagoa izan zen: %29,9.

Bestalde, gazteria kontseiluak adierazi du emakumezko gazteek pairatzen dutela sexu jazarpen gehien. Argitu du menpekotasun hierarkikoak eta egoera ezegonkorrek hori ahalbidetzen dutela. Edonola ere, oraindik gai tabua dela gaineratu du EGK-k.

Konponbideak, oinarritik

Maialen Olabe EGK-ko presidentearen iritziz, negoziazio kolektiboa «ardatz nagusia» da lan eremuan gertatzen diren emakume eta gizonen arteko desberdintasunei heltzeko. Berdintasun Planak sustatzeko beharra ere nabarmendu dute Ibilbide Moreak txostenean, proposamen gisa; hain zuzen ere, Olaberen ustez, planak «estuki» lotuta daude negoziazio kolektiboarekin. Ordea, planetatik kanpo negoziatu ahal izatea aldarrikatu du. «Negoziazioan gizonezkoen nagusitasun bat dago; ekonomikoki kementsuak diren arlo ekonomikoetako sektoreen ordezkaritza maskulinoa da, eta emakumezkoen begirada eta ahotsa ez da heldu». Genero ikuspegia txertatzeko «berdintasun arloko sindikatu» baten sorrera iradoki du EGK-k.

Enpresei ere egin die deia EGK-k, proposamenak egiterakoan. Besteak beste, lan eremuan gertatzen den sexu jazarpenaren aurka protokoloak abiarazteko eskatu die. Tresna horiek prebentzioa eta erasoen aurreko jokabideak zehaztu beharko lituzkete, EGK-ren arabera. Halaber, langileen trebakuntzan, protokoloaren garapenean eta horren eguneratzean era zuzenean inplikatu beharko lirateke enpresak. Azkenik, politiken betetze maila neurtzeko «datu sakonagoak» eta «gaurkotuagoak» eskatu ditu EGK-k.

Administrazioetara helarazi

Txostena amaitu ondoren bertan landutako informazioa zabaltzeko lana hasiko du EGK-k. Batetik, administrazioekin hitz egiteko «irekita» daudela jakinarazi du Norma Ageitos EGK-ko berdintasun teknikariak: «Baditugu pare bat proiektu airean; oraindik ez dago datarik, baina aurrez aurre aurkeztu nahi diogu Gasteizko Udalari». Gipuzkoan jardunaldi bat egiteko asmoa ere badaukate, proposamen gehiago biltzeko.

Bestetik, EGK-k sindikatuei jakinaraziko dizkie azterlanaren emaitzak, eta horien ildotik eginiko proposamenak. Sindikatuek, besteak beste, Lan eta Berdintasun lantaldeetan duten ordezkaritza baliatuko dute horretarako. Txostena atzotik ikus daiteke EGKren webgunean.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Rejado Jon Rejado

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak