Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Transfobia eta homofobia: hezitzaileon eginkizunaz

Publizitatea

Iritzia

Transfobia eta homofobia: hezitzaileon eginkizunaz

 

2016-01-09 / Amelia Barquin - Huheziko irakaslea

Demagun gure umea ez dela janzten bere generoarengatik askok espero duten bezala, demagun bere zaletasunak ere ez direla espero direnak, edo bere generoko norbaitek erakarria sentitzen dela... eta demagun hori guztia agerian dagoela, ez duela soilik bere logelako intimitatean adierazten (ume batzuei irakatsi baitiegu haien logelan edo etxean daukaten askatasuna kalean ez erakusten, zuhurtziaren izenean). Eta umea eskolara bidali behar dugula. Sentituko gara untxi bat txakalez betetako oihanera bidaliko bagenu bezala?

(Edo demagun gure alaba potoloa dela eta irakasleak jarritako heziketa fisikoko ariketak ez direla bere gorputzera egokitzen, edo hilekoa besteei baino lehenago etorri zaiola, edo gure ume betaurreko lodiak jarri dizkioten lehenengoa dela bere gelan, edo altuagoa edo baxuagoa dela bere adineko gehienekin konparatuta, edo sudur edo belarri handiak dituela, edo irakurketan edo matematikan beste batzuk baino mantsoago dabilela, edo, berriz, oso azkar...).

Oso zaila da gure umea horietako bat edo bat ez izatea, ezta? Untxiak oihanean dira gure umeak; baina txakalak ere bai. Eta ez gutxitan biak aldi berean, ilarako azkenak ez izateko lehia ezkutuan. Ez dago zuri edo beltzik.

Urtea bukatzear zegoela, Alan gazte transexual katalanak bere buruaz beste egin zuen, ikastetxean pairatutako jazarpenak saminduta eta aurrera jarraitu ezinik. Bere heriotzak hamaika sentimendu eta gogoeta sortzen dizkigu.

Aniztasunaren diskurtsoa denon ahotan dago; aniztasun hitza hezitzaileoi ez zaigu mingainetik joaten, hezkuntzaren egungo ikuspegiaren ezinbesteko parte delako. Zorionez, bestalde. Baina zer gertatzen da praktikan, benetako bizitzan?

Estandarra izateko beharra

Gure gizartearen ezaugarri bat horixe da: erdibidea zein den jakiteko sozializatzen gara, ingurune bakoitzeko estandarra zein den kalkulatzeko, batezbestea edo normala detektatzeko. Hortik ateratzen dena bestea kontsideratuko da, arrotza, eta marka negatibo horren arabera tratatua izan daiteke. Nabarmentzeak, estandarretik ateratzeak, zigor soziala ekartzen du. Izan ere, bullying-aren kontra adierazten diren batzuek oraindik ere aldarrikatzen dute besteari errespetua zor zaiola, eta ez dute zalantzan jartzen bestea/desberdina/bitxo arraroa etiketa. Baina, ikusi dugunez, guztiok gara besteak, edo beste modu batean esanda, inor ez litzateke bestea izan beharko. Bakoitza den bezalakoa izateko aukera ematen duten inguruneak eraiki beharko genituzke, ez arrarotxoak ere errespetatzen diren inguruneak.

Estandarra/bestea binomioa gure umeei ezartzen diegun bortizkeria sinbolikoa da. Jaio diren gizartean ikasten dute. Ez da bortizkeria fisikoa, baina bortizkeria da: inplizitua da, eta hezkuntzan inplikatutakook ere egiten dugu, konturatu gabe. Umeen eskura jartzen ditugun produktu kulturalek ere horrela jokatzen dute. Izan ere, hori da hezkuntzan daukagun erronka nagusienetako bat: nola eraiki ingurune benetan inklusiboak, non estandarrak eta besteak ez dauden, non denak komunitatearen parte diren.

Neska/mutil binarismoa beste bortizkeria sinboliko bat da: jaio baino lehen bizitza desberdin bat diseinatu dugu txikientzat, hankartean daukaten organoaren sailkapenaren arabera (gelaren dekorazioa, arropa, zapatak, belarritakoak, orrazkera, konplementoak, jostailuak, komunikatzeko moduak, espektatibak, rolak…). Eta horrekin lotuta heteroaraua dator. Ume batzuk esleitu zaizkien ezaugarri eta funtzioetara egokitzen dira, goza zitzaketen beste aukerak kimatutakoan; beraz, hezitzaileon esku hartze bitarra ia ez da nabaritzen eta ez da zalantzan jartzen. Beste ume batzuk, baina, ez dira ondo egokitzen, eta besteak bihurtzeko arriskua pairatuko dute. Generoaren poliziak ez dira faltako, bidetik atera dena zakarki seinalatzeko.

Bi alderdi adigarri

Bat. Alan ezagutu duten heldu batzuk lasai egongo dira: ┬źNi ez naiz homofoboa ez transfoboa, nik ez diet hori transmititu hazten ari naizen umeei, ez daukat erantzukizunik┬╗. Nahikoa izango da ez egite hori? Eman diezaiogun buelta ideiari: homofoboa eta transfoboa den gizarte batean, zer egiten dut nik hori iraultzeko, ze lanketa egiten dut umeekin propio jende guztiarekin jarrera positiboak izan ditzaten? Eta ez naiz ari umeei diskurtso hanpatuak botatzeaz. Adibide grafiko bat jarriko dut. Posible da umeak eskolan hamar urte pasatzea eta ipuin bakar bat ez topatzea non genero bereko bikote bat agertzen den. Harrigarria, ezta? Bada, ez; esango nuke hori dela ume gehienen esperientzia gure gizartean.

Umeak ez du ipuin homofoborik irakurri, ados, baina homofobiak zipriztindutako gizarte batean hori ez da nahikoa jarrera homofoboak ez garatzeko. Familian antzera gertatzen bada, eta ikusten uzten diogun marrazki bizidunetan eta filmetan ere bai, nora zuzentzen ari gara umea hezitzaileok?

Bi. Gure txikien ongizateak kezka handia sortzen digu. Egia izango da zailago egiten zaigula haiek beste ume batzuk gaizki tratatu ahal dituztela imajinatzea? Egia izango da agian hori ez zaigula horren kezkagarria iruditzen? Denbora gehiago inbertitzen dugula alabari azaltzen zein arriskutsua den gauez bakarrik kaletik ibiltzea eta zein neurri har ditzakeen, semearekin neskak molestatzea eta gaizki tratatzea ez dela onargarria lantzen baino? Ahalegin gehiago egiten dugula semeak goiza zer moduz pasatu duen galdetzen eskolara azazkalak margotuta joan ondoren, alabak bere ikasgelan dagoen neska marjinatu batekin zein harreman daukan ikertzen baino?

Azkeneko galderak: nolakoa da gure eskola, leku segurua ume guztientzat, berdin haien ezaugarriak zeintzuk diren? Gure familia ere leku segurua ote da? Eta galdera nagusiena, noski: zer egiten ari gara gu ingurune seguru horiek eraikitzeko?

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak