Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua «Bi aldeetako baten porrota heldu arte, gerra egongo da Donbassen»

Publizitatea

Mundua

Ukraina ekialdeko gatazka. Urtebete gerran (IV). Alexei Markov 'Dobri'. Prizrak brigadako komandantea

«Bi aldeetako baten porrota heldu arte, gerra egongo da Donbassen»

Markovek uste du Minskeko akordioek ez dutela ezertarako balio izan. Su-etenak gorabehera, gerra betea piztuko dela dio. Miliziek Errusiaren laguntza jaso arren Moskun ukrainar oligarkiarekin bat egiten duen elite bat ere badagoela salatu du.
Argazkia: MIKEL ARREGI

2015-04-11 / Ibai Trebiño

Azken egunotan, nabarmen gora egin dute istilu militarrek Ukraina ekialdean. Alexei Markov Dobri komandanteak uste du guda betea hasiko dela Minsken adostutako su-etena behin eta berriz urratu ostean. Prizrak brigadan, Novorossian dagoen indar militarrik garrantzitsuenean, Errusiatik etorritako komunistak batzen dituen 404. unitateko komisario politiko eta komandantea da Markov. Minskeko su-etenaz, gudaz eta politikaz aritzeko, Prizrak brigadaren kuartel nagusiko bulegoan hartu du BERRIA.

Minsk II-ko akordioak bertan behera geratzeko arriskuan daude azken asteotan izandako borroken ostean. Zer gertatu behar da indarrean dagoen su-etenarekin?

Astelehen eta asteartean, indar ukrainarrak gure posizioen kontrako bonbardaketa aktiboekin hasi ziren. Guk, orain, erantzuna emango diegu. Minskeko bi akordioek ez dute ezertarako balio izan. Ukrainan faxistak gobernuan daude, eta ezinezkoa da haiekin akordio egonkor bat lortzea. Ez dute beste pentsamolde edo nazionalitateekin bizitzerik nahi, eta, beraz, alferrik da haiekin hitz egitea. Irailean, lehenengo su-etena sinatu zenean, beren indarrak batu eta berrantolatzeko beharra zuten. Garaituak izateko beldurra zuten. Nik eta beste komandante batzuk ez dugu ulertzen nola eman genien horrelako aukera.

Denbora honetan beren armada gerrarako puntuan jarri dute. Tankeak konpondu eta tropak entrenatzeko denbora irabazi dute, eta beren artilleriak askoz hobeto lan egiten du orain. Iazko udan baino armada hobea eta eraginkorragoa du, askogatik, Ukrainak orain, eta hemendik aurrera egon litekeen edozein su-eten, miliziekiko abantaila hartzeko aprobetxatuko dute ukrainarrek.

Etorkizun hurbilean gerra etorriko dela uste dut. Su-eten eta geldialdiak egongo dira, baina bi aldeetako baten porrota heldu arte, gerra egongo da Donbassen. Guda guk irabaziko dugun esperantza dut, Kieven den junta erori egingo delako. Modu horretan, ukrainar herriak bere buruarekin eta inguruko estatuekin bakean bizitzeko aukera izango du.

Donbassetik kanpo, nola ikusten duzu Ukrainak gaur egun duen egoera politikoa?

Uste dut junta bota dezakeela gerra fronteko bi aldeetan dagoen herriak. Ukrainan, baina, sistema errepresibo boteretsua dago, eta horrekin ez dut esan nahi manifestazioak modu indartsuan sakabanatzen direna soilik. Hortik haratago, jendea inpunitatez desagertzen dabil Ukrainan, edozein diktadura militar faxistatan gertatzen den modu berean. Hor dago, esaterako, Ruslan Kotsaba kazetariaren kasua. Bere garaian Maidan mugimenduko ekintzaile zenari hamabost urteko kartzela zigorra ezarri diote, bere herrikideei soldaduskara ez joateko deia egiteagatik. Akusazioan, froga gisa, telebistan gerraren kontrako deiak egitea eta errusiar kateei elkarrizketak eskaini izana aurkeztu zituen gobernuak.

Zer iritzi duzu zure ardurapeko 404. unitatea Luhanskeko armada osatzera pasatzeaz?

Urtebete daramagu armaden bateratzea itxaroten. Positiboa izango litzatekeela uste dudan arren, aldi berean horretarako asko falta dela iruditzen zait. Bi errepublikak bateratzeko eztabaidak besterik ez dago orain, ez da plan zehatzik finkatu oraindik. Komandante askok etsipen handiz ikusten dugu Errusiar udaberria izan eta urtebetera, oraindik Novorossiako estatua osatzeko asko falta izatea. Luhansk eta Donetskeko departamentuak baino ez ditugu orain, eta botereko besaulkietan duela bi urte zeuden pertsona berek jarraitzen dute. Horrek ez du esan nahi besoak jaitsi behar ditugunik. Aitzitik, hemendik aurrera indartsuago lan egin beharko dugu gure helburuen alde.

Novorossiako estatua sortzeko prozesua, beraz, luzea izango dela aurreikusten duzu?

Prizrak brigadaren barruan indar nazionalista, monarkiko eta komunistek bat egiten dugu. Guztiok ados gaude herri boterearen beharra azpimarratzean. Oligarkia botere politikotik aldenduta egon behar dela uste dugu, Ukrainan —eta, zoritxarrez, baita Errusian ere— gertatzen denaz bestera. Zuek ulertuko duzuen moduan, ezinezkoa litzateke miliziek irautea Errusiaren laguntza, militarra barne, izango ez balitz. Errusian, baina, Donbasseko herriaren gainetik ukrainar oligarkiarekin bat egiten duen elite bat ere badago.

Zein irtenbide du, beraz, Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken bateratzeak?

Udan, herriak aukeratutako gobernu bat genuen; baina, orain, lehengo funtzionarioak eta Kremlinetik bidalitakoak daude agintean. Ni ez noa hori ondo edo gaizki dagoen esatera, errealitatea besterik ez da. Uda arte gertatu moduan, komunistok —edo gure inguruko jendea— herri boterearen banderaren azpian agintean bagina, benetako herri iraultza egiteko aukeraren bat izango genuke. Zoritxarrez, hemen, Errusian eta munduko gainontzeko lekuetan gertatu bezalaxe, alderdi komunistak parlamentuko alderdi bihurtu dira. Azkar eta eraginkortasunez aldaketa soziala gauzatzeko suerta daitezkeen aukerei muzin egiten diete orain.

Ni pertsona bakezalea naiz; sekula ez nukeen esango armak hartuko nituenik; baina momentua helduta, zure herria defendatzeko edo borrokan egiteko armak hartzeko prest ez bazaude, ezin diezaiokezu zeure buruari komunista deitu.

Europako ezker mugimendu batzuek bat egin zuten Maidan plazako mobilizazioekin. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Hasieran, ezkerrak Maidan babestu izana ulergarria iruditzen zait; hasierako leloak oligarkiaren kontrakoak ziren. Baina berehala, nazionalistek lehenik eta faxistek gero, aurrea hartu zuten mobilizazioetan. Iazko protestak hasi orduko, baina, aldarrikapenak ez ziren oligarkiaren kontrakoak. Boterea lehenbailehen aldatzea nahi zuten, indar faxista eta nazionalistek parlamentuan indarra har zezaten. 1930eko urteetan, Alemanian, Alderdi Nazionalsozialistako naziek ere zin egin zuten agintea herriari emateko hartuko zutela boterea, eta ez Alemaniako eta oligarka talde baten artean banatzeko. Maidan gertatu eta urtebetera, gobernuan oligarkak daude, ukrainarren bizi-mailak okerrera egin du, armadan etengabeko galerak daude… eta guztia Ukraina goraipatzen duen sentimendu chauvinista eta errusiafoboarekin estaltzen dute.

Debaltsevo hiriaren hartzea guda honetako ikur bihurtu da. Prizrak brigadak, zure ardurapean dagoen unitatea buru zela, gauzatu zuen operazioa. Nolakoa izan zen Debaltsevoko guda?

Han gertatutakoa ez zen komunikabideek saldu zuten bezain polita izan. Hemengo komunikabideek eman zuten irudia ez zen guk barrutik ikusi genuena izan. Askok arrakasta moduan ikusi zuten Debaltsevon izan genuen garaipena, baina milizien barruan ez dugu horren balorazio positiboa egin.

Han izan zenituzten hildakoengatik diozu hori?

Hartzeko oso gune estrategiko zaila da Debaltsevo. Bigarren Mundu Gerran ere asko kostatu zitzaion Armada Gorriari berau berreskuratzea, eta guk ere zailtasun asko izan genituen otsailean. Ukrainarrek gunea oso indartua zuten. Gizon eta makineria ugari zituzten han. Artilleria aldetik, tanke eta pisu handiko makinak zituzten; eta, soldadu kopuruan ere, gu baino gehiago ziren. Hori jakinik, dena ematera joan ginen Debaltsevora.

Operazio hori prestatzeko denbora gehiago izan bagenu, baina, saihestu ahal izango genituzkeen izan genituen hildako asko. Beraz, gurean hildako asko jasan izana ez zen ukrainarren nagusitasunaren ondorio bakarrik izan, akatsak egin baikenituen Debaltsevoko operazioa planteatzerakoan. Ez dut xehetasun gehiago emango, kontu horiek komandanteon artean geratzen direlako, baina, egia esan, ukrainarrek jipoituko gintuztela uste genuen. Gerora, kontrakoa gertatu zen azkenean.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak