*/?> Erretiroa aukera bat da | Berria.eus */?> */?> */?> */?> */?> */?>

Berria.eus

Bizigiro Erretiroa aukera bat da

Publizitatea

Bizigiro

Erretiroa aukera bat da

Erretiratu ondoren, bigarren gaztaroa dute hainbatek. Denetarik egiten dute beren aisialdian: besteak beste, 'clown' ikastaroa egiten dute Donostian, eta dantza eta marrazki eskolak Iruñean. Umorea ezinbestekoa zaie.
Begiak ongi zorroztu, zurdakia hartu, eta artelan ederrak egiten dituzte Iruñeko Aldapa kalean, asteartetan eta ostegunetan.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ez dago grisik. Dena da urdina, berdea edo laranja. Eta, nola ez, hor dago sudur gorria. Lau pareten artean, hori da arma bakarra. Hura soinean, aske da bakoitza nahi duena egiteko. Ez dago inolako filtrorik. Norbera eta bere burua parez pare jarri dira, batak bestea harritu dezan. Arrazoiak ez du hemen lekurik. Bakoitza den modukoa da, inolako konplexurik gabe. Bateragarriak baitira adina eta umorea. Erretiratu ostean, ez dute etxean gelditzeko inolako asmorik hainbatek. Horregatik, clown ikastaroan parte hartzera animatu da talde bat Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean.

Maria Lourenso gelako atea zeharkatu orduko eraldatu da: txapel bat eta sudurra jantzi ditu, eta, keinu horrekin bat, «dibertitzea» bilakatu da haren helburu bakarra. 66 urte ditu, eta hirugarren urtez jarraian eman du izena ikastaroan. «Bizitzan oso formala izan behar duzu, baina hemen nahi duzun umekeria guztiak egin ditzakezu». Erretiratuta dago, eta, bizitza guztia lanean pasatu ostean, orain nahi duena egiteko aukera du: «Orain obligaziorik gabe bizi naiz. Kezka gutxi ditut: ordenagailuaren pasahitza gogoratzea eta horrelako gauzak».

Gatza eta piperra arazoei

Nagore Vazquez hondarribiarra da ikastaroaren dinamizatzailea. Erizaintza ikasi zuen, eta lanean ari zela gauza bat esaten zion behin eta berriro bere buruari: «Ze jende tristea dagoen mundu honetan!». Psikologia ikasi zuen orduan, eta umorearen zentzua lantzen hasi zen. Jango Edwards pailazoarekin egindako ikastaro batek «bizitza aldatu» zion: «Nire emozioak onartzen lagundu zidan, eta horrekin lasaiago bizitzen ikasi nuen». Clown-aren filosofia, mundua ikusteko beste modu bat da, finean. «Gatza eta piperra sartzen diegu arazo guztiei». Horrek ez du esan nahi bizitzan dena poza denik. Emozio guztiak dira onargarriak: «Triste baldin bazaude, etor zaitez triste, eta landuko dugu hori».

Adinekoek, lanarengatik edo heziketagatik, sarritan, oso markatutako rolak dituzte, eta saioetara joatean harritu egiten dira: «Posible da hau egitea?». Kontrapuntua bilatzea da gakoa. Ohiko bizitzarekin apurtzea. Oso sarjentua dena erabat axolagabea izan daiteke, eta oso sentibera dena, guztiz kontrakoa. «Nik konplexua baldin badaukat ipurdi handia dudalako, galtza estu-estuak jantziko ditut, eta nire puntu fuertea izango da».

Burua atetik kanpo utzi behar da saioetan libre aritzeko. «Arrazoiak ez du balio clown-ean; dena bihotza da». Vazquezek erronka txiki bat proposatzen du saio bakoitzean. Eta clown-ean ezin da ezetz esan. «Nik esaten badizut munduko sabel dantzari onena zarela, zuk baietz esan behar didazu, eta ahal duzun moduan moldatuko zara». Haren arabera, helburua ez da inprobisazio onak egitea, besteekin modu ezberdin batean komunikatzea eta emozioak kudeatzea baizik.

Zerbait «oso ezberdina» den heinean, normal deritzo partaideei zalantzak sortzeari. «Gorputzarekin eta emozioekin lan egiten dugu, eta barrenean gauzak mugitzen dira. Pertsona guztiak ez daude horretarako prest. Eskubidea daukagu erabakitzeko nola bizi nahi dugun». Argi du emozioak lantzea ez dela erraza, baina uste du heziketak horretan arretarik jarri ez duelako gertatzen dela hori.

«Jolastu gaitezen»

Jende helduak lau aukera dituen kontzeptua du gizarteak, Vazquezen arabera: bingoa, paseatzea, dantza egitea eta baratza. Horiek ondo daudela uste du, baina beste gauza batzuk probatzea ere bai. «Beraiek eskatzen dute». Ohiko mundutik deskonektatzea da saio horien gakoa. «Geure buru barneko garbigailu zentrifugatzaileari bolumena jaisten diogu, eta jolastu gaitezen».

Geldirik ez egotea da arau bakarra Iruñeko Arrotxapeko Jus La Rochan. Bikotea gerritik heldu, musika jarri, eta listo: hiru pauso aurrera, hiru atzera, burua beso azpitik pasatu, eta berriz hasierara. Saltsaren erritmoa odolean daramate Gabi Garces irakaslearen aginduetara dantzatzen direnek. Gure Lan Berri elkarteak hemezortzi urte daramatza Iruñean erretiratuendako jarduera eta ikastaroak antolatzen: zizelatzea, gimnasia, yoga, liburuak moldatzea, jostea, marrazketa... Dantzaren txanda da ostiraletan.

«Ordu eta erdian guztiaz ahazteko balio dit honek. Hemen sartu, eta arazoak desagertzen dira». Horixe da Maria Luisa Garciarentzat dantza eskola. «Hemen ez dago erretiratutakorik; gazte sentitzen gara, eta gazteak gara», ezin irmoago eta irribarretsu egin ditu hitzok.

Ongi pasatzea helburuetako bat den arren, kolesterolagatik hasi zen Margarita Sueskun dantzatzen, duela zortzi urte inguru. «Paseatzera joan baino nahiago dut hona etorri, kirola egin, eta disfrutatu». Gorputza egoki mugitzeko eta koreografiak txukun egiteko, burua lantzea ere ezinbestekoa dela ohartarazi du.

Dantza baino askoz gehiago egiten dute. «Niretzat terapia zoragarria da», esan du behin eta berriz Tere Capapayk. Gelatxo hartatik irtendakoan beste pertsona bat dela ziurtatu du. Ondotik irribarretsu hurbildu zaio Josepi Okariz, gelako beteranoena: «Irri asko egiten dugu hemen. Gazteago sentitzen naiz; animoa eta bizipoza ematen dizkit dantzak». Osasunean ere eragiten duela uste du: «Hona etortzen garenok medikuarenera gutxiagotan joateko beharra dugu. Pozak guztia sendatzen du».

Orduantxe jarri du musika irakasleak. Hiru ilaratan jarri, eta beroketak egiten hasi dira. «Gabik gogor egiten digu, baina maitagarria da», ahopeka aitortu du Maria Esther Berrok. Elkar zirikatu, nork bere buruaz barre egin, eta disfrutatu. Behin eta berriz.

Bikoteka ere ederki moldatzen dira dantzariak. Oharkabean parekoaren oina zapalduta ere, adarra jotzeko aitzakia bat baino ez da izango. «Gazte askok baino martxa handiagoa daukagu», bota du Javier Sanzek. Gizon gutxi biltzen dira Garcesen ikastarora, baina joaten direnak ez dira damutzen. Adin guztietako jendea dago, baina denek bat egiten dute kontu batean: lau pareta horien artean adinak ez du batere inporta; nor bere buruarekin ongi sentitzea da garrantzitsuena.

Artista berriak nonahi

Iruñeko Alde Zaharreko Aldapa kalean ez dute gorputz osoa astintzen, baina hatzak xehetasunez mugitzen ikasten dute. Askotariko koadroak egiten ikasten dute asteartetan eta ostegunetan: paisaiak, eraikin arkitektonikoak, marrazkiak... Izan ere, marrazten ikasteko ere ez dago adinik, eta askok bizitza osoan egiterik izan ez dutena egiteko aprobetxatzen dute erretiroa hartuta.

Javier Salazarrek arte eta lanbideen eskolan ikasi zuen, eta urte saila darama jendeari eskolak ematen. Egun, 73 urte ditu, baina bere zaletasuna ez da aldatu. Areago, interesa duten guztiei dakiena helarazten saiatzen da. Era horretan, Aldapara joateak zirrara berezia eragiten diola aitortu du: «Astean bitan hona marraztera etortzea bizitza arinagoa egiteko modu bat da; denbora-pasa gozagarri bat».

Ikasleak artista finak direla esan du. Lokalean sartu besterik ez dago hori baieztatzeko. Koloreak gailentzen dira txoko hartan, eta benetako artelanak daude egurrezko astoetan. Ikasturtearen bukaeran, erakusketa bat egiten dute Jus La Rochan. Marino Arrublaren obrak dira horietako zenbait. Beti egon da pintura artean, etxe-margotzailea izan baita. Orain, zurdaki fina hartu, eta Salazar irakasleak irakatsitakoa zorrozki betetzen du: «Asko ikasi dut hemen, eta uste baino gehiago eman dit marrazketak». Horrez gain, lagunartean edozertaz hitz egiten dute: politikaz, erretiratuen egoeraz... «Batzuetan, elkarrekin denbora pasatzeko erabiltzen dugu tarte hau, besterik gabe». Azken finean, argi dago erretiroa aukera bat baino ez dela.

Publizitatea

Sortu kontua
Ihintza Elustondo /, Maialen Belarra

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak