Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Berriz joan beharko dute deklaratzera

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma. Deklarazioak Madrilen

Berriz joan beharko dute deklaratzera

Fiskaltzak beste zitazio bat eskatu du Trapero, Laplana, Cuixart eta Sanchezentzat. Datorren hitzorduan kautela neurriak har ditzakete
Josep Lluis Trapero mossoen burua, atzo, Madrilen.
Josep Lluis Trapero mossoen burua, atzo, Madrilen. VICTOR LERENA / EFE
Lehen hitzordua izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, joan den irailaren 20ko atxiloketen harira gertatutakoak direla eta, baina ez da bakarra izango, urriaren 1ekoak ikerketara gehitzea erabaki baitute: Josep Lluis Trapero mossoen burua, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoa atzo joan ziren deklaratzera Madrilera —Teresa Laplana intendenteak bideo konferentziaz deklaratu zuen arrazoi medikuak tarteko—, baina atzo bertan Guardia Zibilak ikerketari txosten bat gehitu zion, lau ikertuei leporatzen dieten sedizio delitua indartzeko balio dezakeelakoan. Ez dute baztertu hitzordu berrian kautela neurriak hartzea. Atzokoan ez zuten haien kontra halako neurririk hartu.

Guardia Zibilaren arabera, «garrantzitsua izango da [txosten berria] lau ikertuen inputazioaren benetako dimentsioa erabakitzeko». Atzora arte irailaren 20an eta 21ean gertatutakoen harira lau ikertuek izan zuten jarrera zegoen auzitan, baina atzotik urriaren 1era bitartean izandakoa aztertuko dute. Espainiako Ministerio Publikoak hala eskatuta, Carmen Lamela epaileak berriz deituko ditu deklaratzera, dokumentazio berria digitalizatu eta aldeek aztertu ondoren. Ikertuek ez dute espero urriaren 16a baino lehenago izatea, baina ez dago ziurtasunez baieztatzerik.

Txosten berriak, gainera, lau ikertuak ez ezik, inputaturik ez dauden beste hainbat pertsona ere aipatzen ditu, eta magistratuak erabaki beharko du jende gehiago deklaratzera deitzeko moduko informazioa dagoen. 300 orrialde dauzka txostenak, eta audioz eta bideoz osatua dago informazioa.

Atzoko deklarazioak

Espainiako Fiskaltzak Carmen Lamelari atzo bertan eskatu zion deklarazioak bertan behera uzteko, froga berri horiek ikertu bitartean, baina Josep Lluis Trapero mossoen buruak deklaratu nahi izan zuen Guardia Zibilak leporatzen diona ukatzeko. Polizien arabera, mossoei sei aldiz eskatu zieten beren laguntza irailaren 20 eta 21eko gertakizunetan, baina mossoek komunikatu baten bidez azaldu dute guardia zibilek ez zutela nahikoa denboraz eman atxiloketak egingo zituztelako abixua. Are gehiago, operazioaren berri komunikabideen bidez jakin zuten.

Mossoen jokaera «ezberdina» dela defendatu du Traperok, beste segurtasun indar batzuekin konparatuz gero, eta irailaren 20an ere berdin ekin zioten, «arrazoi eta parte hartu zuten kolektiboak zein izan ziren kontuan hartu gabe», Espainiako poliziek ez bezala: Guardia Zibila Generalitatearen Rambletako Ekonomia egoitzetara joan zen miaketak egitera, eta hamabi pertsona atxilotu zituzten, erreferenduma antolatzeko «lehen lerrokoak denak», polizien arabera. Berehala atera ziren milaka eta milaka lagun kalera, eta hantxe egon ziren poliziak irten arte. Mossoek hesi bat egin zuten guardia zibilak atera zitezen, baina egun hartaz nabarmendu dena da nola guardia zibilen autoak erreferendumeko paperez eta krabelinez josi zituzten. Horrez gainera, «mossoek ez zuten ordena jarri», Traperori leporatzen diotenez.

Egun hartan Jordi Cuixartek eta Jordi Sanchezek egindako adierazpenen ondorioz daude ere auzi horretan. Cuixartek «etengabeko mobilizaziora» deitu zuen egun hartan, eta Sanchezek jendeari eskatu zion ez zedila inor etxera joan: «Gau luze eta intentsoa izango da», baina biek ala biek mobilizazio baketsua izan zedila eskatu zuten.

Cuixartek deklaratzeari uko egin zion atzo auzitegi horren eskuduntzak onartzen ez dituelako, eta beste behin Madril auzitegiak erabiliz konpontzen saiatu delako politikoa den auzia. Sanchezek, berriz, bere defentsak egindako galderei erantzun zien, eta argi utzi nahi izan du mobilizazioa baketsua eta zibikoa izan zela.

Atzo ikuskizun izan zen Auzitegi Nazionala. Kanpoaldean Traperori «traidore» eta «kabroi» oihukatu zioten ehunka lagunek, eta haiengandik urrun geratu behar izan zuten, berriz, ERC, PEDECat, En Comu Podem, EAJ eta Bilduko diputatuek, poliziek «segurtasunarengatik» urrundu urrundu baitzituzten. Kexu agertu ziren diputatuak.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak