Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Aita Mariren oinordekoak

Publizitatea

Mundua

Aita Mariren oinordekoak

Mediterraneo itsasoaren handitasunean galdu eta ikusezin bihurtzen diren migratzaileak aurkitzeko eta babesteko proiektu bat abiatu dute gobernuz kanpoko hiru erakundek, tartean Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitarioa.
<em>Lifeline</em> ontzia. Esplorazio zientifikorako ontzia zen, baina salbamendurako egokitu dute.
Argazkia: GABRIEL TIZON

2017-10-11 / Dani Codina

Europa hesiz, zainketa dorretxoz, sentsorez eta txarrantxaz estalia Ceutan eta Melillan; Libiako kostazainen patruila entrenatuak Europan barrena; eta, mahai gainean, migrazio ituna Turkiarekin. Oztopo fisikoak dira, baina baita itsas oztopoak ere, ikusezinak. Eta, jakina, oztopo diplomatikoak. Europako Batasunak eragotzi egin nahi du errefuxiatuek eta migratzaileek Mediterraneo itsasoa gurutzatzea. 2017an, ia 130.000 pertsonak lortu dute.

Kopuru horren gainean datza arrakastarik izan ez dutenena eta ahaleginean hil direnena. Aurten, oraingoz, 2.549 dira. Kopuru hori handitu ez dadin, gobernuz kanpoko hiru erakunde batu dira salbamendu ontzi bat prestatzeko eta Mediterraneoaren erdigunean laguntzeko. Maydayterraneo-Proyecto Aita Mari Zubia izena jarri diote misioari. Izenak erakusten du izana: alde batetik, alarma seinale bat; bestetik, Aita Mari arrantzale zumaiarrari egindako omenaldia, urte askoan arrantzaleak bizirik atera zituelako ekaitzetatik.

Eskifaia irailaren 20an itsasoratu zen, Valletako kaitik, lehen misioan, Libiaren pareko nazioarteko uretarantz. Iragan ostegunean abiatu zuten bigarren misioa, eta igandera arte iraungo du. Eskifaiako kideek esplorazio zientifikorako erabilitako itsasontzi bat salbamendu itsasontzi bihurtu zuten. 32 metro luze eta 7 metro zabal da.

Orain, Afrikara begira du branka. Ahalik eta gehien gerturatzen saiatzen dira. «Libiako kostazainek eskatzen digute herrialdetik 30 itsas miliara egoteko, nahiz eta haien lurralde subiranotasuna hamabi itsas miliaraino bakarrik iristen den. Hori dela eta, jende gehiago iritsiko da gugana hipotermiak jota eta deshidratatuta», azaldu du Jose Antonio Reinak, salbamendu misioko kideetako batek.

Maydayterraneo proiektuaren asmoa da ur horietan geratzea hurrengo hiru hilabeteetan. Aurtengo udazken-neguetan bost aldiz joango dira Libiako kostaldera. Kaitik irteten diren aldi oro, eskifaiako hemezortzi boluntarioak hamar-hambabost egunez egongo dira itsaso zabalean. «Datorren urtean itzuliko gara, baina misioen kopurua Europako gizartearen dohaintzen araberakoa izango da», azaldu du Iñigo Gutierrez eskifaiko kideak. Izan ere, proiektua, ia oso-osorik, ekarpen anonimoen eta pribatuen bidez finantzatu dute. Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait udalerrik ere lagundu diete. Urte honetan Maydayterraneok ia 250.000 euro bildu ditu salbamendua eskaintzeko.

Hiru talde

Helburu handinahi hori betetzeko, boluntarioen hiru talde bildu zituzten, hirurak ere Greziako migrazio krisian eskarmentudunak: Euskal Herriko SMH (Itsas Salbamendu Humanitarioa), Espainiako ProemAid eta Alemaniako Mission Lifeline.

Andaluziako ProemAidek Lesbos hegoaldean zabaldu zituen belak, 2015eko abenduaren hasiera aldean. Handik hilabetera, taldeko hiru boluntario atxilotu zituzten Greziako kostaldeko kostazainek, eta epaile baten aurrera eraman, pertsonekin trafikatzea egotzita. Haiek beti esan dute errugabeak direla, eta sekula ez zirela sartu Turkiaren eremuko itsas uretan.

Bestalde, SMH garai bertsuan iritsi zen Greziako Kios uhartera. Beren txaluparekin hainbat salbamendutan parte hartu zuten, harik eta iazko udan Greziako kostazainek nabigatzea debekatu zieten arte. Ordurako indarrean zegoen Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko ituna, eta Frontexen presentziak —Europako mugaldeko guardiak— erabat murriztu zituen uharteetako lehorreratzeak.

«Libiako ibilbidea bakarrik zegoen zabalik, eta gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari zen», azaldu du Gutierrezek. «Horregatik erabaki genuen beste salbamendu itsasontzi batekin lagundu behar zela». Mediterraneo erdigunean gertatzen dira heriotzen %93, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datuen arabera. Eta, beren datuetan azaltzen duten moduan, aurkitzen dituzten pertsonen gorpuak bakarrik zenbatzen dituzte.

Itsaso horretako hondamendiak izugarri ugaritu ziren Italiak bere itsas-salbamendu misioa erretiratu zuenean. Mare Nostrum izena jarri zioten, eta ia urtebetez aritu zen, 2014ko azaroan kendu arte.

Haren ordez, Frontexek itsasontzi militarrak bidali zituen, helburu bakar batekin: pertsonen trafikatzaileak harrapatzea. Jarrera aldaketa haren ondoriorik larrienak hurrengo urteko apirilean gertatu ziren: bi hondoratze, 1.200 pertsona hil ziren itota.

GKEen kontrako presioa

Gobernuz kanpoko zenbait erakunderen salbamendu itsasontziek beren eskifaia propioekin erantzun zioten krisi horri. Gaur egun, ordea, erakunde horietako hiru joan egin dira Mediterraneo erdigunetik (Save the Children, MSF Mugarik Gabeko Medikuak, eta Moas), bai Italiak itsasontzietan ezarri nahi dituen baldintzengatik, bai Libiako kostazainen jarrera bortitzagatik.

Italiako Gobernuak lan eraginkorra egiteko mugak jarri nahi dizkie salbamendu itsasontziei. Eskaera polemikoenen artean dago itsasaldi bakoitzean polizia armatu bat eraman beharra. Era berean, salbamendu baten ondoren, itsasontziek Italiako kai batean lehorreratu behar dituzte erreskatatutako pertsonak. Orain arte, itsasontzi txikienek itsasontzi handiagoetara eramaten zituzten migratzaileak, gero denborarik galdu gabe lanean jarraitu ahal izateko.

«Ez gaude ados gure itsasontzian gizon armatu bat eraman behar izatearekin; tentsio elementu bat da. Datozela, baina pistolarik gabe», azaldu du Gutierrezek. «Gardenak gara, gure diru sarrerak froga ditzakegu, baita itsas zabaleko salbamendu protokoloa errespetatzen ari garela ere», erantsi du Reinak.

Kode berri horrekin zergatik ez datozen bat azaldu dute Maydayterraneo proiektuko ordezkariek, baina gobernuaren errepresalien beldur dira. «Baliteke salbatutako migratzaileekin Italiara iristea eta han itsasontzia konfiskatzea». Hala gertatu zitzaion Alemaniako Jugen Rettet GKEaren Iuventia itsasontziari. Italiako segurtasun indarrek konfiskatu egin zuten abuztuan. Irailaren 12an izan zuten lehen auzia, Siziliako epaitegi batean. Pertsonekin trafikatzea egozten diete. «Orain, sekula baino beharrezkoagoak gara», kontatu du Reinak; «halako politikekin, itsas zabalean abandonatuta geratzen diren pertsonek galtzen dute».

Maydayterraneo proiektuko kideek lehen misioan bertan entzun zituzten Libiako itsas armadaren tiroak. Iraganeko mamuak gogorarazi zizkien, eta bihozkada bat eragin. Irailaren 21ean, boluntarioz osatutako taldea Maltako erreskate uretara abiatu zen, Libiako kostaren aurrera. Abiatu eta bost egunera, egurrezko ontzi bat aurkitu zuten noraezean, barruan 50 pertsona zituela. Lagundu egin zieten, eta Lifeline izeneko euren ontzian sartu zituzten.

Tiroak Mediterraneoan

Bi ontzi berri agertu ziren orduan radarrean. 300 migratzaile baino gehiago zeuden itsas milia gutxi batzuetan. Eguneko bigarren ontzia erreskatatuta, eskifaia banatu egin zuten, beste ontzi baten bila joateko. Erreskate taldeak 200 lagunetik gora topatu zituen, husten ari zen ontzi puzgarri batean.

Ez ziren bakarrak. Libiako kostazain bat ere agertu zen inguruan, eta Lifeline ontzira gerturatu. Ofizialak garrasika hasi ziren. «Haien herrialdeko uretan geundela zioten, eta erreskatatutako pertsonak entregatu behar genizkiela», azaldu du Iñigo Mijangos boluntarioak. Lifeline-ko kapitainak uko egin zionean, bi marinel libiarrek GKEaren ontzia abordatu zuten. Kostatik hemeretzi itsas miliara zeuden, Libiaren hamabi itsas milietatik urrun. Horregatik, boluntarioek eztabaida sutsua izan zuten kostazaineko marinelekin. Boluntarioek, Grezian eskarmentua duten hiru GKEtako kideek, bazekiten ez zituztela arauak urratu. Beren lana babestu zuten. Nabarmendu zieten nazioarteko uretan zeudela eta Lifeline-ko kapitainak ez ziela baimenik eman ontziratzeko.

Bitartean, egurrezko ontzitik erreskatatutako 50 migratzaileak ontziaren barruan zeuden, atseden hartzen. «Libia hitza entzuten zuten bakoitzean, beldurra ikusten zitzaien aurpegian», Mijangosen esanetan.

Kostazaineko militar batek tiro egin zuen airera. Lifeline-ko eskifaiak ikusi zuen marinel bat eurei mehatxatzen, ontziaren gaineko metrailadore astun batekin.

GKEaren ontzian zeuden ofizialek amore eman zuten, eta kostazainera itzuli ziren. Ihes egin zuten. Ontziaren segurtasun kamerek eta boluntarioenek dena grabatu zuten. Ez zen ordu laurden baino gehiagoko jazarpena izan, baina, iraun zuen bitartean, husten ari zen 200 pertsona baino gehiago zeramatzan itsasontzi puzgarria. Kapitainak haiei begira jarri zuen branka, eta harremanetan jarri zen erreskate taldearekin. Jada banatuak zituzten salbamendu jakak. Lehen ontzia erreskatatu zutenetik hamabi ordu baino gehiago igaro eta gero, amaitu zuten operazioa. 300 migratzaile inguru zeuden pilatuta Lifeline ontzian. Ordu batzuk geroago, ontzi handiago batek jaso zituen, eta Siziliako portuan lehorreratu.

Ez da erreskaterako GKEek jasan duten lehen erasoa. Herrialde Katalanetako Proactiva Openarmsek ere entzun izan ditu airera eginiko tiroak, atzera eginarazteko asmoz. Erasoak eta mehatxuak oraindik ez dira urrunago iritsi. Arazo nagusia da segurtasun indarrek eurek egiten dituztela. Libiako kaosaren erdian jarduten dute, eta demokratikoki aukeratu ez diren agintariei men egiten diete: gerra jauntxoei, milizianoz osatutako taldeei...

Europako Batasunak Libiako herritarrak entrenatzen ditu, kostazain lanak egiteko, duela bi urtetik. 136 prestatu dituzte, zenbaki ofizialen arabera, eta 291 gehiago izango dira udazkenetik aurrera. Horietako batzuk Espainian trebatuko dituzte. Gainera, Italiak itsasoko zaintzarako lau ontzi eman dizkio Libiari, eta Europako Batasunak konpromisoa hartu du 46 milioi euroren diru laguntzak emateko.

Urte honetan migrazio ibilbide berriak zabaldu dira Itsaso Beltzean, eta hirukoiztu egin dira itsasartetiko iritsierak, 2016arekin alderatuta. Hala ere, ezer ezin da alderatu Mediterraneo erdigunearekin. «Hodi baten jarioa hatz batekin estaltzen ahalegintzea bezala da. Jendea itsasoa gurutzatzera ausartzen da, beren etxeak baino seguruagoa delako; berdin dio siriarrak, irakiarrak edo afrikaerditarrak diren».

Greziako uharteetatik Mediterraneo itsasoaren erdigunera, boluntarioen taldea itsas zabalerantz abiatu da, bere laguntza eskaintzera oraindik ere han jendea salbatzen ari diren GKE bakanei. Gaur egun sei dira. «Ez litzateke bidezkoa izango etxean geratzea eta ezer ez egitea. Toki jakin batean jaiotzeko zortea izan dugu, eta, horrez gainera, badaukagu beste pertsona batzuei laguntzeko moduko ezagutza», ondorioztatu du Reinak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak