*/?> Mahaiaren bueltan bueltaka | Berria.eus */?> */?> */?> */?> */?> */?>

Berria.eus

Politika Mahaiaren bueltan bueltaka

Publizitatea

Politika

Mahaiaren bueltan bueltaka

Duela hamasei urte sortu zen lehen aldiz Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruko batzorde bat. Ordutik, 1979ko estatutua erreformatu eta itun berri bat lortzen saiatu dira alderdiak. Alferrik. Erronka berbera dute legealdi honetarako. Gaur bilduko da berriro lantaldea.
2001ean sortu zen lehen aldiz autogobernuari buruzko batzorde bat legebiltzarrean. Beste bat sortu dute aurten.
Argazkia: BERRIA

2017-09-20 / Edurne Begiristain

Urte politiko berriarekin batera, gaur berriro hasiko da lanean Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea. Uda aurretik zintzilik geratu ziren bi agerraldirekin: Adela Asua Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidenteordearena bata, eta Yayo Herrero antropologo ekologistarena bestea. Bi horiek autogobernuari buruz dituzten ikuspuntuak entzunda, urtarrilean hasitako agerraldien fasea amaituko da. Hortik aurrera, estatus berri baterako oinarriak adosteari ekin beharko diete taldeek. Teorian, benetako lan politikoari heldu beharko diote orain, fase erabakigarrian murgilduko baita lantaldea. Helburua: urtea amaitu aurretik, estatus berri baterako oinarriak adostea, eta, legealdia amaitu baino lehen, egitasmo politiko berri bat onartzea.

Ez dute lan erraza izango. Ez bederen orain arte azaleratu dituzten desadostasunak ikusita. Luzerako lana izango dute taldeek testu egituratu bat adosteko, eta koska asko leundu beharko dituzte akordio bat lortzeko. Jadanik, karta guztiak mahai gainean jarriak dituzte. Nork bere proposamena aurkeztu du lantaldean —Elkarrekin Podemosek berea aurkeztuko du hil honetan—, baina zeregin zailena dute esku artean: ados jartzea.

Badute foroa, badituzte tresnak eta baita heldulekuak ere. Ostera, lortuko al dute? Aurretik gertatutakoak ikusita, ez dute erraza izango. Joan den legealdian etxeko lan dezente egin zituzten —taldeek proposatuta, 28 adituk agerraldia egin zuten, eta autogobernuaren inguruko proposamenak landu zituzten—, baina ez zuten lortu testu egituratu bat hitzartzea, denbora faltagatik, hein handi batean. Orain erdietsiko ote duten ikusteko dago.

Taldeek maiz esan dute Autogobernu Lantaldearen egitekoarekin eszeptikoak direla. Foro horrek bati baino gehiagori Marmotaren Eguna dakarkio gogora, lehenago ere ikusi, gauzatu eta porrot egin duen zerbait delako. Izan ere, aurretik saio ugari egin dira legebiltzarrean Gernikako Estatutua eguneratu eta hitzarmen berri bat lortzeko. Guztiek, neurri handi batean, porrot egin dute. Esparru juridiko politikoa eguneratu nahian, mahai baten inguruan bueltaka ibili dira urtetan legebiltzar taldeak. Alferrik. Lantaldearen lan egutegi eta erritmo motelak eta alderdien ikuspuntu kontrajarriek ez dute erraztu akordioa.

Estatutu politiko berria

Hamasei urte joan dira Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko batzorde bat martxan jarri zuenetik. 2001eko urriaren 25ean egin zuten estatutu berrirako lehendabiziko pausoa, 1979ko itunaren 22. urtemugan. Autogobernuari buruzko osoko bilkura monografikoa egin zuen orduan legebiltzarrak, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren ekimenez. EAJko, EAko eta EBko botoek ahalbidetuta, 1979ko estatutua osorik eta «premiaz» garatzeko, eta han aldaketak hitzartzeko lantalde bat sortzea onartu zuen parlamentuak. «Autogobernua sakondu» nahi zuen Jaurlaritzak.

Azaroaren 29an eratu zuten Autogobernuari buruzko Batzorde Berezia. Abenduan beste bilera bat izan zen, eta lantaldeak 2002an izan zuen jarduera nagusia, urtarriletik uztailera hamasei bilkura eginda; besteak beste, 56 adituren hitzaldiak entzun zituzten: Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta udaletako ordezkarienak, EHUko irakasleenak, enpresaburuenak, sindikalistenak...

Batzordeak osatutako txostena onartu zuten azkeneko batzarrean, gobernuko alderdien legebiltzarkideen botoekin. Akordio horretan, bi hilabeteko epea ematen zitzaion Madrilgo gobernuari transferitzeke zeuden eskumenak eskuz aldatzeko. Halaber, prozesu autonomikoa «agortuta eta blokeatuta» zegoela iritzita, beste hitzarmen bat egitea ezinbestekoa zela zioten.

Jaurlaritzak 2003ko urriaren 25ean onartu zuen estatutu politiko berriaren lege proiektua, eta legebiltzarraren esku utzi zuen egun hartan bertan. Lantalde berezi bat eratu zuten zeregin horretarako, eta urtebete pasan, adituen agerraldiak entzun ostean, taldeek lege proiektua eztabaidatu zuten. 2004ko abenduaren 30ean bozkatu zuten, baita onartu ere gehiengo osoz, EAJko, EAko eta EBko 36 botoez gain SAko beste hiru izan zirelako.

Ibarretxek estatutua berritzeko proiektuari ekin zionetik hiru urte eta bi hilabetera heldu zen une hura. Baina berehala bukatu zen bidea: lehendakaria 2005eko otsailaren 1ean Espainiako Kongresura joan zen egitasmoa defenditzera, eta kontrako 313 boto, aldeko 29 eta bi abstentzio izan ziren. Kongresuaren ezezkoa jasota, amaitu zen estatutu politiko berriaren ibilbidea, eta, noski, baita legebiltzarreko autogobernu batzordearen egitekoa ere.

Aurrerapausorik, apenas

2013ra arte ez zen berriro aurkeztu estatutua eguneratzeko proposamen formalik legebiltzarrean. 2012ko hauteskundeetan jaso zuten jeltzaleek euren programan EAEko estatus politiko berri bat lortu eta horri buruzko erreferenduma egiteko proposamena. Zehazki, 258. orrialdean zekarren estatutu berriari buruzko konpromisoa: «Hurrengo Jaurlaritzaren proposamenez, Eusko Legebiltzarrean ponentzia berria eratuko da autogobernuaren etorkizunari buruz [...] Ponentziak testu artikulatu bat egingo du, legebiltzarrari onartzeko bidaliko zaiona. Prozesuaren emaitza, 2015. urtean, jendeari aurkeztuko zaio, eta horri buruzko erreferenduma egingo da».

Hauteskundeak irabazi eta 2012ko abenduan hartu zuen Iñigo Urkulluk lehendakari kargua. Legealdirako gobernu programan ere jaso zuen EAEko estatus politiko berria egiteko konpromisoa, baina ez zuen aipatu 2015.urtea, ezta erreferendum batera deituko zuenik ere. Urte horretako politika orokorreko eztabaidan iragarri zuen estatus politiko berria alderdiekin hitzartu nahi zuela, eta legebiltzarraren esku utzi zuen testu berri bat hitzartzeko ardura.

Hilabete gutxian lortu zuten EAJk eta PSEk akordioa autogobernuaren inguruko lantaldea eratzeko. Autogobernuaren «garapena» eta «lorpenak» aztertzeko lantaldea sortzea adostu zuten bi taldeek otsailean. «Legezko arau eta prozedurak» errespetatuz, autogobernua «eguneratzea» ezarri zuten helburu gisara.

2014ko martxoaren amaieran abian jarri zen foro hori, eta, lan egutegia zehaztuta, alderdiek adituen agerraldiak eskatzea erabaki zuten. Maiatzean hasi ziren agerraldiak, eta urtebetean, guztira, 28 lagun pasatu ziren lantaldetik. Talde guztien eskariz egin ziren agerraldiak. Horietako asko, hamarkada bat lehenago autogobernu batzordetik igarotakoak izan ziren. 2002. urtean autogobernuari buruzko batzordean parte hartu zuten adituei ere aukera eman zitzaien euren ekarpenak idatziz bidaltzeko. Horretan aritu ziren legebiltzar taldeak urtebete inguru.

Hortik aurrera apenas egin zuen aurrera foro horrek. EAJk ordurako aitortua zuen, hauteskunde programan agindutakoaren kontra, legealdi horretan ez zela itun berriaren testu egituraturik egongo. «Aukera hori ez da erreala», adierazi zuen Joseba Egibar jeltzaleak 2015eko urrian. Helburuak bestelakoa izan behar zuen orduan, Egibarren ustetan: «Oinarriak finkatzea». Xede hori ere nekez erdietsi zuten.

Talde guztiek mahai gainean jarri zituzten euren proposamenak. «Estatus» politiko berri bat aldarrikatu zuen EAJk, nazio izaeran eta erabakitzeko eskubidean oinarritutakoa, eta, horretarako, Espainiako Estatuarekin akordioa lortzea proposatu zuen, gero ere alde biko harreman batean aritzeko; EH Bilduk estatu propioa lortzea proposatu zuen, «modu gradual» batean; PPk ez zuen premiarik ikusten estatutua eta konstituzioa aldatzeko; PSEk, berriz, konstituzioa erreformatzea nahi zuen aurrena, estatutua aldatzeko gero.

Urrun zeuden batzuen eta besteen ikuspuntuak, eta horiek gerturatzeko eta akordioa lantzeko betarik ez zuten izan. 2016. urtea aurrekoa bezala hasi zuten lantaldeko kideek: eztabaidari ekin gabe. Gainera, erlojuaren aurka lanean aritu ziren azken hilabeteetan, Eusko Legebiltzarreko bozak udazken hasieran egitekoak baitziren. Ez zuten lortu oinarrizko akordiorik, eta are gutxiago testu egituraturik adostea. 2016ko udaberrian amaitu zuen bere bidea autogobernu batzordeak. Eta Jone Berriozabal (EAJ) lantaldeko presidenteak honako hau ohartarazi zuen: gutxienez bi taldek akordioren bat lortu beharko zutela berriro biltzeko.

Beste ahalegin bat

2016ko abenduko hauteskundeetako emaitzek ireki zuten aukera hori. Azaroaren 22an EAJk eta PSEk sinatutako gobernu akordioak bide eman zuen Autogobernu Lantaldeari bultzada berri bat emateko. Bi alderdiok adostu zuten «estatutuaren berritzean» amaitu behar duen prozesua abiatzea, eta lan hori egiteko legebiltzarrean Autogobernu Lantaldea abiaraztea. Urtarrilean egin zuen urratsa legebiltzarrak, eta EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek lantalde hori eratzeko hitzartutako erdibideko proposamen bat aurrera atera zuen.

Autogobernu Lantaldea aurreko legegintzaldian egindako lanetatik abiatzea eta «desberdinen arteko ahalik eta adostasun zabalena» bilatzea. Xede hori hartuta abiatu nahi zuten foroa EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek. Hiru alderdiek adostutako testuak zioen Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren autogobernua «erreformatzea eta eguneratzea» helburu hartuta lan egingo dutela alderdiek, eta, horretarako, lantaldeak adostuko zuela formula edo prozedura egokiena Gernikako Estatutuaren erreformarako testu egituratua egiteko, betiere «ordenamendu juridikoa errespetatuta».

Aurtengo martxoaren 3an egin zuen lehen bilera, eta aurreko legealdietako ereduei jarraituta, adituen agerraldiak ere izan ziren uda bitartean. Legebiltzar talde guztiek erabaki zuten eztabaidan egotea, nahiz eta denek ez duten bat egiten foro horrek landu behar duen testuaren edukiarekin.

Egun, jarrerak urrun daude oraindik. Gobernuko kideek ere desadostasunak dituzte estatus politiko berriaren inguruan, eta, horregatik, askatasuna dute lantaldean beren ideiak eta asmoak aldezteko, koalizio akordioak jasotzen duenez. EAJk ez du erabakitzeko eskubidea jaso bere proposamenean, baina horren ordez proposatu du legebiltzar taldeek «hitzematea» euskal herritarrek etorkizun politikoari buruz erabakitzen dutena errespetatuko duela estatuak. EH Bildurentzat, berriz, ezinbestekoa da estatus berriak erabakitzeko eskubidearen aitortza jasotzea. Koalizioak atzo bertan ohartarazi zuen erabakitzeko eskubidea jasotzeaz gain hura gauzatzeko «mekanismo demokratikoak» ere zehaztu behar dituela akordioak. PSEk, berriz, argi du ez duela babestuko erabakitzeko eskubidea jasotzen duen testurik. PPren ustez, berriz, ez da behar estatus politiko berririk, baina prest dago eztabaidan parte hartzeko. Elkarrekin Podemosek datozen egunetan argituko du bere proposamena zein den.

Gaurtik aurrera ateak itxita lan egingo dute alderdiek. Helburua? Legealdia amaitu baino lehen estatus politiko berriari buruzko akordioa izatea. Bueltan eta bueltaka. Duela hamasei urte bezala.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak