Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Niretzat edo lagunentzat musika sortzen jarraituko dut»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Iker Lauroba. Musikaria

«Niretzat edo lagunentzat musika sortzen jarraituko dut»

Kursaal aurrean laugarrenez joko du Laurobak, oraingoan bakarlari gisa. Bigarren diskoa kaleratuta, ilusioz eta gogoz hartu du erronka berria donostiarrak, nahiz eta bidean hainbat zailtasun izan duen.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Bakarlari gisan dabil azkenaldian Iker Lauroba musikaria (Donostia, 1975). Zure gotorlekutik izenarekin kaleratu du bere bigarren diskoa, hamahiru abestiz osatutako bilduma. Donostiako Aste Nagusian izango du bere lekua Laurobak: gaur piratek antolatutako bertso musikatuetan joko du eta ostiralean Kursaalean.

Donostiako Piraten egitarauan, gaur, bertso musikatua emanaldia egingo duzue. Nola bururatu zaizue?

Duela hiru edo lau urte ordezkapen bat egiteko deitu zidaten, eta proposamen oso polita iruditzen zait. Betiko abestien doinuak hartzen ditugu, adibidez, Pello Joxepe edota Blowing in The Wing. Abesti horiek doinu gisa hartuta, bertsolariek bertsoak sortzen dituzte. Elkartze interesgarria dela uste dut, musika eta bertsoa uztartzea polita izaten baita.

Kursaaleko terrazan kontzertua emango duzu, berriz, ostiralean. Gogotsu?

Bai, gogotsu nago. Aurretik, Tabakaleran jo genuen, eta banabil hainbat kontzertu ematen azken disko berriarekin. Kasu honetan, lehenengo urtea izango da kontzertuak formatu txikian egingo direnak Kursaalean, orain arte agertoki handi batean egiten baitziren. Oraingoan, Leire Berasaluzek eta biok joko dugu.

Lekuari dagokionez, zure doinuak jotzeko aproposa da?

Laugarren aldia izango da Kursaal aurrean joko dudana. Egia esan, familia giro polita sortzen da leku horretan. Iaz, esaterako, nire ama etorri zen, eta berezia izan zen. Ea eguraldiak laguntzen duen.

Nolatan hasi zinen bakarlari lanetan?

Laurobaren hirugarren diskoa atera genuenean, Frediren Pottoka estudioan grabatu genuen, eta hari esan nion Laurobarentzat lasaiegia ziren abesti batzuk banituela, folk estilotik bideratzekoak. Izan ere, Laurobak azken urte honetan rock elektronikoaren bidea hartu du. Harkaitz Canorekin hitz egin nuen, eta berak idatzi zizkidan hitzak. Egoera hartatik animatu nintzen, eta, ordutik, abesti gehiago konposatzen aritu naiz etxean.

Eta, oraingo, zer moduz doakizu?

Oso ondo. Halere, oso zaila da modu honetan ibiltzea. Ez da baldintza ekonomikoengatik bakarrik, baizik eta soinu baldintza minimo batzuk behar dira, musika errespetatuko den lekuak. Gure taldea lau kidek osatzen dugu: Jokin Garmendia biolontxeloan, Iñigo Asensio pianoan eta akordeoian, Leire Berasaluze abesten, eta ni akustikoan eta ahotsean. Formatu hori kontuan izanik, kontzertu batean edo gehiagotan sufritu egin dugu. Jende gutxi agertzen bada, eta errespetuz eta musikaz gozatzen badute, ni ase sentitzen naiz horrekin.

Bigarren diskoa kaleratu zenuen, Nire gotorlekutik izenarekin. Zer islatu nahi izan duzu?

Kontzeptu gisa, Nire gotorlekutik izena jarri nion etxean grabatu nuelako. Izan ere, horrelako formatua ateratzea garestia da, eta etxean grabatzea erabaki nuen, bateriak eta soka batzuk estudioan grabatu ditugun arren. Hitzetan denetik dago, eta ez dut kontzeptu bat izango balitz bezala landu musika aldetik. Disko bat ateratzeko abesti nahiko banituela ikusi nuenean, grabatzeko erabakia hartu nuen. Abesti batzuk badira nire bizipenetatik ateratakoak, eta besteekin, istorio berri bat asmatzen saiatu naiz.

Hitzetik hortzera dabil, Donostiako Udalak festetarako euskal musika talde gutxi ekarri dituela. Zer iritzi duzu?

Gozategi taldea izango litzateke salbuespena. Halere, pena ematen dit. Aurreko legealdian, ordea, asko gustatu zitzaidan udalaren proposamena: Euskal Herriko talde batek beste batekin jotzeko aukera izaten zuen, eta, beraz, halako plataforma bat oso baliagarria zen. Laurobarekin, adibidez, 10.000 ikusleren aurrean jotzeko aukera izan genuen, eta ez dut uste horrelako ikusle kopuruaren aurrean berriz ere joko dugunik. Aukera handia zen talde apalentzat halako agertoki handian kontzertuak ematea. Egia esan, aurten etorriko diren taldeek ez naute erakartzen. Udalak dirutza uzten du hor, eta aprobetxa liteke Euskal Herriko taldeei oihartzuna emateko.

Iker Laurobak bere burua nola ikusten du etorkizunean?

Ez dakit. Bakarlari moduan ere ez dakit zer egingo dudan. Disko honetan, adibidez, kalkuluak egiten ari naiz, eta diskoan inbertitu dudan dirua berreskuratu arte ez dut uste beste bat aterako dudanik. Horrez gain, Izaro Andresekin musikari lanean nabil eta Laurobarekin ere hor jarraitzen dut. Ez dakit zer pasatuko den. Dena den, niretzat edo lagunentzat musika egiten jarraituko dut beti.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak