Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Garrantzitsua da auzoetan izatea, baina zaila da antolatzea»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Antton Gisasola. Itzurun erraldoien konpartsako presidentea

«Garrantzitsua da auzoetan izatea, baina zaila da antolatzea»

Zazpi urte daramatza Gisasolak Donostiako erraldoien konpartsan lanean. Urte osoa pasatu duten arren aste bateko erraldoien eta buruhandien egitaraua prestatzen, gogoz eta ilusioz dabil aurtengo jaietan.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Jo eta ke dabil lanean egunotan Antton Gisasola (Donostia, 1985) Donostiako Itzurun erraldoien konpartsako presidentea. Aurten, bereziak ari dira izaten jaiak, Donostiako auzo gehiagotara joango direlako.

Zer berrikuntza dituzue aurten?

Alderdi askotan egon dira berrikuntzak. Alde batetik, erraldoiak berritu ditugu. Aurpegiak berritu dizkiegu, urteen poderioz margoa kendu baitzitzaien. Bestetik, jantziak aldatu dizkiegu, erraldoi bakoitzak pertsonaia bat irudikatzen baitu; horregatik, pertsonifikazio hori indartu nahi izan dugu, herritarrek erraldoiak ezagutzeko. Konpartsari dagokionez, jantziak aldatu ditugu. Festetan gaudenez, zuri-urdinez jantzita joatea erabaki dugu: praka zuriak, polo zuria, gerriko urdina eta Aste Nagusiko zapia lepoan.

Aurten, hiriko auzo gehiagotara joango zarete.

Aurtengo beste berrikuntza bat da hori. Su festak leku denetatik ikusten direnez, guk ere nahi izan dugu erraldoiak eta buruhandiak leku guztietatik ikustea. Horregatik, Antiguan, Amaran eta Grosen ere ibiliko gara aurten. Horrez gain, erraldoi bakoitzak GPSa eramango du, jendeak jakiteko zein kaleetan dabiltzan. Donostiako festetako aplikazioan dago ikusgai.

Garrantzitsua da erraldoiak eta buruhandiak Donostiako auzo gehienetatik igarotzea?

Guretzat oso garrantzitsua den arren, zaila izan da antolatzea. Arazo asko izan ditugu 4,15 metro garai diren erraldoiak kamioietara sartu eta alde batetik bestera eramateko. Halere, bilera asko egin ditugu, eta nahi genuena lortu dugu: erraldoien ibilbidea zabaltzea.

Erraldoiak eta buruhandiak festetako erreferente dira?

Duela 36 urte, oso zaila zuten erraldoiak kalera ateratzea, herritarrek ez baitzituzten ezagutzen. Dena den, azken urteetan jendeak lan handia egin du, eta, horri esker, hiri honetan erraldoiak eta buruhandiak zer diren jakitea lortu dute. Festetako arratsaldeetan, geroz eta jende gehiago egoten da gure zain, eta hori asko eskertzen dugu..

Noiz hasi zineten hau dena antolatzen?

Iazko Aste Nagusia bukatu eta hurrengo egunean hasi ginen lanean. Aurten, esaterako, agur ekitaldi bat izango dugu, eta Konstituzio plazan izatea lortu dugu. Proposamen hori iazko Aste Nagusiaren erdian bururatu zitzaigun, orain arte Zuloaga plazan egin izan baitugu, eta aurten zerbait indartsuagoa izatea nahi genuen.

Zer sentitzen duzue gaztetxoei aurpegian irribarrea ateratzen zaienean?

Azken finean, txanpon trukea da; hau da, guk eskaintzen dugunaren partez, herritarren txaloak jasotzen ditugu, eta haiek ondo pasatzen ari direla ikusten dugu. Guk donostiarrentzat ilusio handiz egiten dugun lana da hau, eta, herritarrek eskertzen dutela ikustean, asko pozten gara.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak