Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Euskal doinuak parlamentuan

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA

Euskal doinuak parlamentuan

'Euskara ibiltaria' erakusketa ikusgai da Nafarroako Parlamentuan, Euskaltzaindiaren euskalkien atlas linguistikoa ezagutzera emateko. Urriaren 31ra arte egonen da zabalik.
Cristina Altuna eta Iñaki Iriarte UPNko parlamentariak, euskalkien mapei begira, atzo, Iruñean.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-07 / Iker Tubia

Lau pareta horien artean ez da euskara askorik aditzen. Iruñeko parlamentuko egunerokoan, gaztelera izaten da nagusi. Are, parlamentu horretan bertan erabaki zuten Nafarroa hiru eremu linguistikotan zatitzea eta herritar gehienei bertako hizkuntzaren ofizialtasuna ukatzea. Parlamentu horretan bertan aditu dira hizkuntza horrekiko mespretxuzko hamaika hitz. Oraingoan, ateak zabaldu dizkio euskarari. Izan ere, Euskaltzaindiaren Euskara ibiltaria erakusketa paratu dute bertan.

Ateak zabaldu, eta euskararen doinua sartu da parlamentuko patiora. Atzo, erakusketaren aurkezpenean, literalki. Horren ardura izan zuten Ana Telletxea eta Lina Andueza kantariek, Arbasoa eta Oihanean abestuz, baita Mikel Petrirenak ere, Moneindarrak jauzia txistuarekin eta ttunttunarekin interpretatuz. Urrats mantsoz dantzatzen dira jauziak, eta ibilkera mantsoz egin dute Euskalkien Atlas Linguistikoaren proiektua. Urratu du bidearen puska bat, eta lan horren lagin bat da Iruñean ikus litekeena. Aurretik beste herrialde batzuetan egona da, eta urratutako bideak parlamenturaino eraman du Euskaltzaindia.

Doinu atseginez aurkeztu zuten erakusketa. Euskararen gaia mahai gainean jartzen denean faltan egoten den doinuaz, alegia. Euskalgintzako, Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko, hedabideetako eta Nafarroako Parlamentuko ordezkariak agertu ziren ekitaldira. Parlamentuan ordezkaturik dauden alderdiak ere han ziren, PP izan ezik. Hala ere, falta ziren parlamentariak lasai egon litezke. Aukerarik izanen dute ikusteko, urriaren 31ra arte han izanen baitute, parlamentuko patio nagusian.

Euskararen koloreak agertzen ditu erakusketak. Eta hitzak, mapetan jarrita. Adolfo Arejita atlasaren zuzendariak esan zuenez, euskararen batasuna eta aniztasuna islatzen dira. Badira ia mapa osoa hartzen duten hitzak —suge, erbi, xinaurri—, edo mapa bitan banatzen dutenak —ostegun eta eguen—. Badira euskaraz hiru hitzekin izendatu daitezkeen animaliak: kirikino, triku eta sagarroi, adibidez. Baina beste mapa batzuk hitzez josiak dira: tximeleta edo tximista esateko aldaera anitz daude. Hor aniztasuna.

Arejitak balioa eman zion egindako lanari, eta erabilgarritasuna azaldu zuen. «Ofizialtasuna oraindik ezagutu ez duen hizkuntza honek belaunaldiz belaunaldi nola iraun duen bizirik miraria izan liteke, baita ikerlari handientzat ere». Hala, erakusketak euskara transmititu duten herrietako bizimodua eta ohiturak ezagutzeko parada eskaintzen duela esan zuen.

Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak ebidentzia bota zuen, badaezpada ere: euskara bizirik dagoela, alegia. «Ez dugu soilik arkeologia egin nahi, biologia ere nahi dugu», esan zuen. «Euskararen kolore guziak bildu, sailkatu, landu eta herriari bueltatu dizkiogu». Ana Ollo Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako kontseilaria eta Ainhoa Aznarez parlamentuko lehendakaria ere kontent agertu ziren erakusketa han delako.

Ibilbidean aurrera

Heldu den urtean atlasaren bederatzigarren liburua kaleratuko du Euskaltzaindiak. 30 urte baino gehiago dira atlasaren lanari heldu ziola, eta, dena ongi bidean, 2021. urtean bukatuta egonen da. Bien bitartean, orain arteko emaitzen berri jaso nahi duenak Iruñeko parlamentura jo dezake. Erakusketa astelehenetik ostiralera bisitatu liteke, 10:00etatik 20:00etara. Larunbatetan goizez soilik, 10:00etatik 14:00etara. Urriaren 31n utziko du parlamentua bere ibilbidearekin jarraitzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Tubia Iker Tubia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak