Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Obra ondo azalduta, jendeak gozatzen du»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Daniel del Pino. Pianista

«Obra ondo azalduta, jendeak gozatzen du»

Libanon jaio eta Marokon, Espainian eta AEBetan ikasi ondoren, mundu osoko aretoetan eman ditu kontzertuak Del Pinok. Bidaietan ikasitakoari esker, musika interpretatzeko modu berezia lortu du.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-10-12 / Ane Eslava

Umetatik bidaiatzeko ohitura izan du Daniel del Pinok (Beirut, 1972), aita herrialde arabiarretan espezializatutako kazetaria duelako. Pianoa ikasi zuen, eta kontzertuak eta eskolak eman ditu bost kontinenteetako areto eta kontserbatorioetan; baita Euskal Herrian ere, Musikeneko irakaslea da. Musika klasikoa publikoarengana gerturatzea garrantzitsua iruditzen zaio. Iruñean izan da, Beethoven Actual zikloan.

Egia da zure musikarekiko pasioa hasi zela gurasoekin, auto bidaietan, entzuten zenituen kasetekin?

Bai, nire amak beldur dio hegazkinari, horregatik autoan bidaia luzeak egiten genituen, musika entzuten gelditu gabe. Beti geneukan musika klasikoko kaseteren bat, eta hamabi orduko bidaia bat egiten bagenuen, hamabi alditan entzun genezakeen.

Nola erabaki zenuen pianoa ikastea?

Etxean entzutera ohituta nengoen, aita pianista delako, baina lagun baten erruz izan zen. Teklatu elektroniko bat zeukan, eta, asko gustatzen zitzaidanez, gauza bera eskatu nien gurasoei. Jolas moduan hartzen nuen, eta, gerora, etxeko musikarekin lotzen hasi nintzenean, sartu zitzaidan benetako zaletasuna.

Marokon ikasi zenuen, horretarako erraztasunik ba al zegoen han?

Ez zegoen inongo erraztasunik, garai hartan Marokon musika klasikoa ez zuten ezagutzen apenas, eta ez zuten ia ezer praktikatzen. Baina nik zortea izan nuen, marokoar eta alemaniar jatorriko pianista bat ezagutu nuen, Frantzian ikasketak amaitu berri zituena, eta hark irakatsi zidan. Egun, herrialdearekin lotura dut oraindik ere, eta hobera egin duela sumatzen dut.

Beiruten jaio eta Marokon ikasi izanak musikaren irudi ezberdin bat eman dizu?

Bidaiatzea ona da, gauzen ikuspuntu berriak ematen dizkizu. Nik musika estilo anitz entzuteko ohitura izan dut, eta horrek eragina izan du musika klasikoa ulertzeko eta interpretatzeko dudan moduan. Umetan arabiar musika entzuten nuen, nire inguruan zegoelako; gerora, jazz musika izan da nire zaletasunetako bat, izugarri gustatzen zait.

Hiru kontinentetan ikasi zenuen, zein ezberdintasun ikusi zenuen horien artean?

Marokon hastapenetan zeuden, eta prozesu zaila izan zen, motela; ez zegoen baliabiderik, musika klasikoko kontzertu batera joatea oso gauza arraroa zen. Espainian antzeko zerbait gertatzen zen, beste maila batean, baina ez zegoen zaletasun handirik. AEBetan, berriz, baliabideak itzelak ziren: musika liburutegiak, kontzertuak egiteko aukera... Gainera, Espainian ikasle guztiak Madrilgoak ginen; AEBetan, ordea, jatorri askotako ikaskideak izan nituen, oso aberasgarria izan zen.

Herrialde askotan egin dituzu kontzertuak, zein publikorekin sentitu zara erosoago?

Zaila da herrialde batekin lotzea, hiri bereko bi aretotan oso esperientzia ezberdinak izan ditzakezu. Nik gela txikiak nahiago ditut, publikoarekiko gertutasuna oso garrantzitsua iruditzen zait. Duela gutxi ezagutu nuen areto bat bereziki gustatu zitzaidan: Aalborgekoa, Danimarkan. Leku harrigarria da. Baina toki askotan disfrutatu dut, aretoaren, publikoaren eta norberaren arteko nahasketa bat delako.

Musika klasikoa publikoarengana gerturatzen saiatzen zara. Gizarteak musika horren ideia okerra du?

Zoritxarrez, publikoarekiko urrun dagoen pertsona hotzaren irudiak oraindik ere jarraitzen du. Jende askok beldur die kontzertuei, uste dutelako prestakuntzarik ez izateagatik ez dutela ezer ulertuko. Hori ez da egia, edonork disfruta dezake musika klasikoarekin. Nik ziklo txiki bat antolatzen dut, eta hartzaileei obrak azaltzen dizkiegu, beldur hori kentzen saiatzen gara. Oso erantzun ona jasotzen ari gara; obra ondo azalduta, jendeak gozatzen du.

Musika klasikoaz gain, garaikidea jotzen duzu, bateragarriak dira?

Bai, ez dugu ahaztu behar musika guztia izan zela garaikidea noizbait, baita klasikoa ere. Nik ez dut uste gutxietsia dagoenik, baina, maiz, hartzailea indarrez erakarri nahi izaten dugu, eta hori ez da zuzena. Aldez aurretik musika garaikidea gustuko ez duen norbaitek obra garaikide batekin gozatzea posible da, baina ondo aurkeztu behar zaio. Lortuz gero, zoragarria da.

Zer izan da zuretzat Ludwig Van Beethoven konpositorea?

Gu guztiak lagundu gaitu gure ikasketetan eta gure ibilbide profesionalean, pianoaren maisu bat da. Nik ziklo honetarako Beethovenen lehenengo sonatak landu ditut, haren lehenengo garaikoak, nire gustukoenak. Hainbat garai igaro zituen, berritzailea izan zen, futurista.

Zein beste konpositore izan dira garrantzitsuak zure ibilbidean?

Nagusia Frederic Chopin izan da, hori zen gurasoekin autoan jartzen genuena. Baina asko egon dira: Johann Sebastian Bachek ibilbide osoan lagundu nau, Robert Schumman ere miretsi izan dut...

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak