Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Austeritatearen azotea

Publizitatea

Ekonomia

Austeritatearen azotea

Wolfgang Schaeublek ez du gehiago eurogunearen norabidea markatuko: amaitu da Alemaniako Finantza ministro zorrotzaren aroa. Edonola ere, lorratz sakona utzi du zortzi urteko agintaldiak.
Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroa eurotaldearen bilera batean —erdian—, 2015eko ekainaren 27an, Bruselan.
Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroa eurotaldearen bilera batean —erdian—, 2015eko ekainaren 27an, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

2017-10-12 / Jon Fernandez

Badoa austeritatearen arkitektoa. Herenegun egin zuen bere 113. eta azken eurotaldeko bilera Wolfgang Schaeublek Luxenburgon, 2009tik eurogunea esku gogorrez gidatu duen altzairuzko Finantza ministro alemaniarrak. Eurotaldeko gainontzeko kideek bi opari eman zizkioten agurtzeko: Europako bandera eta 100 euroko billeteak, bere aurpegia inprimatuta zeukatenak —billete faltsuak, noski—. Haren bi ardatz politiko-ekonomikoak laburbil ditzakete opariek: batetik, europazalea zen Schaeuble, nahiz eta sarri integrazio handiagoa oztopatu —egiaz, Alemaniaren erarako Europa defendatu izan du—; bestetik, zorroztasun fiskalaren fededun itsua.

Egiari zor, badoala esatea baino zuzenagoa da esatea bidali egin dutela. Angela Merkelek baztertu behar izan du Schaueble, joan den irailaren 24ko hauteskundeen ostean aritmetika politikoa aldatu zaiolako Alemaniako kantzilerrari, eta zerbait baliotsua eskaini behar dielako liberalei koalizio gobernua osatu ahal izateko: Finantza Ministerioa.

Altxor hori behin eta berriz eskatu zuen hauteskunde kanpainan Christian Lidnerrek, liberalen buruak: «Merkeli aurrez aurre begiratzeko modu bakarra da Finantza Ministeriotik begiratzea». Kantzilerrak, hortaz, eskura jarri die eskatutako trofeoa, eta bigarren plano batera baztertuko du Schaeuble beteranoa: Alemaniako Parlamentuko presidentetza hartuko du; haren azken kargua segur aski, 75 urte baititu.

Aro amaiera

Luzea eta, batez ere, sakona da Finantza ministro ahalguztidunak eurogunean lagatako lorratza, eta esan daiteke haren agurrarekin aro bat amaitu dela eta beste bat hasiko dela. Asteon jarri dio Berlinek azken puntua Schaeubleren aroari; ikusteko dago zer-nolako puntua izango den: puntu eta bereiz, ala puntu eta jarrai.

Endika Alabortek ez du zalantzarik: puntu eta jarraia izango da. EHUko ekonomistaren ustez, Alemaniako Finantza ministroak Europako Batasunaren bihotzean ondo txertatu du ordoliberalismoa, eta Bruselak ildo horri jarraituko dio, eurotaldeko bileretan Schaeuble egon edo Alemaniako liberalen bat egon. Badoa, hortaz, austeritatearen arkitektoa; baina, aurrerantzean bera egongo ez bada ere, eraikita laga du egitura, ondo josita kortsea.

Ez da kasualitatea ordoliberalismoarena, Schaeublek ekonomia ikasi zuen hiriko unibertsitatean sortu baitzen korronte ekonomiko hori 1930-1940 hamarkadetan, Friburgon. Orduko ekonomista alemaniar batzuek ikusi zuten kapitalismo muturrekoak ondorio txarrak zituela —hiperinflazioa—, eta estatuaren erabateko esku hartzeak ere bai, naziek egin zuten bezala. Rhineko kapitalismoa ere deitzen zaio orduan proposatutako erdibideko eredu horri. «Neoliberalismoa kapitalismo guztiz basatia bada, ordoliberalismoa da kapitalismoa baina erregulazio pixka batekin», azaldu du Alabortek.

Friburgoko eskolako doktrina maisutasunez hedatu du azken hamarkadetan Alemaniak Europan, eta misiolari nagusia Schaeuble izan da azken zortzi urteetan EBko aginte eta botereguneetan.

«Gaur egungo mantra» bihurtu dira ordoliberalismoaren printzipio asko. Moneta politikan, esaterako, banku zentrala estatuarekiko independentea izan behar dela, eta inflazioa txikia izan behar dela. Zerga politikan, berriz, aurrekontu orekatuak izatea —sarrerak eta gastuak antzekoak izatea—, defizita ia zero izatea.

«Zoritxarrez, Schaeubleren arrakasta handiena izan da ideia horiek establishment-eko ekonomistentzat zentzu on bihurtu direla». Alemanian martxan zegoen ordoliberalismoa Europan hedatzea eta sustraitzea lortu du, horixe da haren legatua, Alaborten iritziz.

Bere herrialdean zenbaki garbiak utzi ditu: zor publiko gero eta txikiagoa (BPGaren %68), inoizko langabezia tasarik txikiena (%3,6), eta inoizko superabit handiena, 18.300 milioi eurokoa (BPGaren %1,1). «Alemaniaren ikuspegitik, lan ona egin du, eta badu aitortza hori alemaniarren artean», argudiatu du Joseba Madariagak, Laboral Kutxako azterketa bulegoko zuzendariak eta Deustuko Unibertsitateko ekonomia irakasleak.

«Hemengo ikuspegitik —gaineratu du Madariagak—, bestearen azalean ere jarri behar garenez, ulertu behar da 2009an izandako egoera guztiz konplikatua. Europak ez zeukan mekanismorik krisi hari aurre egiteko, eta, beraz, uler daitezke Schaeubleren proposamenak eta une hartan hegoaldeko herrialdeekiko izandako enpatia falta». Hori esanda ere, Madariagak azpimarratu du adorea falta izan zela Europan, eta falta dela oraindik ere, «benetako proiektu europarra egiteko».

Deabru eta jainko

Eredu alemaniarra eurogunean ezartzeko gurutzadan, jakina, etsai ugari egin ditu Finantza ministroak. Maitasun bezainbeste gorroto sortu ditu: deabru gorria da hegoaldeko herrialdeentzat, baina haren zurruntasun ekonomikoak babes politiko handia jaso du Alemanian; nahiz eta, aldi berean, irmotasun horrek berak elikatu duen eskuin muturraren diskurtso xenofoboa, zeinak azken hauteskundeetan botoen %13,5 lortu baititu, Merkeli gobernu osaketa konplikatuz.

Ezizen ugari irabazi ditu Europa hegoaldeko politikarien, komunikabideen eta herritarren artean: Mr. Nein (Ez Jauna), suhiltzaile piromanoa, bihotzik gabeko alemaniarra... Bereziki Grezian sortu du gorroto gehien, eta duela bi urte ez zen harritzekoa Atenasko kaleetan pintaketak topatzea Schaeuble Hitlerren bibotearekin marraztuta.

2015ean, hilabeteetako sokatira gogorra izan zuen Gianis Varufakis Greziako Finantza ministroarekin, eta ez zuen milimetro batean ere amore eman. Gerra politiko bat izan zen hilabeteetan eurotaldean: austeritate muturrekoaren alde, Schaeublek gidatutako iparrekoen taldea; eta austeritatea leuntzearen alde, hegoaldekoena. Frantziak eta Italiak Greziari aire pixka bat ematearen alde egin zuten, baina 2015eko udan Alemaniako Finantza ministroak apokalipsia hezurmamitzeko mehatxua egin zuen. Amildegi ertzean zegoen Atenas, eta Schaeuble prest agertu zen azken bultzadatxoa emateko: Grezia aldi baterako eurogunetik kanpo uztea proposatu zuen, agerian utziz, lehen aldiz, euroa apur daitekeela.

Ekonomista askoren ustez, haren jarrera gogorrak greziarren agonia luzatu baino ez du egin. Izan ere, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak men egin zien Schaeubleren nahiei 2015eko udan, eta austeritateko hirugarren erreskatea onartu zuen. Azkenean, Atenasek Varufakisen burua zilarrezko erretiluan eskaini zion Berlini, eta hirugarren erreskatea irentsi.

Puntu ahula

Humanitate falta da, hain zuzen, Schaeubleren legatuaren puntu ahula, Alabort ekonomistaren ustez. «Despertsonalizazio handia dago ordoliberalismoaren atzean. Guztia datu makroekonomikoetan oinarrituta erabakitzen da». Baina murrizketek eragin zuzena dute herritarren bizi baldintzetan, eta horrek baditu eragin politikoak, edo izan ditzake behintzat. «Ekonomia ikuspuntu horren ahulezia bat da. Berez, ekonomia pertsonen zerbitzura dagoen tresna bat izan beharko litzatekeelako. Aldiz, ekonomia zientzia matematiko bat balitz bezala saldu du Schaeublek».

Edonola ere, Friburgoko ekonomialaria «pozik» doa egindako lanarekin: «Ez zait gustatzen harro hitza erabiltzea, baina oso pozik nago lortutakoagatik», esan berri du Schaeublek Financial Times kazetan. Uste du esku gogorrari esker «euro egonkorrago bat» izatea lortu duela.

Madariagaren aburuz, neurri batzuk onuragarriak izan dira. «Aurrerapausoak ekarri ditu arlo makroekonomikoan eta banku batasunean: ikuskatzaile bakarra dago orain, bai bankuentzat, bai estatuen aurrekontuentzat». Haatik, gabeziak ere ikusten ditu, bereziki batasun fiskalaren eta batasun politikoaren arloan.

Hurrengo Finantza ministro alemaniarra oraingoa baino muturrekoagoa izan daitekeela ere ohartarazi du Madariagak, «liberalen jarrera agian Schaeublerena baino gogorragoa delako arlo fiskalean». Eta hori dio, Macronek pauso gehiago eman nahi dituelako EBren integrazioan, Parisen Berlinen arteko sintonia lortuz gero: erlaxazio fiskala herrialdeentzat, egiturazko erreformen truke —bereziki Frantziarentzat eta Italiarentzat—. Baina Schaeuble oztopo izan bada euroguneko aurrekontu bateratu bat sortzeko, langabezia aseguru komuna sortzeko eta zorra mutualizatzeko, haren ondorengoa eragozle handiagoa izan daiteke.

Sen politikoa

Orduan, hain europazalea bazen Schaeuble, zergatik trabatu du eurogunearen integrazio handiagoa? Alabortek badu erantzun bat: «Oso ortodoxoa da zentzu ekonomikoan; baina, bestalde, badu sen politikoa. Integrazio handiagoak esan nahi du iparraldeko Europak hegoaldekoa gehiago laguntzea, eta horrek izan ditzake eragin negatiboak hango alderdi politikoentzat».

Sen eta inteligentzia politiko sakona aitortu izan diote, hain zuzen, aurkari politiko handienek ere. Haren ibilbide politiko luzea da sen horren lekuko. 1972az geroztik da legebiltzarkide Alemaniako Parlamentuan, eta kantziler bihurtzeko gertu egon zen. Helmut Kohlen Barne ministro zela, Berlingo Harresia erori eta gero, pisu handia izan zuen Alemaniaren elkartze prozesuan. Kohlen ondorengo naturala zen kantziler bilakatzeko, eta CDUren gidaritza hartu zuen 1989an, baina dimititu egin behar izan zuen 2000. urtean, ustelkeria kasu batengatik. Merkelek hartu zuen orduan kantzilertzarako bidea. Edonola ere, fenix hegaztiaren gisa, 2009az geroztik erakutsi du ondo dakiela bigarren lerrotik lehen lerrotik bezala gobernatzen.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak