Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Ofizioek emandako txartela

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Ofizioek emandako txartela

Kartzelako ariketan poto egin arren, Jon Martinek aski puntu bildu du bigarren final-laurdena irabazi eta finalaurrekoetarako sailkatzeko. 710 lagun bildu dira Segurako Baratze pilotalekuan
Jon Martin zuzenean sailkatu zen finalaurrekoetarako.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-01 / Miren Garate

Hankaluze bat edo beste, potoren bat, eta lapsusak ere bai. Akats tekniko batzuk izan ziren, atzo, Seguran (Gipuzkoa), Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren saioan. Alabaina, behetik gora egin zuen saioak, eta bereziki amaieran, ale politak entzun zituzten Baratze pilotalekura bertaratutako 710 bertsozaleek. Ia ariketa guztietan puntuaziorik handiena lortuta, Jon Martinentzat (673,5) izan zen lehen postua, eta haren atzetik sailkatu ziren Nerea Elustondo, Beñat Iguaran, Ander Fuentes Itturri, Unai Gaztelumendi eta Felix Zubia.

«Prentsaurrekoa ematen ari zara, galderen tartean, azken galdera bat egin dizute. Erantzun gabe alde egin duzu», zioen kartzelako gaiak, eta ariketa horretan jaso zituzten txalo gehien bertsolariek. Txukun ari zen Martin ere, saio txarra egindako bertsolariaren paperean, baina poto batek eragotzi zion puntu gehiago biltzea. Aitzitik, Elustondori ariketa horretan egindako lanak eman zion bigarren postua. Emakume futbolari baten azalean jarri zen. Lehen bertsoan kontatu zuen zer galdetu zion kazetariak, alegia, zergatik alde egin zuen prentsaurrekotik: neska izanik, nolatan zen futbolari. Bigarren bertsoa da hau:

Amorrazioz bete naiz eta

han utzi det prentsa gela

tipoa zer zen matxiruloa

tipoa zer zen ergela

neska batentzat baloia zerbait

raroa balitz bezela

pentsatuko zun nik hormonetan

zerbait raroa detela

ta esateko gogoa sartu

handik atera ta bela:

nahiz soldata milarena den

esfortsu doblea dela

Anekdotikoa dirudiena normala bihurtu arte entrenatzen jarraituko duela esanez amaitu zuen bertsoaldia. Kartzelan kirolari baten ahotik kantatzea erabaki zuen Iguaranek ere, Mikel Goñirenean hain zuzen. Honela amaitu zuen hirugarren bertsoa: «Galdera asko erantzun ditut/ ze une ta ze momentu/ baino azkena entzun det eta/ sutan barru denak lehertu/ Mikel kartzela joango al haiz?/ justu-justuan ulertu/ nik ez det horren erantzunik ta/ epaileari galdetu».

Futboleko entrenatzailetzat jarri zuen bere burua, berriz, Gaztelumendik: «Bihar Marcan ta Asen izango/ ditut hainbeste kritika/ erderaz ezin dela hitz egin/ euren titular polita/ ta gero guk nahasten ditugu/ futbola ta politika». Carles Puigdemonten ahotik, txalotuenetako bat izan zen Zubiaren lana.

Saioaren amaieran, Martinek zioen bere buruari ez ziola distira handirik ikusi saioan zehar , batez ere aurretik eginda zekarren lanarekin egin ziela tira ariketei. Alabaina, bertsoaldi bat baino gehiagotan jo zuen goia. Zortziko nagusian Iguaranekin abestea egokitu zitzaion. «Astebururo ateratzen zarete biok, elkarrekin, bizikletan ibiltzera, joan den asteburuan txirrindulari bat hil zen bihurgunetik pasa berri zarete», jarri zien gaia Oier Suarezek. «Nahiz egun hartan askok ipini/ titularretan gorena/ zeinen aguro ximeltzen diren/ loreak ta oroimena», hasi zuen saioa Martinek. Eta honela jarraitu zuen elkarrizketak: «Hain poetiko ez zaitez jarri/ oraingoan Jon arraio/ toki askotan gertatzen dira/ istripua deitzen zaio». «Istripu deitzen diozu baina/ igual nahastuta zabiltza/ deskuido batek akabatzen du/pertsona baten bizitza». «Istripu hauxe istripua da/ ta hola hartu beharko/ bestela askotan gure etxetik/ ez ginake aterako». «Zenbat pertsona hiltzen dituen

ezin iritsi, estresak/presak jendea hiltzen du baina/gu beti besteen presak», Martinek. «Larunbatean ohean egon/horixe litzake pena/ guk gure martxan jarraitzea da/omenaldirik onena», amaitu zuen Iguaranek bertsoaldia.

Aipatzekoa da Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz abestu zuela atzo Iguaranek, eta maila ona emanda, sailkatzeko aukera dezente dituela. Lehen aldia zuten Itturrik eta Gaztelumendik ere, eta haiek ere ale politak utzi zituzten, elkarrekin hamarreko txikian egindako saioan kasu. Bikotea ziren, bikote harreman tradizionala betidanik jarri izan dutenak zalantzan. Harremana irekitzea proposatu zion Itturrik Gaztelumendiri. Bigarren bertsoan, elkarren itzal bihurtzeko arriskuaz ohartarazi zion nafarrak, eta itzaletik apartatuz gero, eguzkiarekin erretzeko arriskua zegoela erantzun añorgarrak.

Ariketa horretan, Martinek eta Elustondok egindakoa izan zen txalotuena. Gaiak zioen anai-arrebak zirela, eta gurasoak zaintzeko txandak egiten zituztela. Aurreko astean Jonek ezin zuela, eta bere ordez joateko esan zion Nereari, eta asteburu honetan ere gauza bera eskatu zion. Oso ona izan zen Elustondoren lehena: «Nahiz ta nik ez daukadan/ ia-ia indarrik/ ezin dezaket izan/ inoiz egun txarrik/ ta zuri esatea da/ alper-alperrik/ uste nuen ez zela/ aipatu beharrik/ zaintza ez dela neskon/ kontua bakarrik». Defendatzeko ez zen erraza Martinen papera, baina ondo eutsi zion: «hau luzerako doa/ hori da seguru/ malgutasun pixka bat/ euki behar dugu». Azaldu zuen ez zuela nahi izan paso egiten duenaren papera hartu.

Gaur, Leitzan

Atzoko saioa irabazita, Bastidan (Araba) ariko da Martin, Sustrai Colina eta Igor Elorzarekin batera. Gainerako hirurak nor izango diren jakiteko, hurrengo saioetako puntuazioen zain egon beharko da. Hain zuzen, gaur bertan du hurrengo hitzordua Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Leitzan (Nafarroa), izango da saioa, 17:00etan hasita, udal kiroldegian. Agin Laburuk, Iñaki Apalategik, Julio Sotok, Oihana Bartrak, Oihana Iguaranek eta Unai Agirrek kantatuko dute.

Goizean, berriz, Peru Harri museoa ikusteko aukera izango dute bertsozaleek. Bisita gidatuaz gain, Harria, maitasun istorioa emanaldia eskainiko du Iñaki Perurenak han bertan. 10:30ean ekingo diote bisitari, eta 12:00etan izango da emanaldia. Biak doan izango dira.

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak