Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Caixabank Valentziara, eta dirua bankutik bankura

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Caixabank Valentziara, eta dirua bankutik bankura

 

2017-10-07 / Iker Aranburu

Mugimendu handiko egunak dira Kataluniako ekonomiarentzat. Beren egoitza Kataluniatik atera duten enpresen zerrenda gizendu ahala gizentzen da erabaki horrek independentisten artean sortu duen haserrea ere, eta gutxienez hiru udalek erabaki dute dirua ateratzea urrats hori hartu zuen lehen bankutik, Sabadelletik. Mugimendua sumatu da Kataluniarekin muga egiten duten Aragoiko eta Valentziako herrietan ere, bezero katalan batzuek kontuak ireki baitituzte haietan.

Mugimendu esanguratsuena Caixarena izan zen. Iragarri bezala, Kataluniako banku handiak bere egoitza soziala Bartzelonatik ateratzea erabaki zuen atzo, baina espero zenaren aurka, ez zuen Palmara eraman, Valentziara baizik; zehazki, Banco de Valencia irentsitakoaren egoitzan. Hau da, Sabadellen moduan, Herrialde Katalanetan utzi du egoitza.

Egoitza akziodunen batzarraren baimenik gabe aldatu ahal izateko, Caixak Espainiako Gobernuak irekitako atea baliatu zuen. «Enpresek beraiek eskatuta», Madrilek dekretu bat egin du konpainiei egoitza aldatu ahal izateko administrazio kontseiluaren onespen bakarrarekin.

Beste batzuek ere utzi dute Katalunia. «Behin-behinean», Gas Naturalek Madrilen jarri du egoitza soziala —Caixa du akziodun nagusia—, hara joan da Arquia Banca arkitektoen kreditu kooperatiba txikia ere, eta Valentziara, berriz, Mediolanum italiarra.

Egoitza sozialaren aldaketa sinbolikoa da ezer baino gehiago, inbertsiogileak lasaitzeko keinu bat. Kataluniatik eramatea erabaki duten guztiek beren negozioa Kataluniatik gidatzen jarraituko dute. Eta bakar batek ez du iragarri Katalunian dituzten bulegoak itxi behar dituztenik.

Bulego horietan bertan, ordea, baliteke lan pixka bat gutxiago egitea, bezero independentisten ihesagatik. Gironellako Udalak 300.000 euro atera ditu Sabadelletik, Sant Julia de Vilatortak 350.000 eta 2,7 milioi, berriz, Celrak. Amposta eta Argentona izan daitezke hurrenak.

Euskal Herrira ere iritsi da boikoterako deia. Caixabanken bezero talde nafar batek dirua handik ateratzeko deia egin dute, sare sozialen bidez. CAN bereganatu zuenetik, Nafarroako banku nagusia da Caixabank.

Kataluniako «giro nahasiak» jarraituz gero, Espainiak kalte ekonomikoak jaso ditzakeela ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak