Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Puigdemontek asteartean azalduko dio parlamentuari nola inplementatu emaitza

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Puigdemontek asteartean azalduko dio parlamentuari nola inplementatu emaitza

Erreferendumaren behin betiko emaitzak jakinarazi ditu Generalitateak; %43k bozkatu zuten. CUPek independentzia aldarrikatzeko eskatu du

2017-10-07 / Samara Velte - Berriemaile berezia

Independentziari buruzko erreferendum gatazkatsua igaro eta ia astebetera jakinarazi ditu Kataluniako Gobernuak urriaren 1eko galdeketaren emaitza ofizialak. Zenbatu ahal izan dituzten boto guztiak aintzat hartuta —Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak boto kutxak eraman zituztelako hainbat gunetan—, 2.286.217 pertsonak hartu zuten parte joan den igandeko plebiszituan; horretarako eskubidea zutenen %43,03k, hain zuzen ere. Horietatik, %90,18k independentziaren alde bozkatu zuten, eta %7,83k aurka.

Polizia izua hedatzen saiatu den arren, parte hartze handia egon da herri eta barruti gehienetan: vegueria guztietan —eskualdearen eta probintziaren arteko egitura adminstratiboa da vegueria—, %50etik gorakoa izan zen, Bartzelonan eta Tarragonan izan ezik. Bartzelona hiriburuan sufritu zuten boto emaileek, hain zuzen ere, errepresio gogorrena. Gironan, 64.395 hautesleko hirian, 30.686 pertsonak hartu zuten parte.

Eskualde batzuetan %70etik gora izan ziren, esate baterako Berguedan; bertan daude Berga bezalako herriak (16.000 biztanle, %65eko parte hartzea). Guztietan alde handiarekin irabazi du baiezkoak.

Erreferendumaren legearen arabera, emaitzak jaso eta 48 ordutara alde bakarreko independentzia adierazpena egin behar luke Kataluniako Parlamentuak. Bada, asteburua kenduta, asteartean beteko litzateke epe hori. Carles Puigdemont presidenteak, hain zuzen ere, parlamentarien osoko bilkurara deitu du egun horretako arratsaldeko seietarako, erreferendumaren emaitza indarrean nola sartuko den azaltzeko. Parlamentuko iturrien arabera, diputatu independentistek —gehiengoa dute— emaitza berretsi behar lukete gero sinadura bidez, baina ez derrigor bozketa bidez; bilkuraren formatua oraindik eztabaidagai da, dena den.

Ofizialki, «egoera politikoa baloratzea» da Puigdemonten agerraldiaren helburua, Carme Forcadell parlamentuko presidenteari idatziz adierazi dionez. Junts Pel Si eta CUP alderdi independentistek eskatua zuten ezohiko osoko bilkura bat lehenago, erreferendumaren legeak hala agintzen duela argudiatuta. PSCk, ordea, babes errekurtsoa ipini zuen Auzitegi Konstituzionalean, eta hark debekatu egin zuen artean deitu gabeko bilkura, erreferendumaren legearekin egin zuen bezalaxe. Azkenean, Puigdemontek presidente gisa dagokion eskubidea baliatuko du parlamentuaren aurrean hitz egiteko.

Auziak berriz bizitu ditu alderdi independentisten arteko desadostasunak, eta lausotu du igandera arte zeukaten koordinazio akasgabea.

CUPek aste honetan bertan egin nahi zuen osoko bilkura, erreferendumaren emaitza argi eta legitimotzat jotzen duelako, eta legeak hura berehala indarrean sartzeko eskatzen duelako. PDECat, ordea, «tenpoak kontrolatzeaz» mintzo da, horrek gizarteko tentsioa baretzen eta bitartekariak aurkitzen lagun dezakeelakoan. Atzo, hain zuzen ere, topatu zuen Kataluniako Gobernuak nahi zuen moduko bitartekaritza eskaintza: Suitzak bere burua proposatu zuen Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren artean elkarrizketa sustatzeko. Nekez irudika liteke, ordea, Madrilek onartzerik Katalunia eta Espainia pareko baldintzetan ipintzen dituen negoziazioren bat.

Alderdi antikapitalistarentzat, urriaren 10ean bertan aldarrikatu behar litzateke independentzia, eta prozesu konstituziogile bati ekin; ondorengo negoziazio oro marko horren barruan gertatuko litzateke hartara. «Izango dugu hausnarketarako, elkarrizketarako eta bitartekaritzarako astia, baina independentzia deklaratu ostean», adierazi du Carles Riera CUPeko diputatuak.

Elkarrizketaren atea

Oposizio ez-independentistaren zati batek ere babestu du astearteko agerraldia, baina alde bakarreko independentzia adierazpenik ez egiteko baldintzarekin. Joan Coscubiela Catalunya Si Que Es Pot alderdiko eledunak adierazi du ez dutela onartuko eguneko gai ordena aldatzerik; bere taldea, ordea, nabarmen banatuta dago, Podemeko hainbat diputatuk babesten dutelako erreferenduma. PSCk, berriz, oraindik ez du jakinarazi osoko bilkuran parte hartuko duen, eta PPk eta Ciutadansek ohartarazi dute independentzia aldarrikapen bat sartuz gero legez kanpo utziko dutela saio osoa.

Publizitatea

Sortu kontua
Samara Velte Samara Velte - Berriemaile berezia

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak