Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Elkarrizketa behartu nahian

Publizitatea

Mundua

Katalunia. Independentzia deklarazioa

Elkarrizketa behartu nahian

Puigdemont presidenteak independentzia deklarazioa etetea proposatu du, bi aldeak gerturatzeko asmoz. CUPen kritikak jaso arren, Kataluniako errepublika eratu dutela dioen deklarazioa sinatu dute
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea indepenentzia deklarazioa sinatzen.
Argazkia: QUIQUE GARCIA / EFE
Urriaren 10a, arratsaldeko zazpiak eta hamalau: mundua Kataluniara begira jarri zen unea, Carles Puigdemont presidentearen hitzaldiarekin batera abiatu baita prozesua etorkizun ezjakin batera. Bere eskaerak sortuko dituen ondorioak ikusteke, atzokoak harridura sortu zuen, batzuentzat etsipen kutsukoa (CUP) eta beste batzuentzat itxaropenezkoa (En Comu). Izan ere, independentzia deklarazioaren eraginak etetea proposatu baitzuen presidenteak, elkarrizketarako tartea irekitzeko, nazioarteko bitartekaritzaren bidez, Espainiako Gobernuarekin negoziatu ahal izateko. CUPek ez zuen hitzaldia txalotu, eta tentsio uneak bizi izan ziren.

Dena den, legebiltzarreko saioa amaitu, eta Junts Pel Siko eta CUPeko 72 diputatuek sinatu zuten deklarazioa, beste gela batean, indarrean sartuko litzatekeena legebiltzarrera eramaten dutenean. Lehenik Carme Forcadell legebiltzarreko presidenteak eta Puigdemontek berak. Deklarazioak hauxe dio: «Kataluniako Errepublika eratzen dugu, estatu independente eta subirano gisa». Testuan jaso dute galdutako eta desiotako subiranotasun katalana berrezarri dutela, hamarkadatan saiatu ostean; trantsiziorako lege juridikoa abian jartzen dela —etendakoa, Puigdemonten proposamenari helduz—, eta nazioarteari eta Europako Batasunari eskatu diete bere egin dezatela aldeen arteko prozesu gatazkatsua bideratzeko lana.

Presidentearen hitzaldia ondorio horretara heldu zen, une honetara nola iritsi diren azaldu ondoren. Lehenik eta behin, eta urriaren 1eko erreferendumak utzitako agertokia baita honakoa, emaitzak baliozkoak direla nabarmendu zuen, eta beraz, independentziarako bidea abiatu behar dela, baina hauetxek izan ziren independentzia deklarazio batetik gertuen egon ziren hitzak. «Herriaren agindua nire egiten dut, Katalunia estatu independente izan dadin, errepublika gisa». Hori esan bezain pronto hau erantsi zuen: «Proposatzen dut independentzia deklarazioaren ondorioak etetea, datozen asteetan elkarrizketa hasteko».

Puigdemontek eragile politikoei eta sozialei, enpresariei eta komunikabideei dei egin zien elkarrizketa bideratzen laguntzeko, eta ez tenkatzeko gehiago egoera politikoa. Hori esan ondoren, Mariano Rajoyren gobernuari eskatu zion katalanek erakutsi duten «ardura eta eskuzabaltasun berarekin» joka dezala, eta «entzun» ditzala bitartekaritza prozesu bat abiatzeko azken aldian ugaritu diren ahotsak. Denek ardurarekin jokatuz gero, «gatazka modu lasaian eta hitzartuan konpon daiteke, eta katalanen borondatea errespetatuz».

Beraz, nazioarteko bitartekaritza eta elkarrizketa izan ziren atzoko hitz errepikatuenak. Baina zapore mingotsa utzi zuen hitzaldiak hainbat independentistaren artean. CUPeko diputatu Anna Gabrielen esaldi honek laburbiltzen du haien etsipena: «Gaur errepublika katalana aldarrikatzea egokitzen zen». Legebiltzarrera begira zegoen munduari hitz egiteko hitzaldia prestatua zeukan Gabrielek, baina inprobisatu egin behar izan duela aitortu zuen, ez baitzuen halako hitzaldirik espero, eta prozesu subiranistan bidelagun izan dituenei gogorarazi zien, honaino iritsi badira, «herritarrengatik» izan dela. «Gu jende arruntarentzat errepublika egitera etorri gara. Ez dezagun errepublika baztertu. Gaur borroka aro berria abiatu dugu».

CUPekoen atsekabearen kontrapuntua izan zen Catalunya Si Que Es Potekoek hartu zuten arnasa. Lluis Rabell diputatuak «elkarrizketa» nabarmendu zuen, eta espazio bat ireki beharra, alde guztiek hitz egin ahal izateko. «Garaia da ulertzeko gizarteak balentria behar duela elkarrizketarako.Ulertu nahi dut gaurko deklarazioak milioika pertsonak eskatzen duten elkarrizketari ateak zabaltzen dizkiola».

Gainerakoan, unionistek ez zuten euren diskurtsoa aldatu, Puigdemontena esperotakoa baino epelagoa izan zen arren. PSCko buru Miquel Icetarentzat, arazo honen irtenbide bakarra hauteskunde autonomikoetara deitzea da, bere ustez «gutxiengoak» babestu baitu independentzia. Ciutadanseko Ines Arrimadas ere ondorio berera heldu zen, Puigdemontek Europako nazionalismorik okerrena ordezkatzen baitu, bere ustez, eta lehenbailehen kendu behar da gobernutik, demokraziari kolpe bat eman diolako.

Tentsioa

18:00etan zen hastekoa hizketan Carles Puigdemont, baina ordubetez atzeratu zuten hitzordua, CUPek denbora eskatu zuelako, hitzaldiaren edukia ez zutelako azken unera arte ezagutu, eta ez zitzaien gustatu irakurri zutena. Ordubete horretan beste zurrumurru batzuk ere zabaldu ziren, horien artean, Puigdemont nazioarteko bitartekariekin hizketan ari zela, ikusmina are gehiago handiagotuz.

Baina zurrumurruak zurrumurru, Carme Forcadellek eman zion hitza Puigdemonti, eta 2005etik honainoko ibilbidearen errepasoa egin zuen hitzaldian, munduari azaltzeko zergatik zeuden atzo zeuden lekuan, «une historiko honetan, zeinak eragina izango duen gure herritik harago. Katalunia auzi europarra baita». Urriaren 1eko erreferenduma izan zuen lehenik ahotan. «Kataluniak muturreko egoera batean egin behar izan zuen erreferenduma. Lehen aldia da Europan horrelako indarkeria gertatzen dela bozkatu nahi izateagatik». Espainiako Gobernuaren helburua ez zen izan, haren ustez, hautetsontziak eta botopaperak konfiskatzea, «beldurra eragitea baizik, jendea bozkatzera joan ez zedin». 2.286.217 pertsonak bozkatu zuten, eta %90ek baiezkoaren alde. Ez dakite zenbat geratu ziren botoa ezin emanda, baina gutxienez 770.000 bat izan zitezkeela ondorioztatu dute. «Poliziaren miaketek ez zuten erreferenduma saihestu; atxiloketek ere ez, webguneen itxierek ere ez, inhabilitazioek eta isunek ere ez, bide judizialak ere ez», esan zuen, errepasoa eginez Madrilek jazartzeko erabilitako adibideak zerrendatuz.

Errepresioaren gainetik erreferenduma egin ahal izatearen atzean egon den jende oro ekarri zuen gogora. «Antolaketaren atzean egon diren guztiak. Inprentetakoak, informatikoak, hautetsontziak etxean gorde zituztenak, langileak, herritarrak eta bozkatzera joan zirenak. Hainbeste jende anonimori eskerrak eta nire maitasuna erreferendum egunean poliziek zauritu zituzten guztiei».

Espainiako Gobernuak «tentsioa eta ezinegona» sortu du prozesu osoan, eta «kezkatuta daude gertatu denagatik eta gerta daitekeenagatik». Jende asko dago begira Kataluniara, eta horregatik katalanek Espainian izan duten ibilbidea azaltzeari ekin zion. Francisco Franco diktadorea hil ondoren, eta 1978ko Konstituzioarekin bat, Kataluniak Espainiari ekarpen handia egin zion, «inork gutxik bezala, modernizatzeko eta egonkortasuna bermatzeko, baina 1978koa abiapuntua izan zen». Urteen joanak erakutsi du, presidentearen arabera, 78ko konstituzioa Madrilentzat «helmuga puntua» dela, eta haren ondorioz, Kataluniak atzera egin duela. 2006ean, berriz, «konstituzioak agintzen dituen prozedura guztiak jarraituz», Kataluniako Legebiltzarrean onartu zuten, ondoren Espainiako Gorteetan, eta azkenik erreferendum bidez katalanek, nahiz eta hasierako testua Espainiatik murrizketa asko eginda iritsi zitzaien. Bide batez gogoratu du erreferendum horretan %46k bozkatu zutela, eta baiezkoaren alde U-1ean egin zutenak baino gutxiago izan zirela. «Eta hala ere, herritarrek erabakitakoa atzera bota zuen Auzitegi Konstituzionalak, 2010ean». Kolpe horrek eragin handia izan zuen katalanen artean: «Milioika katalan ondorio honetara iritsi dira: Kataluniak estatu bilakatu behar duela».

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak