Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Bitartekaritzarik ez duela onartuko erran du Rajoyk Kongresuan

Publizitatea

Mundua

Katalunia. Espainiaren erreakzioa

Bitartekaritzarik ez duela onartuko erran du Rajoyk Kongresuan

PDECatek Espainiako presidenteari ohartarazi dio «izugarrizko akatsa» dela 155a aplikatzea
Joan Tarda ERCko bozeramailearen hitzaldia Espainiako Kongresuan, atzo, Kataluniari buruzko saioan.
Argazkia: JAVIER LIZON / EFE

2017-10-12 / Mikel Rodriguez

Joan den astean eskatu zuen Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Kongresuan Kataluniari buruzko saio berezi bat egitea. Hilaren 1eko independentziari buruzko erreferendumaren ondorio zuzenak bero-bero zeuden oraindik, eta jakiteko zegoen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak independentzia deklarazioren bat eginen ote zuen. Bada, bertan behera utzitako deklarazio horren biharamunean eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aktibatu berritan egin zuten atzo saioa. Alderdiek ez zuten berrikuntzarik jakinarazi, eta Rajoyk irmo eutsi zion orain arteko jarrerari: autokritikarik ez, erru osoa Kataluniako Gobernuari eta independentistei egotzi, eta haiek proposatutako bitartekaritza ukatu. «Ezin da bitartekaritzarik ezarri legearen eta ilegalitatearen artean».

Rajoy ez zen milimetro bat bera ere urrutiratu bai berak, bai bere gobernuko kideek azken egunotan egindako adierazpenen funtsetik. Berrikuntzatzat aurkeztu zuen arratsaldeko saioaren aitzinetik Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak jakinarazitako batzorde bereziaren sorrera onartzea, «lurraldetasun eredua» aztertzeko. Baina mugak zeintzuk diren argi azaldu zuen bitartekaritza proposamenari emandako erantzunean: «Ohartarazi behar dut ezinezkoa dela onartu ezin diren alde bakarreko inposizioak onartzea. Eta ezin da elkarrizketa bat ezarri Espainiaren banaezintasunaren inguruan. Hori kontuan izan behar dute egun hauetan beren burua eskaini duten bitartekari pila horiek». Rajoyk adierazi zuen «katalanismo akordiozalearen hutsunea» nabaritzen duela, CiU koalizioari aipamena eginez.

CiUren parte zen Convergencia alderdiaren ondorengoak, Puigdemonten PDECatek, Generalitatearen elkarrizketarako proposamena onartzeko eskatu zion Espainiako presidenteari, eta 155. artikulua ez aplikatzeko. «Izugarrizko akatsa litzateke», ohartarazi zion Carles Campuzano diputatuak. Juan Ignacio Zoido Barne ministroaren dimisioa eskatu zuen, erreferendumaren egunean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak herritarrei egindako erasoengatik. Rajoyk, ordea, Generalitateari leporatu zion erantzukizun osoa.

Oposizioko alderdi nagusia, PSOE, gobernuarekin lerratu zen erabat. Margarita Robles bozeramaileak erran zuen ez dela bitartekaririk behar, eta Generalitateak «legalitatera eta konstituzioaren markora» itzuli behar duela. Joan Tarda ERCko bozeramaileak erantzun zion: «Generalitateko kideak atxilotzen badituzte, zuek ere erantzuleak izanen zarete». ERCk ez du parte hartuko PSOEk proposatu duen batzordean. «Katalan guztiek berdin pentsatuko balute ere, beti izanen lirateke gutxiengo demografiko bat PPren, PSOEren eta Ciudadanosen menpe».

Podemos, «oposizio bakar»

PSOE bezala, Albert Rivera Ciudadanoseko burua Rajoyren alde agertu zen, baina haren gobernuak baino jarrera gogorragoa defendatu zuen Generalitatearen aurka. Hezkuntzako eskumena kentzeko ere eskatu zuen. Gauzak horrela, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak aldarrikatu zuen «estatuko oposizio bakarra» direla, eta Katalunia Espainian gelditzeko modu bakarra adostutako erreferendum bat egitea dela adierazi zuen. Euskal Herriko alderdiei dagokienez, Aitor Esteban EAJko ordezkariak behin baino gehiagotan eskatu zion Rajoyri 155. artikulua ez aplikatzeko, eta Marian Beitialarrangoitia EH Bildukoaren ustez, Espainiako Gobernuak indarra erabili arren, «Kataluniak egin du deskonexioa». Iñigo Alli UPNko diputatuak, berriz, Puigdemonten dimisioa eskatu zuen.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak