Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua «Prozesu orok amaitu behar du negoziazio batean»

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma. Carme Forcadell. Kataluniako Legebiltzarreko presidentea

«Prozesu orok amaitu behar du negoziazio batean»

Puigdemontek astearteko osoko bilkuran esango duenaren zain, Forcadellek ez du espero Madrilek bertan behera uztea Kataluniako autonomia: «Ez du beste akats bat egin nahiko».
Argazkia: LLUIS BRUNET

2017-10-07 / Jon Olano Urain - Berriemaile berezia

Azken egunotan bileratik bilerara dabil Carme Forcadell i Lluis Kataluniako Legebiltzarreko presidentea (Xerta, Herrialde Katalanak, 1955). Parlamentuko mahaiak asteazkenean ezarri zuen autodeterminazio erreferendumaren emaitzak aztertzeko bilkura, baina debekatu egin zuen ostegunean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Atzo goizean, bi agerraldi eskaera zituen mahai gainean: Catalunya Si Que Es Potena eta Carles Puigdemont Generalitateko presidentearena. Nahasmen horretan, tarte bat egin zion BERRIAri, legebiltzarreko lehendakaritzako bulegoan.

Zer gertatuko da asteartean?

Ez dakit zer gertatuko den, baina ziur nago osoko bilkura egin egingo dela. Catalunya Si Que Es Poten nahiz Puigdemonten agerraldi eskaerak zuzenak dira forman, eta, beraz, biak onartuko ditugu tramitera. Aurreikusten da asteartean izatea, batez ere, badagoelako gehiengo bat gobernua babesten duena eta ados dagoena bilkura asteartean egitearekin. Zer gertatuko den? Ez dakit, hori presidenteak esaten duenaren esku dago. Hark hasiko du eztabaida, gero talde parlamentario guztiek hitz egingo dute, eta azken hitza berak izango du.

Bilkura hori presidentearen deklarazio batekin amaituko da, edo bozketa bat egon liteke?

Printzipioz, agerraldi eskaera parlamentuko araudiko 169. artikuluaren arabera egin denez, ez da aurreikusten bozketarik; soilik hitzaldia eta eztabaida.

Erreferendumaren Legeak jasotzen duenez, emaitzak ofizialki jaso eta bi eguneko epean, independentzia aldarrikapen formal bat egin behar da legebiltzarrean. Bozketarik ezean, Puigdemontek bere hitzaldian egingo du aldarrikapena?

Ez dakit zer esango duen.

Aurreikusten duzue oztoporik Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aldetik?

Uste dut ezetz. Ezarri duen debekuak PSCk zilegitasun osoz aurkeztutako babes helegite bati erantzuten dio. PSCk argudiatu zuen Junts Pel Siren eta CUPen agerraldi eskaria Erreferendumaren Legearen 4.4. artikuluan oinarritzen zela. Agerraldi eskaera berrietan, ez dago aipamen espliziturik, eta ez da arazorik egongo.

Independentzia aldarrikatu eta gero, nola funtzionatuko du Kataluniako Legebiltzarrak, Espainiako legeria indarrean bada?

Orain arte bezala: eztabaida ahalbidetuz, edozeri buruz hitz egiteko aukera eskainiz eta parlamentuko talde guztiei hitza emanez, guztiak baitira Kataluniako herritarren ordezkari. Legebiltzarraren burujabetza eta diputatu guztien ekimen eskubidea defendatuko ditugu.

Espero duzue Mariano Rajoyren gobernuak Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ezartzea?

Nire ustez, artikulu hori ezartzeak lortuko lukeela Espainiako Gobernuak nahi duenaren kontrakoa; 155. artikuluak zabaldu egingo luke eremu subiranista. Espainiako Estatuak erabili nahi du Kataluniako herritarrak erakunderik gabe uzteko, eta hori eraso oso larria litzateke demokraziaren aurka, baina, gainera, ez luke espazio subiranista murriztuko, zabaldu baizik, jende asko baitago prest Kataluniako autogobernua defendatzeko.

Eta ezarriko balu? Pentsatzen zaila zen U-1ean gertatutakoa, baina egin zuten.

Egia da. Imajina genezakeen edozer, baina ez indarkeria fisikoa. Ez nuen pentsatu ere egin, ez nik eta ez milaka herritarrek, demokrazian ulertezina delako Poliziak indarrez hautetsontziak eraman eta jendea jotzea. Baina hori izan zen Espainiako Estatuaren akats oso larria, mundu guztiak ikusi duelako gertatutakoa, eta ez du berriro horrelako akats bat egin nahiko. Erreferendum bati jazarri nahi izan zitzaion, eta lortu zuena izan zen erreferenduma egitea, inoiz baino zilegitasun handiagoa izatea, parte hartzea handia izatea eta mundu osoak ikustea indarkeriaren irudiak. 155.arekin gauza bera gertatuko litzateke, baina jabetu da igandean egindako akatsaz.

Edozein kasutan, Madrilek hartuko balu legebiltzarra desegiteko eta hauteskundeetara deitzeko erabakia?

Ez dut aukera hori ikusten. Berriz diot: diputatuak parlamentuan jarri eta kentzen dituztenak herritarrak dira, botoaren bidez. Hori da parlamentuan egoteko edo ez egoteko modu bakarra.

Zein balorazio egiten duzu Espainiako erregearen hitzaldiaz?

Espainiako Gobernuaren ildoan aritu zen eta Kataluniako herritarren parte batentzat baino ez zuen hitz egin. Harritu ninduen ez zuela aipatu ere egin elkarrizketa hitza, ezta indarkeria ere, eta ez zuela jardun ia 900 zaurituez. Bereziki, larri zauritutako biez. Herrialde honetako pertsona asko dezepzionatu zituen, uste baitzuten, estatuburu gisa, beste posizio bat izango zuela, neutralagoa. Aldiz, Espainiako Gobernuaren diskurtsoa egin zuen.

U-1eko irudiak ikusita eta erregea entzunda, ez zarete estatuaren erreakzioaren beldur?

Mehatxuak igandea baino askoz lehenagokoak dira. Igandekoa pentsaezina zen, baina lehenago ere izan da mehatxu eta beldur hazkunde bat, eta horrek jarraituko du. Ez zarenean arazoak politikoki konpontzeko gai, erabili behar dituzu epaitegiak, mehatxuak, jazarpena eta beldurra. Horretan jarraituko dute, baina segituta ere, ez zuen balio izan demokraziari jazartzeko. Jendea bozkatzera joan zen, eta poliziek alde egitean, ezkutatutako hautetsontziak atera zituzten eta bozkatzen jarraitu zuten.

Elkarrizketa aipatu duzu. Madrilek argi utzi du ez duela nahi bitartekaririk. Badago aukerarik?

Beti da aukera bat. Generalitateak hitz egin nahi izan du; Puigdemontek, asteazkenean, hitz egiteko prestasuna azaldu zuen. Beti egon behar da solastatzeko prest; Madrilek ezetz esango du, baina azkenean prozesu orok amaitu behar du negoziazio batean.

Negoziazio gabe, emaitzen ondorioak inplementatzeko —eta independentzia gauzatzeko— moduan daude Kataluniako erakundeak?

Nik uste dut inork ezin duela zalantzan jarri erreferendumaren zilegitasuna. Ez dira soilik botoa ematera joan ziren bi milioitik gora herritarrak; jende askok ezin izan zuen botoa eman, bozkalekua itxi zietelako edo hautetsontzia eraman zuelako Poliziak, eta beste jende askok, zilegitasun osoz, beldurra izan zuen. Baldintza horietan, jende andanak eman zuen botoa. Guk ez dugu erreferendumaren zilegitasuna zalantzan jartzen, herrialde honetako herritarrek beste inork baino hobeto erakutsi dutelako botoa emateko borondatea. Emaitzak ezartzeaz, ikusiko dugu zer dioen presidenteak.

Legeak dio prozesu konstituziogile bat jarriko dela martxan.

Hori dio legeak. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zer iritzi diozu zenbait enpresak helbide soziala lekualdatzeari?

Beste guztia geratzen da; bulegoak, langileak... Pentsatzen dut interes batzuei erantzuten diela, egin dizkieten dei batzuei. Ez dut ezer gehiago esango, ulertzen da.

Lekualdatzeek iradokitzen dute independentzia gauzatzear dela?

Lekualdatzeek frogatzen dute erreferenduma zilegi izan zela.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Olano Urain - Berriemaile berezia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak