Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Urkullu, bide adostuaren alde ostera ere

Publizitatea

Politika

Kataluniako erreferenduma. Euskal Herria

Urkullu, bide adostuaren alde ostera ere

«Konponbideak bilatzen» jarraituko duela dio. Maddalen Iriarteren iritziz, Espainiak erakutsi du prest dagoela «indarkeria erabiltzeko»
Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematen, atzo.
Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematen, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-07 / Gotzon Hermosilla

Kontrol saioa egin dute Eusko Legebiltzarrean, eta, espero bezala, berriro ere, Katalunia izan dute mintzagai nagusi. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk orain arteko jarrerari eutsi dio, eta konponbide adostuaren aldeko hautua berretsi du. Gainera, «lurralde auziari buruz» hitz egiteko eta bitartekari lana egiteko eskaini du bere burua.

Urkulluk uste du independentzia nahia «zilegi» dela eta, gainera, «oso sustraiturik» dagoela. Horregatik pentsatzen du Kataluniak eta Euskal Herriak «adierazteko aukera eta beren etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko aukera» izan behar dutela. Baina berretsi du hitzarmen baten bidez eta lege barruan egindako galdeketa litzatekeela hori gauzatzeko modurik onena.

Urkulluk pentsatzen du euskal gizartea bat datorrela adostasunaren bide horrekin. «Erabakitzeko eskubidea bezain errotua dago konponbide hitzartua behar delako aldarria», esan du. Horregatik, errealitateari «osorik» erreparatzeko eskatu du, eta «erabakitzeko eskubide askea legez eta hitzartua» defendatu du lehendakariak.

Joan den astelehenean Bilbon egin zuen hitzaldian, Urkulluk garrantzia kendu zion bitartekari gisa egin zezakeen lanari, eta esan zuen bera bezala «jende asko» aritu dela zeregin horretan lagundu nahian. Baina azken egunotan indarra hartu dute Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen artean bitartekaritza lanaren beharra nabarmentzen duten aldarriek, eta, legebiltzarrean, lehendakariak berriro eskaini du bere burua horretarako.

«Nire aldetik, behintzat, ez naiz eserita geratuko trenen arteko talka gertatu eta errailetik irteten direla ikusi arte», esan du. «Nahiago dut konponbideak bilatzeari ekin, errealismoan eta akordioak lortzeko borondatean oinarrituta, jende aurrean egiten ditudan adierazpenetan zein publiko egiten ez ditudanetan».

Gainera, gogora ekarri du nazioartetik ere iritsi direla bitartekaritza eskatzen duten deiak, eta Kataluniako presidente Carles Puigdemont bera azaldu dela horren alde.

«Mimetismorik» ez

Azken egunotan aldebikotasunaren aldeko hautua alboratzeko eskatu dioten eragileentzat ere izan du aipamenik Urkulluk bere hitzaldian. Txarretsi egin du Kataluniako egoeratik «probetxua» atera nahi izatea: «Ez nago ados oraingo egoera baliatuz kataluniar bidearen imitazio mimetikoa egitearekin, errealitateari begiratu gabe eta ondorioak kontuan hartu gabe», esan du.

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek, aldiz, uste du Katalunian gertatutakoak erakusten duela Espainiako Estatuarekin bidea hitzartzen saiatzearen antzua: «Guk ere nahiko genuke negoziatu eta adostu», esan du, «baina Espainiak frogatu du prest dagoela indarkeria erabiltzeko euren batasunari eustearren». Iriarteren iritziz, Espainia «kiribil perbertso infinituan» sartuta dago, eta Urkulluri galdetu dio ea katalanek erreferendumean hartutako erabakia babesten duen. Horri erantzunez, katalanak aipatzean «soilki katalan batzuez» ari dela leporatu dio Urkulluk EH Bilduko eledunari.

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek «kezka» agertu du Jaurlaritzak lurralde auzia bideratzeko izan dezakeen gaitasunaren inguruan, PSE-EE koalizio gobernuaren kideetako bat delako eta sozialistek, Martinezen aburuz, ez dutelako egiten «nazio aniztasunaren aldeko hautu argirik». Berriro ere, Quebeceko eredua proposatu du auziari irtenbidea emateko. Urkulluk ontzat eman du bide hori, baina erantsi du «Euskadik bere bidea» egin behar duela.

PPko legebiltzarkideen eledun Alfonso Alonsok, berriz, «Kataluniako prozesu subiranistari emandako babesa» erretiratzeko eskatu dio Urkulluri, eta, era berean, «independentziari ateak ixteko» ere eskatu dio, «bide horrek eromenera eramaten gaituelako». Alonsoren ustez, Urkullu lehendakariak bermeak eskaini beharko lituzke «Katalunian gertatutakoa Euskadin gertatuko ez dela ziurtatzeko».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak