Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Itxaropena Kurdistanen

Publizitatea

Mundua

LEKU-LEKUTAN

Itxaropena Kurdistanen

 

2014-10-25 / Urtzi Urrutikoetxea

Euskal Herrian Kurdistani buruz ordura arte egondako erantzun apala aipatu genuen duela aste pare bat. Egunotan gauzak nabarmen aldatu dira: Kobane eta Kurdistanen aldeko ebazpenak euskal parlamentuetan, Daban Shadala (Hego) Kurdistango Gobernuko ordezkariaren agerraldia Eusko Legebiltzarrean EAJk gonbidatuta (martxoan Salih Musilm Siriako kurduen PYD alderdiko burua etortzeko gonbidapena ere Iñigo Iturrate legebiltzarkideak egin zuen), Amaiurko Urko Aiartza eta Jon Iñarrituk artikulu garrantzitsua argitaratu dute asteon, eta beste hainbat ekimen bultzatu dira erakundeetan. Badakit bazterrotan beste jende asko mugitu direla, miresmena erakutsi dutela neska-mutil kurduen ausardia eta eskuzabaltasun mugagabeagatik. Gaur zortzi, azaroaren batean, mundu osoko deialdia egin dute Kobaneren alde manifestazioak egiteko. Ez ahal da Euskal Herria bazterrean geldituko.

Kobaneko borrokak izan du gehiago: ezkerrak zabal erakutsi dio babesa Ekialde Hurbilean gaur dagoen egitasmo interesgarrienari. Bi urte berandu iritsi da, baina begiak Rojavako (Siriako Kurdistan) kantoietan jarri dira, hango esperientzia laikoan, hango udalgintzan, generoaren lanketan, gizon-emakumeen botere-banaketan, eta gerrillan noski, neska kurduek armak egunotan hartu balituzte legez, eta ez duela hogeitaka urte. Euskal Herrian, kurdueraren berreskurapenean, argitalpenetan, hezkuntzan egindako lana azpimarratu beharko genuke. Pozgarria halaber, ezkerrak ohikoak dituen zatiketen eta, sarriegitan ageri duen itsutasunaren gainetik, YPGetako miliziei erakutsitako elkartasuna. Banuen beldurrik, oihartzun mediatikoarekin, agertuko ote zen etxeko sofan ezkerraren laborategi purua aldarrikatzen dutenetako norbait, Estatu Batuekiko konplizitatea salatzen, edo Washingtonen bonbardaketekin kurduen borrokak legitimazioa galtzen duela edo nik dakit zer. Ez zen lehen aldia izango, tamalez. Eta kontraesanak, beti daude hor. Hego Kurdistango esperientziak —gogoratu 1991tik kurduek burujabetza daukatela Iraken, eta gaur egun Estatu horretako erakunde sendoena dela Kurdistan autonomoa— agerian utzi ditu zenbait miseria: demokrazia alderdikeriaz egin da sarritan, tradizio feudalak eta tribuen banaketa dago egungo gobernuan eta politika klientelistan… hori guztia badakit. Baina ez gaitezen pasa ere. Ekialde Hurbileko testuinguruan, 80ko hamarkadako arabiartze-politiken eta genozidio-saiakeren ostean, lan txukuna egin da han ere. Eta Euskal Herriak bere babesa eman du horretarako. Jendaurrean batzuetan, eta bestelako neurrien bidez ere bai: medikuntza eta beste ikasketa batzuetako dozenaka ikasle kurdu pasatu dira Leioatik urteotan.

Azken asteotakoak, Kurdistani buruz lan egin ohi dugunoi gain hartu digulakoan nago. Baten batek esango du: beti kexaka inork jaramonik egiten ez diola, eta jaramon egitean ere kexa? Ez da hori. Baina Estatu Batuetako eskuindarrak, armadako soldadu ohiak, kristau sutsuak, komunistak, Europako ezkerra, sozialdemokrazia eta antikapitalismo iraultzailea, denak ere kurduek liluratuta ikustea ez da ohiko esperientzia. Turkiari ere ez ote dion gain hartu; bai behintzat presidente ahoberoari. Recep Tayyip Erdoganek «Kobane erortzear da» esan eta Turkian bertan ia berrogei lagunek bizia galdu zuten istiluak piztu zituen. Joan den asteburuan PYD/YPG (Siriako kurduak) «PKK bezain terrorista» zirela bota zuen. Astelehenean armak jaurti zizkieten Estatu Batuetako hegazkinek. Bistan da, horrelakorik ez da gertatzen Ankararen oniritzirik gabe. Egun berean iragarri zuen Turkiak bere lurraldea igarotzen utzi ziela Hego Kurdistango pexmergei Kobanera iristeko.

Kobane mito bihurtua da jada Kurdistango historian. Tamalez, berriz ere odolez idatzitako kapitulua da, baina itxaropenaren eta duintasunaren eredu ere bada. Kurdu iraultzaileek (PKK-koek, Siriako YPGkoek…) Irakeko Kurdistanen lagundu baino gehiago egin zieten pexmergei joan den abuztuan, Kirkuki eusten eta Shingalgo yazidiak salbatzen (bidenabar, berriz dihardute jihadistek yazidien aurkako erasoan, Nazio Batuek genozidioa izan daitekeela egin duen oharrari jaramon handirik egin gabe). Masud Barzani presidentea bera agertu zen Maxmurreko PKKren iheslari eremuan eskerrak emateko. Orain pexmergak Siriako Kurdistanerantz abiatzear dira. Estatu Batuen aliatuak, oraindik terroristen zerrendan diren PKK-ko aliatuekin batera elkarlanean, historian inoiz ez bezala. Bakeak Turkian eta Ipar Kurdistanen atzo baino askoz hurbilago dirudi. Udagoiena eta negua negoziazioetarako sasoiak dira, udaberrian gerrarik piztu ez dadin. Ea behingoz 2015eko Newrozek bakea, justizia eta askatasuna dakarkion Kurdistani.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak