Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Euskal jainkosen gaua

Publizitatea

Bizigiro

Euskal jainkosen gaua

Euskal Herriko kultura oinarri duen ekitaldi bat egingo dute Urruñako herritarrek larunbatean. 120 lagun arituko dira kantuan eta dantzan
Prestaketetan dabiltza urtarriletik antolatzaileak.
Prestaketetan dabiltza urtarriletik antolatzaileak. BOB EDME
Antzinako euskal mitologiako jainkosek hartuko dute protagonismo osoa datorren larunbatean Urruñako plazan (Lapurdi), 21:30ean. Iparra Hegoa eta Berttoli elkarteen laguntzarekin, Urruñako herritar multzo batek hartuko du parte karrikaldian, antzinako sinesmenak oroitarazteko eta Urruñako herritarrentzat euskal mitologia bera zer den ezagutarazteko asmoz. Hala azaldu du Gerard Urrutia Berttoli elkarteko kideak. «Egia esan, lapurtarrek ezagutza txikia dute euskal kulturaren inguruan, eta nik uste dut ekitaldi honek balioko duela Urruñako herritarren interesa pizteko». Egitasmo hau egitea aurreko urtetik pentsatua zutela esan du Urrutiak. «Herritar talde bat elkartu ginen, eta garbi geneukan zein izango zen gaia: euskal mitologia, hain zuzen ere». Urte hasieratik entseguetan dabiltzala gaineratu du.

Larunbatean 120 herritar inguru dantzan eta kantuan arituko dira Urruñako karriketan zehar. Euskal mitologiako pertsonaiez jantzirik egingo dute dantzaldia: besteak beste, Mari, Tartalo, Sugaar, Basajaun, Jaun Zuria, Gentileak, sorginak...

Desfileak, orotara, ordubete iraungo du, eta, horren ondoren, ekitaldi berezia egingo dute Herriko Etxeko plazan. Suaren inguruan euskal mitologiarekin lotura zuzena duten dantzak eta kantuak eskainiko dizkiete bertaratuko diren herritar guztiei. Bestalde, Berttoli elkarteko kideek, bereziki, «akelarrea» egingo dutela azaldu du Urrutiak, eguna luzarazteko asmoz.

Lantalde handia atzean

Urtarriletik hona larunbaterako emanaldia egiteko herritar multzo handia bildu dela esan du Urrutiak. «Hiru taldetan banatu gara: dantzariak, kantariak eta jostunak». Azkenengo taldeko kideak goraipatu ditu batez ere Urrutiak. «Lan handia egin dute pertsonaien jantziak egiteko eta buruhandiak apaintzeko».

Aurtengoa «erakusketa» baten antzekoa izango dela adierazi du. «Erantzun ona badu, gure asmoa bi urtetik behin egitea izango da. Halere, sakonago egin beharko dugu, eta antzerki bat edo beste egin beharko dugu».

Urruña Gaua-Euskal Mitologia

Larunbatean, 21:30ean, Urruñako plazan (Lapurdi).

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak