Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Ez naiz film laburren fundamentalista bat»

Publizitatea

Kultura

Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Zabaltegi. Koldo Almandoz. Zinemagilea

«Ez naiz film laburren fundamentalista bat»

Zabaltegiko euskarazko hiru film laburretako bat da Koldo Almandozen 'Hubert Le Blonen azken hegaldia'. Oso xume hasi eta pixkanaka hazten joan den proiektu bat izan da.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2014-09-21 / Juan Luis Zabala

Hubert Le Blon hegazkin pilotu frantsesak 1910ean Donostiako badian izan zuen istripu larrian oinarritutako film laburra da Koldo Almandozen (Donostia, 1973) Hubert Le Blonen azken hegaldia. Dokumentala da funtsean, baina, informazioa bildu eta emateaz gain, kontatzen duen istorioa sormenerako oinarritzat darabil.

Nola izan zenuen Hubert Le Blonen eta haren azken hegaldiaren berri?

Ez daukat gogoan non irakurri nuen zehazki, efemeride tarte batean edo. Leon Degrellek izan zuen lur hartzearen berri banuen, baina ez nekien aurretik, mendearen hasieran, beste hegazkin istripu bat izan zenik Donostian. Gaiari buruz gehiago irakurtzen hasi nintzen, pertsonaia nor zen jakiteko, eta berehala jabetu nintzen istorio interesgarria zegoela hor.

Zergatik?

Batetik, bere garaian ezaguna izan bazen ere, Le Blon ez delako historiara pasa Louis Bleriot edo beste pilotu batzuk bezala. Bestetik, emazteak Le Blonen ibilbidean izan zuen presentziarengatik. Hegazkinean ibiltzen hasi aurretik auto lasterketetan ibili ziren biak, eta emazteak kopilotu eta mekanikari lanak egiten zituen. Garai hartarako nahiko bikote berezia iruditu zitzaidan.

Horregatik hautatu zenuen emaztearen ikuspegia, Le Blonen historia haren offeko ahotsaren bitartez kontatzeko?

Hori gero hartutako erabakia da, eta ez da nire meritua, ekoizlearena baizik, Marian Fernandez Pascalena. Nik, hasieran, narrazio bat neukan idatzita, oso neutrala, eta ordenagailuan zerbait egin nahi nuen, artxiboko irudiekin-eta. Marianek proposatu zidanean narrazioa emaztearen ahotsean jartzea, beste dimentsio bat hartu zuen proiektuak, bestelako kontakizun bat bihurtu zen.

Off-eko ahots hori Kristiane Etxaluzek irakurtzen du. Zergatik hautu hori?

Istorioa lantzen nuen bitartean frantsesez entzuten nuen beti buruan; istorioa frantsesezkoa zen. Horregatik pentsatu genuen egokia izango zela off-eko ahotsak Iparraldeko doinua izatea. Frantsesez egindako bertsio bat ere badugu, Kristianeren ahotsarekin egina hori ere.

Isabel Hergueraren ilustrazioak filmaren osagai oso garrantzitsua dira. Zergatik erabaki zenuen harengana jotzea?

Dokumentazio asko neukan bilduta, artxiboko irudi ugari, baina azken hegaldiko argazkirik ez dago, hura ez zuelako egin Le Blonek kazetarien aurrean, Donostiako herritarrei eskaintzeko baizik, programatik kanpo. Horregatik, azken hegaldiko irudiak animazio bidez ematea pentsatu nuen, eta, ni Isabelen animazioaren oso zalea izan naizenez, harengana jo nuen. Hasierako asmoa zerbait soilagoa egitea zen, baina ikusi nuenean zer egiten ari zen... Proiektu txiki bat zen hau hasieran, eta pixkanaka-pixkanaka bere kabuz hazten joan da. Gozamena izan da.

Non bildu duzu filmerako dokumentazioa?

Donostiako Filmategian jasotako bizpahiru bilduma partikularretan Donostiako irudi asko agertzen dira. Horrez gain, nazioarteko artxiboetan ere arakatu nuen, AEB, Frantzia eta Ingalaterrakoetan batez ere. XX. mendearen hasieran bi asmakizun berri ziren hegazkintza eta zinema, eta, horren ondorioz, bien arteko harremana oso estua izan zen. Hegazkin pilotuek zerbait aurkezten zutenean, edo hegaldi bat egiten zutenean, zinema egiten zutenak hara joaten ziren. Orokorrean, 1910eko irudi gutxi dago, baina itsasontzi, auto eta hegazkinenak ez dira hain urriak.

Hubert Le Blonen azken hegaldia dokumental bat da, baina sormenari espazio handia uzten dio; ez da dokumental informatibo hutsa.

Bai, sormenerako aukera handiak ematen dituen istorioa da. Gertaera erreal bat kontatzen du, baina guk lizentziak hartu ditugu istorio hori kontatzerakoan; ez gara egiaren menpe sentitu, gure asmoa ez baita izan pertsonaia historiko bat aldarrikatzea, pelikulako bi pertsonaia nagusien berezitasuna erakustea baizik.

Kimuak programarako hautatua, orain Zabaltegin... Bidea egiten ari da filma.

Lan batzuekin espektatiba handiak dituzu, eta agian ez dira betetzen. Gertatu izan zait hori niri. Kasu honetan kontrakoa gertatu zait. Oso modu xume eta txikian egindako lana da, oso modu eroso eta lasaian egindakoa, eta bete ditu dagoeneko berarekin nituen espektatibak. Belodromoan 3.000 lagunek ikusiko dute. Horretarako besterik ez balitz ere, merezi izan du.

Zer proiektu duzu orain esku artean?

Askoz ere tentsio handiagoa sorrarazten didan beste asmo batekin hasia nago. Pelikula mutante bat izango da. Fikzio zatiak izango ditu, dokumental zatiak... Neurriz ere luze joaten ari zait...

Koldo Almandozen lehen film luzea izango ote da?

Ez dakit. Askok film laburren fundamentalista bat naizela uste dute, baina ez naiz. Nik, besterik gabe, uste dut istorioari dagokion iraupena eman behar zaiola. Orain hasia dudan proiektu honek film labur bat izan behar zuen hasieran, baina gauzak sortzen eta agertzen joan dira, zinemaren magiaren ondorioz, eta oraingoz luzeago jotzen ari da. Dena den, lan egiteko modua ez da film luze batena. Neure kabuz ari naiz pixkanaka-pixkanaka proiektua lantzen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak