Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Hogeigarrenean, batzeko deia

Publizitatea

Gizartea

Hogeigarrenean, batzeko deia

Korrikak hogeigarren aldia izango du datorren urtean: Otxandion abiatuko da martxoaren 30ean, eta Iruñean amaituko apirilaren 9an. Lelo gisara 'Batzuk' hautatu du AEK-k, 'bat' eta 'zuk' hitzak elkarturik
AEK-ko arduradunak, atzo, Donostian, Korrikaren leloa irudikatzen duten kartelekin. 20. aldia izango du datorrena euskararen aldeko lasterketak.
AEK-ko arduradunak, atzo, Donostian, Korrikaren leloa irudikatzen duten kartelekin. 20. aldia izango du datorrena euskararen aldeko lasterketak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2016-11-10 / Garikoitz Goikoetxea

Biltzeko deia, bat egitekoa. Mezu hori zabalduko du Korrikak datorren urtean, hogeigarren aldian. Euskaldunen aktibazioari begira jarri ziren aurreko aldian, eta, hurrengoan, euskarara oraindik hurbildu ez direnak izango dituzte jomugan. Batzuk leloarekin egingo dute 20. Korrika; bat eta zuk hitzak lotu dituzte, «herritarrak euskarara gonbidatzeko». Hizkuntza ekologiari heldu diote diskurtsoan, aniztasuna eta aukera berdintasuna oinarri hartuta. Korrika «hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaia» izango dela nabarmendu du zuzendariak, Asier Amondok.

Aurreko Korrika Bilbon amaitu zen, eta, ohitura betez, Bizkaian hasiko da hurrengoa: Otxandio hautatu dute. Martxoaren 30ean hasiko da han, eta apirilaren 9an bukatuko da ibilbidea, Iruñean. Nafarroako aldaketak legealdiaren erdia iristerako helduko da Korrika Nafarroako hiriburura.

Eragitea du helburu Korrikak. «Gizarte aldaketaren bila goaz», adierazi du Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Helburu hori betetzen dutela uste du. Aurreko Korrikaren ildoa jarri du adibidetzat: Euskahaldun leloa izan zuen, eta, hain justu, hainbat herritan ari dira egitasmoak martxan jartzen euskaldunak aktibatzeko helburuarekin. Egunotan, adibidez, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eta Agurainen (Araba) abian dituzte horrelako egitasmoak, euskararen erabilera handitzea xede dutenak. «Euskahalduntzeko deiari kasu eginda, euskaraz bizitzeko hautua irmoago dago».

Gogoeta garaian ere badator 20. Korrika. Mugikak gogorarazi du batean eta bestean ari direla gogoeta egiten euskararen biziberritzeari buruz, eta «bidegurutzearen ideia» gero eta pisu handiagoa ari dela hartzen. «Euskara denon hizkuntza izateko nahia eta beharra agerian dago». Lankidetzaren garrantziaz ere jardun da: «Korrika da elkarlanaren eta auzolanaren ispilurik argiena».

Erakartzeko argudioak

Helburu ekonomikoa ere badauka Korrikak, ordea. Aurrera egiteko, behar du AEK-k. «Administrazioek euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez-nahikoak dira oraindik ere», ohartarazi du Mugikak. Apustua egiteko eskatu die, ezinbestekoa delakoan «helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea». Korrikan lortutako dirua euskaltegien jardunerako erabiliko dute.

Hain justu ere, euskara ezagutzera eta erabiltzera gonbidatzea du helburu 20. Korrikak, bat eta zuk hitzak uztarturik. «Hizkuntza, kultura, mundu bat sendotzeko bidean, zuk ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza aberastasuna eta kultura aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz eta ahalbidetuz».

Hizkuntza aniztasuna eta berdintasuna hartu dituzte argudio: «Hizkuntza eta hiztun guztiak aukera berdintasunean biziko diren Euskal Herrian eta mundua nahi ditugu. Justizia kontua da: hizkuntza gutxitu baten iraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa». Eta euskarak eta euskaldunek pairatzen dutenez berdintasunik eza gaur egun, azaldu dute ezinbestekoa dela aldeko neurriak hartzea: «Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera berdintasunean egunero eta plaza guztietan».

Horren alde egitea ez da gainerakoen aurka egitea. Hori defendituko dute Korrikan: «Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde. Kultura unibertsalaren alde». Batzuk leloarekin islatu nahi dituzte denak.

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak