Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Askapena da borroka

Publizitatea

Politika

Askapena da borroka

30 urte bete ditu Askapena erakunde internazionalistak. Herrien arteko samurtasuna bultzatu dute sorreratik, munduko borrokak etxean erakutsiz eta Euskal Herriko egoera nazioartera zabalduz. Joan-etorriko elkartasuna.
Askapenaren logotipoa, erakunde internazionalistaren egoitzan,artxiboko irudian.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARP

2017-10-06 / Iñaki Lasa Etura

Egun garrantzitsua da biharkoa Askapenarentzat. 30 urte beteko dira herrien arteko samurtasuna Euskal Herritik bultzatzen hasi zirenetik. Pakito Arriaranek esan zuen legez, «bi herri ditut maitatzeko, eta mundu bat bere alde borrokatzeko». Hiru hamarkadotan internazionalismoaren alde egindako lana gogoratuko du elkarte internazionalistak Berriozarren (Nafarroa), eta etorkizunera begirako erronkak mahai gainean jarri.

Asko aldatu da mundua Nikaraguako mugimendu sandinistaren altzoan sortu zirenetik, baina tinko dirau Askapenak. Sorreran parte hartu zutenetako bat da Jesus Valencia: «Internazionalismoaren umotze prozesu baten barruan ulertu behar dugu Askapenaren sorrera». Izan ere, 1980ko hamarkadako ernamuinen ondorioz eratu zen erakundea. «Sandinismoaren garaipenak hainbat sentiberatasunen bat egitea ekarri zuen. Hainbat elkartasun batzordetan antolatu ginen 1987ra arte, urte horretako urriaren 7an aurrerapauso bat eman genuen arte: Askapena sortzea».

Herrien burujabetza lortzeko borroka bultzatzea izan dute helburu sorreratik. «Herri guztien subiranotasun borroketan sakondu nahi genuen, herria hobetuko zuen eraldaketa soziala ekartzeko». Hala, euskal herritarren kontzientzia nazionala eta internazionala garatu dituzte. Lan horrek herrien arteko saretzea osatzea zuen xede, Valenciak azaldu duenez: «Antzeko eskabideak dituzten herriekin bilatu ditugu elkartze guneak, zubiak eraikitzeko». Bide batez, Askapenaren proiektuetan parte hartu duten euskal herritarrengan kontzientzia internazionalista pizten saiatu dira.

Bete al dituzte sorrerako helburu horiek? «30 urte geroago Askapena bizirik jarraitzeak baieztatzen du bete ditugula». Ekintzailearen aburuz, «etorkizunera begirako proiektua» zen Askapena: «Konturatu ginen Euskal Herrian sentimen internazionalista zegoela, eta beharrezko ikusten genuen hor sakontzea, lanketa egitea sentiberatasun horretan».

Iritzi berekoa da Izaskun Goienetxea. «Oso balantze positiboa» egin du Askapenako kideak. «Oztopoak oztopo —ilegalizazio saiakera barne—, bizirik gaude, indartsu gaude». Askapenak bere burua berrasmatzen jakin duela nabarmendu du Goienetxeak. «Internazionalismoaren bertuteetako bat da hori».

Izan ere, erabat aldatu da mundua azken 30 urteotan. Oihartzun handia izan zuten Latinoamerikako askapen mugimenduak baretu dira, aspaldi eraitsi zuten Gerra Hotzaren sinbolo zen Berlingo Harresia... «Amerikako Estatu Batuen hegemoniazko mundu unipolarretik mundu multipolar baterako bidean gaudela dirudi orain, beste aktore batzuk sartu dira jokoan».

Munduarekin bat aldatu dira inperialismoaren ezaugarriak. «Lehen esku-hartze militarren edo estatu kolpeen bitartez bizi genituen. Kolpeak, orain, ez dira hain gogorrak, sotilagoak dira. Bestelako inperialismoa bizi dugu: ekonomikoa». Egoera berria ondo irakurtzen jakin du Askapenak, Goienetxearen irudiz, eta Euskal Herriari behar dituen tresnak eman dizkio. «Ez gara irla bat, munduan gertatzen denak eragina du Euskal Herrian, eta askapen prozesu honetan egiten dugun lanak eragina du munduan».

Lehen urratsa Euskal Herria zela ziurtatu zuen Askapenak orain dela bost urte, elkartearen 25. urteurrenaren harira egindako ekitaldian. Gogora ekarri du han esandakoa Goienetxeak: «Euskal Herriaren askapena da internazionalismotik nazioarteari egin diezaiokegun ekarpen handiena».

«Joan-etorriko» elkartasuna

Aipaturiko munduaren bilakaera horren lekuko izan da Askapena: Erdialdeko Amerikako askapen mugimenduak, Kuba sozialismoaren arnasgune gisa, zapatismoaren eztanda 1994an, iraultza bolibartarraren bilakaera, Kurdistango, Mendebaldeko Saharako eta Palestinako borroka; Europako herriena... 1980ko hamarkadan Erdialdeko Amerikak hartu zuen garrantzia. Askapena sortu aurretik ere hainbat brigadistek parte hartu zuten Nikaraguako, Guatemalako edo El Salvadorreko askapen borroketan. Bazegoen nolabaiteko sarea jada. «Garai hartan zailagoa zen harremanak egitea, eta brigadistek beste herrien errealitateak ezagutzeko aukera zuten. Ez zen hurbilketa turistikoa edo aseptikoa; engaiatua, baizik», adierazi du Valenciak.

Joan-etorriko elkartasun gisa ulertu ditu brigadak Askapenak. «Partekatzen duzu, besteen errealitatea entzuten duzu, murgildu egiten zara; eta zure egoeraren berri ematen diezu, Euskal Herriaz hitz egiten duzu». Saretze lan handia eskatzen du aurretik.

Elkartasun ereduak sortu zuen buruhausterik Askapenaren barruan, Valenciak azaldu duenez, 1990eko hamarkadan batez ere. «Garapenaren lankidetza garatzen hasi zen, GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez; erabaki behar izan genuen ea erakundeen diru laguntzak eskatuko zituen elkartea izango ginen edo herrien burujabetzaren alde borrokatuko zen erakunde militantea». Goienetxeak ere hitz egin du elkartasun ereduaren inguruan: «Sistemak bere aurpegia garbitzeko utzi dizkizun zirrikituetan lan egiten dute GKE gehienek. Elkartasuna ezin da zirrikitu horietan oinarritu; politikoa izan behar du, ez karitatezkoa».

Ilegalizazio saiakera

Nazioartean antolatutako brigadak Askapenaren lan tresna nagusienetakoa izan diren arren, ez dira bakarrak. 1987tik hona emandako herrien burujabetza borrokei sostengua eman diete. «Batez ere eremu ideologikoan mugitu gara», azaldu du Goienetxeak: «Gure txikitasunetik bertuteak ere baditugu, eta hor egin dugu lan batez ere: iritzi artikuluak idazten, Internazionalista Eguna antolatzen genuen,hainbat mobilizaziorekin bat egin...».

Askapenako kideek, izan ere, argi dute transbertsala dela internazionalismoa: «Ez da praktika bakartua, ez sektoriala». Horretarako aliatuak bilatu dituzte bidean: mugimendu feminista eta ekologista, eta memoriaren inguruan lanean ari diren erakundeak, esaterako. «Hainbat sektore eta borroka internazionalistetan txertatzen saiatu gara, transbertsalizazioa aurrera eramaten».

Joan-etorriko bideari helduta, Euskal Herriaren berri eman du une oro Askapenak nazioartean. Saretze lan handia egin du 30 urteotan, eta horren adibide garbia da Euskal Herriaren Lagunak. Loiolako negoziazioak hautsi ondoren eratu zuten, ordura arte elkartasun komiteen bitartez guztiz egituratu gabe zeuden harremanei bestelako forma emateko. Espainiako Gobernuak isolatu nahi zuen borrokari nazioarteko oihartzuna eman zioten, Euskal Herriak babesik bazuela erakusteko.

Bidaideak ez ezik, aurkariak ere aurkitu dituzte hiru hamarkadako ibilbidean. Mugimendu ezkertiarra izateak jomugan jarri ditu behin baino gehiagotan: brigadistak kanporatu dituzte Mendebaldeko Saharatik eta Palestinatik, ezker abertzalearen legez kanporatzeek eraginik izan dute...

Eraso gogorrena, baina, 2010eko irailaren 28an jaso zuen Askapenak: sarekada. Zazpi lagun atzeman zituen Espainiako Poliziak, eta horietako bost kartzelatu zituen. «ETAren nazioarteko frontea» osatzea egotzi zieten. Bost urte eta erdi geroago absolbitu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, «inolako harreman zuzenik» ez zegoela ondorioztatuta. Sarekadak «sorpresaz» harrapatu zituela adierazi du Goienetxeak: «Ez genuen uste herri mugimenduko eragile internazionalista bat jo puntuan izango zutenik. Konturatu ginen etsaiari min ematen diogula, badakitela herrien arteko samurtasunak beste era bateko harremanak sortzen dituela».

Ordurako Askapenako kide aktiboa ez izan arren, epaiketan lekuko gisa deklaratu zuen Valenciak. «Luze jo zuen deklarazioak. Galdetegi sakona egin zidan epaimahaiak, interes handia zuen Askapena ETAko adar gisa lotuko zuen zerbait aurkitzeko, baina autonomiaz lan egiten genuela erakusten zuten datuak eman nituen».

Europa, «gudu zelai»

Atzera begiratzeko ez ezik, aurrera begira jartzeko aukera ona izango da 30. urteurrena. Goienetxeak azaldu duenez, azken hamarkadan gero eta gehiago begiratu dio Europari Askapenak. «Europan bizi gara, eta hemen egin behar ditugu gure borrokak. Betiere Latinoamerikako eta beste hainbat herritako irakaspenak jasota, noski. Baina orain Europak izan behar du gure gudu zelaia». Herrialde Katalanak, Sardinia, Andaluzia, Irlanda, Eskozia, Bretainia, Galizia, Donbass... hainbat herritan izan dira eta izango dira brigadistak.

Hala, aurrera indarrez jarraitzeko eguna izango da biharkoa, Goienetxeak dioenez: «Ez dira gutxi 30 urte. Aurrera jarraituko dugu, luzerako du Askapenak».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak