Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Atomo bat 'zanpatzen' denean

Publizitatea

Gizartea

Atomo bat 'zanpatzen' denean

DIPC zentroko ikertzaile batek parte hartu du 'Nature Chemistry'-n argitaraturiko azterlan batean
Thomas Frederiksen, asteon haren bulegoan egindako argazki batean.
Thomas Frederiksen, asteon haren bulegoan egindako argazki batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2016-07-24 / Arantxa Iraola

DIPC Donostia International Physic Center ikerketa zentroa, hamaiketakorako ordua. Atarian mahaitxo bat ipintzeko ohitura izaten dute, kafearekin eta pastekin. «Hartara, hemen diharduten ikertzaileek elkarren berri izateko era dute: elkarrekin solasean aritzekoa», azaldu du zentroko ordezkari batek. «Pedro Miguel Etxenike zuzendariak Cambridgeko Unibertsitatetik ekarritako ohitura bat da». Hantxe, kikara hotsek gozaturiko solasaldietako batean, zentroko ikertzaileetako bat: Thomas Frederiksen (Kopenhagen, 1978). Egunotan zorion mezu ugari jasotzen ari da; izan ere, artikulu bat argitaratu du beste hainbat aditurekin batera, alorreko aldizkari ospetsuenetariko batean: Nature Chemistry-n. «Metodo bat aurkeztu dugu molekula bakarraz osatutako etengailu bat kanpo indar batekin eragiteko», azaldu du. «Jakina zen beroa eta argia erabiliz, esaterako, lor zitezkeela halakoak: orain ate berri bat irekitzea lortu dugu, molekula ukituta ere halakoak lor daitezkeela erakutsi dugu», erantsi du. Etengailu batean izaten diren aldaketekin alderatu du: «Piztuta dago, edo itzalita». Eta oraingoan, hain zuzen ere, molekula bat modu kontrolatuan aktibatu dute horretarako punta ultrazorrotz bat erabilita: nolabait ere, atomo hori «zanpatuta».

2007an etorri zen lehenengoz Euskal Herrira Frederiksen; atxikita segitzen du oraindik, Ikerbasqueren bidez. Ikertzen ari da, eta irakasten. Pozarren erakusten du artikulua, Berlingo Max Planck ikerketa zentroko, Liverpooleko Unibertsitateko (Erresuma Batua) eta Poloniako Zientzien Akademiako zientzialariekin batera egindakoa. Artikuluan erakutsi dute kobrezko gainazal batean ipinitako porphycene molekula batean egindako eraldaketa: «tautomerizazioa» izeneko aldaketa bat da, hidrogenoen transferentzia erreakzio bat. «Horretarako punta nola erabili behar den aztertu dugu», esplikatu du: «Zanpaketaren bitartez energia nola sortzen den», eta, ondorioz, nola ukitu behar den.

Mundu nanoan

Lan hori guztia eskala atomikoan egin dute, nano munduan, begien bistaz ikusi ezin den eremuan: metroa baino 50.000 milioi bider txikiagoak diren distantzien unibertsoan. Ikerketan aurkeztu dituzten irudiak erakusten ditu Frederiksenek, baina argi utzita teknologia oso garatu baten bitartez —«laborategi batean egiten dira ikerketa hauek guztiak, baldintza oso kontrolatuetan»— lortutako datuak erakusteko bide bat besterik ez direla irudi horiek: atzemana izan dena erakusteko ahalegin bat dira, lorpena hobeto esplikatzeko.

Punta zorrotz bat —orratz baten gisara ere definitu dute— erabili dute ikerketarako. «Eta funtzionatu du soilik puntan kobrezko molekula bat badago», azaldu du. Xenonarekin ere egin dute saioa: alferrik. «Xenon atomo batean amaitzen den punta erabiltzen dugunean portaera guztiz aldatzen da eta ez da tautomerizazioa eragiten, punta inertea delako». Hau da, atomoak, beste egoeran, etengailu baten gisara jokatzen badu ere, xenonarekin, ukituta ere, ez da deus ere pasatzen. «Ez da katalizatzailea».

Oraingoz, alor teorikoan geratzen den ikerketa horietako bat dela onartzen du Frederiksenek. «Nahiko nuke erabilera zehatzen baten berri ematea», azaldu du. «Baina zientziak usu horrela egiten du aurrera». Ordura arte atzeman gabeko fenomenoak biluzten: ez edonolakoak. «Atera kontuak, molekula batekin egin daitezkeen gauzen mugak aztertzen ari gara». Etorkizunean ate berriak zabaltzen joateko.

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak