Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia IZENAREN BORROKA ARABAKO ERRIOXAN

Publizitatea

Ekonomia

IZENAREN BORROKA ARABAKO ERRIOXAN

Errioxa sor-markak ez du onartu botiletan Arabako Errioxa letra handiz jartzea. Arabako ardogile gehienek zigilu bereizgarri bat nahi dute, erosleak kalitateaz berehala jabetzeko. Sor-marka propio bat sortzeko aukera ere eztabaidagai dago. Funtsean, bi ardogintza eredu daude aurrez aurre.
Guardia inguruko mahastiak, joan den eguaztenean.
Guardia inguruko mahastiak, joan den eguaztenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2015-05-17 / Jon Fernandez

Krisi existentzial antzeko batean sartuta dago Arabako Errioxako ardogintza. Bertako edozein ardogilerekin berbetan hasiz gero, ez da harritzekoa ardogilea pentsalari existentzialista baten eran sumatzea. «Zer da Errioxa? Zer da Arabako Errioxa? Hau Euskadi ala Errioxa da?... Hemen mahastiak duela 2.000 urtetik daude. Hau zer zen orduan, Nafarroako Erresuma? Gaztela?... Beti izan da mahasti eta ardo onen lurraldea, baina inoiz ez da konpondu arazoa». Gogoeta horrekin laburbildu nahi izan du Gaizka Lejartza Bastidako Solaguen bodegako salmenta zuzendariak eskualdeko ardogintzak aspalditik duen ezinegona.

Errioxa sor-markaren barruan egon arren, nortasun eta ekoizpen mota propioa dute ardogile arabarrek, baina zailtasun handiak dituzte etiketan euren ardoa besteengandik bereizteko. Errioxa sor-markak ez die lagatzen Arabako Errioxa tamaina handiz jartzen, Rioja-ren letra tipoaren bi hereneko tamaina izan dezake asko jota, eta horretarako ere oztopo burokratiko izugarriak dituzte —hiru kontu liburu erabili behar dituzte, bat Jaurlaritzarako, bestea Arabako Diputaziorako eta bestea sor-markarako—. Ez alferrik, 2014an soilik Arabako Errioxako botilen %6k zeukaten Arabako Errioxa izen txikia.

Hauteskundeen harira, lehen lerrora egin du salto sor-markaren barruan izendapen propioa izateko aukerak. Baita Errioxa sor-markatik atera eta sor-marka propioa sortzeko aukerak ere. Baina lehen aukerari ezezko borobila eman berri dio Errioxa sor-markako kontseilu arautzaileak. ABRA Arabako Errioxako ardogileen elkarteak eta UAGA sindikatuak egin zuten eskaria sor-markaren kontseilu arautzailean, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. «Beldurragatik esaten digute ezetz, bereizten hasiz gero ardo batzuk onak eta besteak txarrak liratekeelako», dio Jesus Bauzak. Ardogilea izateaz gain, UAGAren ordezkaria da kontseilu arautzailean. Haren ustez, ezinbestekoa da Arabako ardoa nolabait bereiztea, identifikazio bat izatea kontsumitzailearentzat. «Gure markak sor-markaren barruan urtzen ari dira. Errioxa aterki handi bat dela esaten da, baina azken urteetan produktu hutsal bihurtzen ari da, prezio baxukoa eta errentagarritasun txikikoa», Bauzaren ustez.

Iritzi berekoa da Solaguengo Lejartza:«Sor-marka osoan 600 ardotegi daude, baina upategien %10ek salmenten %90 baino gehiago egiten dituzte. Gaurko errioxako ardoa estandar bat da, ardo on bat, baina merkaturatzen den ardoa, neurri batean, Coca-cola moduko produktu bat da, globalizatutako produktua. Guri identifikazio berezi bat izatea interesatzen zaigu».

Zelan egin hori? Hor dago eztabaida. Guardiako Artadi upategiak, adibidez, iragarri du sor-markatik aterako dela, eta Araba sor-marka sortu beharra ikusten du. «Artadik bere ardo guztia salduta badauka, berari Errioxak ez dio onik ematen, bere izen propioa dauka. Baina nekazari asko daude izen horrekiko beharra sentitzen dutenak», azaldu du Lejartzak. Bauzak ere uste du «logikoena» Errioxa barruan diferentziazioa lortzen saiatzea dela, «besteak beste, Errioxa geurea ere badelako». Bauzak eta Lejartzak, ordea, aitortu dute sor-markak bide hori ezinezko egiten badu etorkizuneko bide egokiena ateratzea izango dela.

Antzekoa da Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere. Bittor Oroz Nekazaritza sailburuordeak «garbi» ikusten du Arabako upategiek bereizketa bat behar dutela etiketan. «Sektoreak eskatzen duena oso erraza da: mahatsaren %85 bertan ekoizten dutenek Arabako Errioxa izena Errioxaren tamaina berean jarri ahal izatea». Horretarako tramiteak errazteko ere prest dago, Arabako Diputazioarekin batera. Sor-markak ezezko borobila eman arren, ildo horretan lanean jarraituko du Jaurlaritzak, «merkatuak eskatzen duelako ardoak bereiztea». Baina «sektorearen zati adierazgarri bat» sor-marka propioaren alde balego, hori babesteko ere prest dago. Halere, hori gertatuko dela esateko goiz da. «Oso polita litzateke orain esatea sor-marka propioa sortuko dela, baina ez da erreala. Gauzak aztertu egin behar dira; sor-markak benetan balio erantsia eman behar dio sektoreari».

Mahats inportatzaile?

Nolanahi ere, Jaurlaritzaren ustez, kalitatearen aldekoa behar du izan Arabako Errioxaren ardoaren apustuak. «Gure lurraldea Toloño mendilerroaren eta Ebro ibaiaren artean estuki sartuta dago. Ezinezkoa da gure ardoek kopuruz lehiatzea; kalitatezko merkatu bat bilatu behar dute», Orozen aburuz. Gauza bera diote eskualdeko ardogileek. Baina aitortu dute, baita ere, gero eta zailagoa dela hori lortzea.

«Kalitatean inbertitzen baduzu baina botila 1,40an saldu behar baduzu, mahaiko ardoa prezio berean saltzen duenak gehiago irabazten du», dio Bauzak. Merkatze horrek sor-markaren irudia zikintzen duela ere gaineratu du. «Uste dut marka handien estrategia bat dela. 1999an diruaren bidez ahalegindu ziren hemengo upategi txikiak ezabatzen, eta orain prezio txikien bidez ari dira txikiak itotzen. Merkatua garbitzen ari dira. Nik sarri esaten dut feudalismora bueltatzen ari garela, feudalismo ekonomikora. Inbertsio talde handiak ari dira denarekin geratzen».

Arabako Errioxako ardogileek ez dute esan nahi euren ardoa sor-markako gainontzeko ardoak baino hobeak denik, baina bai ezberdina dela, eta kontsumitzaileak berezitasun hori lehen begi kolpean antzeman behar duela. Mikel Garaizabal ardoaren kulturaren dibulgatzaileak joan den domekan kazeta honetan nabarmendu zuenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den ardoaren %11 soilik da Arabako Errioxakoa. «Euskal kontsumitzaileen artean nahasmena dago, batez ere identifikazio faltagatik», Orozen iritziz.

Bi eredu kontrajarri daude sor-markan, Bauzaren berbetan. Errioxa Beherean mahasti ikaragarri handiak daudela azaldu du, —hektareako 10.000-15.000 kilo mahats ekoizten dituzte, sor-markak ezarritako gehiengoa 6.000 denean—, eta baldintza geologikoak eta klimatikoak ere kaskarragoak direla. «Arabako Errioxa sor-markako azken bagoien traktorea izan da, eremu onek eman diote sona markari. Arazoa da orain atoiko zamak pisu handiegia duela hain eremu txikiak tenk egiten jarraitzeko».

Sor-markak zonifikazioari atea ixteko erabiltzen duen argudioetako bat da mahatsaren inportazioa. Asteon argitaratu du txostena, esanez hiru eremuen artean (Errioxa Garaia, Beherea eta Arabako Errioxa) arabarra dela mahats gehien inportatzen duena. Arabako Errioxak mahats ekoizpenaren %40-50 Errioxa Beheretik inportatzen duela dio Logroñok. «Horrek erakusten du Errioxako ardoa batez ere ardo ezberdinen bateratzetik datorrela». Horrek tranpa duela diote ardogile arabarrek, hain zuzen Arabako Errioxan dauden dozena erdi bodega handiak direlako mahatsa beste eremu batzuetatik inportatzen dutenak.

Ardogile arabar gehienak eredu hedakorretatik urrun daude, baina hori kontsumitzaileak jakiteko identifikazio bat beharrezko ikusten du Miguel Larreina Kimika Zientzietako doktore eta Guardiako Ardoaren Etxearen sortzaileak. Terroir kontzeptua balio erantsi moduan indartu beharra nabarmendu du, lurrari lotutako ardoa delako hain justu Arabako Errioxako ardogintzaren eredu tradizionala. Bordele edo Chianti sor-marken etiketa eredua defendatu du, mahastiak eta ardoak segmentatzea, prestigioa irabazteko. «1990eko hamarkada amaieran, urtean 100 milioi botila egiten zituen Errioxa sor-markak; orain, 400 miloi. Erraldoitasunaren eredua da, denok hondamenera eraman gaitzakeena».

Aldiz, terroir edo sorterri kontzeptuan sakonduz gero, kalitate hobea eskuratzeko eta prezio handiagoan saltzeko aukera dagoela uste du Larreinak. Botilan Araba izena desagertuz joan dela salatu du, eta baita euskara erabiltzeko debekua ere. «Ez dira goi araudiak gure izenak eta hizkuntza debekatzen dutenak botiletan, beste batzuek argudio gutxirekin inposatutako behe mailako arauak baizik. Alda ditzagun arau horiek».

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak