Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Hasi, hauek hasiko dute

Publizitatea

Kirola

Saskibaloia. Euroligaren hasiera

Hasi, hauek hasiko dute

Gaur hasiko da Euroliga, eta talde batzuk NBAren soberakinei adi daude bostekoak osatzeko. FIBArekin pizturiko gatazka dela eta, zalantzan daude hiruzpalau jardunaldi
Ezker-eskuin, Spanulis, Papanikolau, Vesely eta Kalinic, talderik aldatu ez duten izarretatik lau.
Argazkia: JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

2017-10-12 / Danel Agirre

Joan den sasoian abiatutako aro berria handikeriaz iragarri bazen ere, Euroligaren atariko bakoitzak gerran eroritakoen partearen gero eta antz handiagoa du. Bere agenteek NBAra egiteko aukerarik murritzena negoziatuz gero —bermatu gabeko kontratuekin ere bai sarri—, atzera begiratu gabe, AEBetarako lehen hegazkina hartzen dute jokalariek. Ekpe Udoh, Bogdan Bogdanovic —Fenerbahce txapeldunaren bi jokalari onenak—, Milos Teodosic, Shane Larkin, Mike James, Daniel Theis, Ante Zizic, Cedi Osman, Brandon Paul, Darius Miller... Azken denboraldiko izar mordoxka ez da ariko Euroligan. Horietako batzuk zeukatena baino soldata baxuagoarekin eta jokatzeko batere segurtasunik gabe alde egin dutela jakiteak are gehiago etsitzen ditu laga berri dituzten taldeen zaleak.

Haziz doa AEBetako D-League delakoa, NBAk jokalari ez funtsezkoak kontrolpean izateko antolatzen duen bigarren mailako txapelketa. Bi ligen artean salto egiten joatea ahalbidetzen duten hitzarmen bereziak ere estreinatu berri dira. Munduko liga onenaren egituran gero eta profesional gehiago kabitzen dira, eta itxaropena galdu arte bertan muturra sartzearekin tematzen dira asko, sarri zeharka eta modu prekarioan bada ere.

Guztien nahiak beteko dituen lehiaketarik ez dago, ordea. Datorren ostiralean hasiko da NBA, eta pare bat egun lehenago, kalean utziko ditu hiruzpalau dozena jokalari. Ez dira gutxi Europan garai hori irrikaz itxaroten ari diren klubak. Baskonia da bat. Soberakinen artean hegal pibot bat topatu nahi du, Toko Xengeliarekin lanak partekatzeko.

CSKA Moskurekin zuen hitzarmena amaitu, eta berritzeko hiru urte eta hamabi milioi euroko eskaintza jaso zuen Milos Teodosicek, historiako bizpahiru handienetakoa Euroligan. Nahiago izan du Los Angeles Clippersera egin, bi urtean hamar milioi emango ez dizkion tratuarekin. Bartzelona eta Baskonia Larkin limurtzen saiatu ziren: guztira bi urte eta 5,5 milioi. Boston Celticsen amaitu du, datorren uda arteko lanpostuarekin, dirutzaren laurdena ere poltsikoratuko ez duelarik.

Horiek horrela, programatutako gastuak bete ezinik geratu dira Euroligako hainbat kide. NBAko izen entzutetsuren bat eskura geratuz gero, Real Madril, Fenerbahce —Dogus babeslearen dirutza du orain— edo CSKA berriketa gutxirekin ibiliko dira.

Norekin jokatu aukeratzera

Euroliga hasiko duten lantaldeek pare bat astez dantzan jarraituko dute, baina askoz egoera nahasiagoa bizi daiteke azaro bukaeran, Euroligak eta Nazioarteko Saskibaloia Federazioak (FIBA) hauspotutako liskarra baretzen ez bada. Ia bi hamarkada daramatzate erakundeok pipertuta. Apurka galdutako boterea berreskuratu nahi du FIBAk, eta, epe luzera, Europako klubetako lehiaketa nagusia berriz berak antolatzea.

Bere produktu nagusiaren, selekzioen arteko txapelketen, sailkatze fasearen bi lehia sorta sasoiaren erdian txertatu ditu FIBAk, futbolak egin ohi duen bezala. Munduko liga nagusiek ez zuten tarterik gordea partida horientzat, eta hautatzaileek zein deialdi egin ahal izango duten misterio bat da. NBAk hasieratik erdeinatu zuen FIBAren asmoa, eta azken horrek ez du inongo gaitasunik Adam Silver mandataria estutzeko. Euroliga gutxiago ez dela adierazten saiatu da, baina NBAren gisako irmotasuna transmititzerik ez du lortu.

Ziurtzat ematen da Euroligako klubak saiatuko direla jokalariek selekzioei uko egin diezaieten bultzatzen. Egutegia, besteak beste, inoiz baino estuagoa dutelako iaztik. Presioa tentuz egin beharko dute, ordea. Herrialde askotan (Espainia, esaterako) derrigorrezkoa da deialdia onartzea, lizentzia ez galtzeko. Jokalariak —Victor Claver izan zen azkena herenegun— erabakiaren pisua bere gain ez uzteko erreguka ari dira.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak