Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Ezinezko oreken funanbulista

Publizitatea

Ekonomia

Alexis Tsipras

Ezinezko oreken funanbulista

Urteko pertsonaia izan da Greziako lehen ministroa euroa haustear egon den amesgaiztoan. Bi hauteskunde, erreferendum bat, 'corralito' bat eta austeritate erreskate berri bat gainditu ditu, eta zutik dirau.
Argazkia: GORKA ARANBURU

2015-12-27 / Jon Fernandez

Hari baten gainean egin du urte guztia Alexis Tsiprasek, eta oraindik ez da jausi. Philippe Petit funanbulista frantziarrak 1974ko udan New Yorkeko dorre bikien arteko bidea —lurretik 417 metroko garaieran— altzairuzko kable baten gainean oinez egin zuenean, musika klasikoa entzuten omen zuen bere buru barnean. Ezin jakin bere baitako zein melodiak eman dion barne oreka Greziako lehen ministroari, baina Europako goi politikaren kablean funanbulistarik trebeenetakoa dela erakutsi du aurten. Aldeko zein kontrako haize ufadek kablea gogor astindu arren, zutik eusten jakin du Tsiprasek.

«Inor ez dago prest Armagedoi baterako», esan zuen Gianis Varufakisek ekainaren 21ean, Atenasko gobernu bileran, artean Ekonomia ministroa zela. Ez zen euroaren hausturaren apokalipsirik gertatu, baina, lehenengo aldiz, diru batasunaren haustura aukera erreal bihurtu zen. Armagedoirik ez, baina tsunami politiko bat bestearen atzetik gainditu zuen Tsiprasek (Atenas, 1974): bankuen itxiera (corralito-a), Europak —bereziki Alemaniak— Grezia eurotik kanpo lagatzeko mehatxu erreala, erreskateari buruzko erreferenduma, hirugarren austeritate erreskatearen sinadura —galdeketako emaitzaren kontra—, Syrizaren zatiketa, aurreratutako hauteskundeak.

Astindu gehiegi katu batek adina bizitza politiko ez dituen edozein liderrentzat. Urtarrilean hasi zuen kable gaineko bertigozko ibilbidea Greziako lehen ministroak. Troikaren bigarren erreskateko azken ordainketa blokeatuta zegoela hasi zuen agintaldia, estatuko diru kutxan arazo larriekin, hilero hartzekodunei pagatu beharreko faktura handiekin eta hauteskundeetako promesa zerrenda ausart bezain luzearekin: beste erreskaterik ez sinatzea, austeritatearen aroa ixtea, gutxieneko soldatak eta pentsioak igotzea, oligarkiaren kontra egitea, behartsuenei elikagaiak eta argindarra bermatzea... Bidean geratu ziren promesa gehienak.

Bost hilabete luze egin zituen Atenasek Bruselarekin negoziatzen, baina ez zuten ezer aurreratu. Bidean, odol ugari galdu zuen Greziako ekonomiak, eta negoziazioen ringean indarra galtzen joan zen Varufakis Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroaren eskuinkaden eraginez. Negoziatzaile gogorraren rola hartu zuen Varufakisek, eta atseginagoarena Tsiprasek. Baina negoziazioaren benetako gidaria, Greziaren aldean behintzat, Tsipras bera izan zen.

Egoerak ekainean muturrera egin zuenean erabaki gogorrak hartu zituen. Syrizaren agintaldiko lehen lau hiletan bakarrik, bankuek 37.619 milioi euro galdu zituzten gordailuetan, eta herrialdeko bankak EBZren larrialdizko likidezia lerroari esker jarraitzen zuen bizirik. Ekain amaieran, diru barik, negoziazioak blokeatuta eta bigarren erreskatea agortzear, Bruselaren azken erreskate proposamenari buruzko erreferendumera deitu zuen Tsiprasek. Bi egunera bankuak itxi zituen, likidezia faltagatik.

Azken bataila, zorrarena

Varufakisek iragarritako armagedoiaren atarian zeuden. Erreskatearen kontrako botoa eskatu zuen gobernuak, eta ezetzak irabazi zuen, babes handiarekin (%61). Varufakis gobernutik kendu eta Euklidis Tsakalotos jarri zuen Ekonomia ministro, troika limurtzeko. Baina alferrik. Herrialdearen bankarrotak eurogunea ez kutsatzeko, Berlinek Grezia «aldi baterako» eurogunetik ateratzea proposatu zuen. Hala eginez gero, aldi baterakoa betirako bihurtzeko arrisku handiegia zegoen, eta azkenean amore eman zuen Tsiprasek: Bruselak proposatutako hirugarren erreskatea sinatu zuen uztailaren 13an.

Erabakiak Grezia eta Syriza astindu zituen. Ezkerretik apurtu zen Tsiprasen koalizioa, eta, gobernu babesa galduta, hauteskundeetara deitu zuen irailerako. Hirugarren austeritate erreskatea (86.000 milioi euro) sinatuta aurkeztu zen bozetara, zazpi hilabete lehenago agindutakoaren kontrakoa aginduz: beste hiru urtez gerrikoa estutzea beste biderik ez dela geratzen. Zaila zirudien, oso zaila, baina berriro irabazi zituen hauteskundeak, eta Anel nazionalista eskuindarrarekin osatu zuen berriz ere gobernua.

Udaz geroztik, erreskatearen letra txikia betetzen ari da aldiro-aldiro dirua jaso ahal izateko: erreformak, murrizketak eta pribatizazioak. Geratzen zaion esperantza eta borroka bakarra zor publikoaren zati bat kitatzea da —317.000 milioi euroko zor publikoa dauka, BPGaren %180 inguru—. «Pentsatzen dut seguruenik gurea dela hartzekodunei norbere odolarekin ordaintzen dien herrialde bakarra», esana du lehen ministroak. Alemania eta Brusela ez daude kitak egiteko prest —EBko kideak dira hartzekodun nagusiak—, baina NDFk saihetsezintzat jo du kita.

Troikaren aurkari sutsuena zena haren esaneko mutil bihurtu da urtebetean —hiru urtean BPGaren %5eko murrizketak egingo ditu—. Eta ziaboga eginda ere, ez da kabletik erori, bidean, frustrazioarekin batera, sinpatia handia piztu duelako greziarrengan: mamian ez du ezer lortu, baina EBren eta Alemaniaren austeritate estrategia ageri-agerian laga ditu, unerik kritikoenean herritarrei kontsulta egin die —gero kontrakoa egin arren—, eta muturreraino negoziatu duela erakutsi du. Hari-harian ibiltzen ikasi du denbora gutxian; eskarmentua oso baliagarri izango zaio aurrerantzean ere.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak