Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Arazoa ez dira gailuak; arazoa pertsonak dira»

Publizitatea

Bizigiro

La 9 de Anon. Hacktibistak

«Arazoa ez dira gailuak; arazoa pertsonak dira»

Nafarroako ubidearen kontrol sisteman sartu dira Anonymous taldeari loturiko hackerrak, eta euren eskura izan dute hainbat orduz.
Hackerrek Nafarroako ubidearen sistemaren irudi hau bidali diete arduradunei, kontrolpean izan dutela frogatzeko.
Argazkia: BERRIA

2016-10-28 / E. L.

Joan zen asteburuan Nafarroako ubidearen kontrol sistemaren segurtasuna hautsi, eta emaria eta bestelako parametroak menpean izan zituzten La 9 de Anon taldeko hacktibistek. Kanala kudeatzen duen Aguas de las Cuencas de España enpresa publikoak baieztatu egin du erasoa, eta salaketa jarri duela adierazi.

Zergatik interesatu zaizue Nafarroako ubidea?

Izugarri maite ditugu azpiegiturak eta UPNk nola kudeatu zituen. Milioika euro gastatzen dituzte, eta, gero, ateak zabalik eta kuleroak jaitsita uzten dituzte, teknologiaz gutxieneko bat dakien gu bezalako edozein kuxkuxerorentzat. Bakarrak direla uste duzu? Baita zera ere!

Nola sartu zarete kanala kontrolatzeko sisteman?

Joan zen ostiraleko erasoak erakutsi zuen nola erabil daitezkeen Gauzen Interneteko gailu ahulak. Eta hau horren beste adibide bat izan da. Erasotik orduak pasatu ondoren ere, oraindik eskuragarri dago hutsegite hori.

Nafarroako ubidean Internetera loturik dagoen gailu batetik sartu zarete, beraz. Kamera batetik? Inprimagailu batetik?

Hurbiltzen ari zara. Hau sareko azpiegituran dauden zulo ikaragarrietan eginiko kontzeptu proba bat besterik ez da izan. Aspaldi dira ezagunak zulook, eta gobernuek beste eginkizunetarako erabiltzen dituzte. Aldea honetan datza: sarean denok berdinak gara.

Zenbaterainoko kontrola eman dizue? Zer egin zenezaketen gaizkileak bazinete?

Oraindik kontrolpean izan genezakeen, baina hacktibistak gara, ez diegu azpiegiturei edo pertsonei kalterik egiten. Beraz, ezin dugu erantzun ez garena bagina bezala. Galdera Nafarroako ubidearen arduradunei egin beharko, baina esango dute ez dela ezer gertatu, dena kontrolpean egon dela, eta ezingo genituzkeela balbulak ireki, etengailuak piztu, edo sistema gelditu edo reset egin.

Baina zentral nuklearrek, esaterako, sistema seguruagoak izango dituzte, ezta?

Gu ez ginateke horren ziur izango. Arazoa ez dira sistemak edo gailuak; arazoa pertsonak dira.

Hau da, Homer Simpson faktorea? Gizakien alferkeria erabiltzea da kontua?

Hain zuzen ere. Sistema informatikoen ahuldadeak giza okerretan oinarritzen dira: bai kodeak diseinatzerakoan, bai ate logiko eta fisikoak kudeatzeko orduan.

Beste azpiegiturarik probatzeko asmoa duzue?

Orain ez dugu ezer gogoan, eta ez dugu izan behar. Kar-kar-kar.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak