Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Dimisioa eman du Lezoko alkateak

Publizitatea

Gizartea

Dimisioa eman du Lezoko alkateak

Hondakinak biltzeko sistema adostu zuen EAJk EH Bildurekin. GBBk ez du ontzat jo akordio hori, eta alkateak dimisioa eman du

2016-03-13 / Iñaki Petxarroman

Ez zen Gipuzko Buru Batzarren (GBB) gustukoa Lezoko EAJk EH Bildurekin lortutako akordioa hondakinak biltzeko sistemaren inguruan. Izan ere, akordio horrek atez ateko bilketa aurreikusten du hondakin organikoentzat eta errefusarentzat eta edukiontzien bidezko bilketa gainerako gaientzat. Otsailean iragarri zuen akordioa Lezoko Udalak, eta aitortu zuen zintzilikarioak aprobetxatuko zituztela hondakin organikoak eta errefusa jasotzeko. Aldi berean, agindu zuten herri galdeketa bertan behera uzten zutela akordio horren ondorioz.

Orain, Gipuzko Buru Batzarrek egindako presioen ondorioz, dimisioa eman du Kepa Garbizu Lezoko alkateak. Aurreko ostiralean aurkeztu zuen dimisio eskaera udaleko erregistroan, GBBrekin bilera bat egin ondoren.

Lehen aldia zen EAJko udal batek atez ateko sistema onartzen zuena, nahiz eta «sistema misto» deitu zioten. Udalak hondakinen gaia konfrontazio politikotik kentzeko gogo handia zuela adierazi zuen Xubero Ubillos EAJko zinegotziak. EH Bilduk ere ontzat jo zuen akordioa. Denak ez zeuden gustura, baina. Berehala heldu zitzaizkion kritikak udal gobernuari, PSE-EEren aldetik eta Lezo Garbia plataformaren aldetik. Ekaitz nagusia, baina, etxe barruan zuen. Izan ere, GBBk ez zuen batere gustuko akordioa.

Horren harira, berehala hasi zitzaizkion GBBtik lehen presioak egiten EAJko udal taldeari, akordioa bertan behera uzteko, Gipuzkoa osorako aurrekari bat izateko beldur baitzen alderdiaren Gipuzkoako zuzendaritza.

Presioari ezin eutsita, ostiralean dimisioa aurkeztu zuen Kepa Garbizu alkateak. Ikusteko dago zer egingo duten EAJko udal taldeko gainerako kideek, baina orain arte erabateko babesa adierazi diote alkateari gai horrekin, eta zaila dirudi orain bakarrik uztea. Talde osoak dimisioa aurkeztuko balu, EAJri legokioke bere sei zinegotziak hautatzea. Lezoko udalean, EH Bilduk beste sei zinegotzi ditu, eta PSE-EEk, bakarra.

Galdeketa gaur Ordizian

Hondakinak biltzeko zein sistema nahi duten aukeratzeko bidea izango dute gaur Ordizian (Gipuzkoa) egingo den galdeketa batean. 8.278 lagun daude boza ematera deituta; 16 urtetik gorako biztanle guztiak. Sistema mistoa edo txipen bidez funtzionatzen duten edukiontzietan oinarritutakoa; gogokoen zein duten esan beharko dute ordiziarrek. Herritarrek hartutako erabakia ontzat emango du Ordiziako Udalbatzak heldu den ostegunean, osoko bilkuran. Besteak beste, sistema mistoaren alde bozkatzeko dei egin dute LAB eta ELA sindikatuek eta beste hainbat eragilek.

Bestalde, BERRIAk berriki iragarri zuenez, Ermuko Udalak mankomunitatea «partzialki» uzteko eskari formala egin dio Debabarrenari. Bere errefusa Bizkaiko azpiegituretara eraman nahi duela esan dio. Horrek Gipuzkoako errefusaren kudaketa errazteaz gain, Ermuarentzat «onuragarriagoa» litzateke ekonomikoki. Carlos Totorikak (PSE-EE) sinatutako agiria aztertu beharko du mankomunitateko zuzendaritzak, hura ere PSE-EEren esku.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak