Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Mundua norantz birarazi

Publizitatea

Gizartea

Alternatiben Herria

Mundua norantz birarazi

Milaka pertsona batu ditu Bilbon Alternatiben Herriak antolatutako mahai inguru eta solasaldi sortak. Egungo sistema eraldatzeko beharra azpimarratu dute parte hartzaile gehienek
Milaka pertsona batu zituen Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriaren burujabetza prozesuei buruzko mahai inguruak atzo, Bilboko Areatzan.
Milaka pertsona batu zituen Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriaren burujabetza prozesuei buruzko mahai inguruak atzo, Bilboko Areatzan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

2015-10-25 / Iñigo Astiz

Alternatiba bilatzea beste alternatibarik ez dagoela. Alderik alde zeharkatu zuen ideia horrek atzo Bilbon Alternatiben Herria egitasmoaren egitaraua; berdin ekologismoari buruzko mahai inguruetan, nola herrialdeen burujabetza prozesuei buruzko eztabaidetan, eta euskalgintzari edo feminismoari eskainitako saioetan. Alternatibarik proposatu ezean, egungo errealitatea baita arau, eta, atzo hizlari aritu ziren askok azaldu zutenez, errealitate hori ez baita ez justu, ez berdinzale, ez eta sostengagarria ere. «Alternatibak badaude, eta hemen ikusitakoa da horren froga». Elkarrizketa eta debatea sortu izanarekin bakarrik pozik azaldu zen antolakuntza taldeko Liher Gonzalez Bilbatua. «Prozesua bera izan da oso positiboa; ehunka eragile jarri dira elkarrekin lanean». Jendearen erantzunarekin ere pozik azaldu zen, gainera, goizean goizetik milaka pertsona batu baitziren Areatzan eta Zazpikaleetan antolatutako eztabaida eta mahai inguru sortan parte hartzera.

Zabala zen programa, eta bere adarretik heldu zion bakoitzak alternatiba beharraren ideiari. Epea ere aipatu zuen, adibidez, Gorka Bueno EHUko irakasle eta Ekologistak Martxan-eko kideak. «Egungo CO2 isurketa joerak mantenduz gero, 4 edo 5 graduko berotze globala izango dugu mende amaieran: izugarria da». Isurketak berehala murrizteko neurriak hartu behar direla zehaztu zuen horregatik. «Ekonomiaren karbono gabetze erabatekoa behar dugu klima aldaketari aurre egin ahal izateko». Izan ere, Buenok zehaztu zuenez, hala egin ezean handia izan daiteke kaltea. Luis Gonzalez eta Leire Urkidirekin batera aritu zen Bueno klima aldaketaz hizketan, eta aldaketarako epea amaitzen ari dela zehaztu zuten haiek ere. Gonzalez: «Behartutako trantsizio energetikoaren garaian gaude, baina ez soilik isurketek klima aldaketa dakartelako, baizik eta hemendik aurrera gero eta zailagoa eta errentagarritasun txikiagokoa izango delako erregai fosilekin jarraitzea».

Kimikan doktore da Gonzalez, baita En la espiral de la energia (Energiaren espiralean) liburuaren egilea ere, eta energia berriztagarrien mugez aritu zen nagusiki atzo. Hemendik gutxira ez da aukera bat izango alternatibak bilatu beharrarena, haren hitzetan. «Energia berriztagarriek ez dute erregai fosilek besteko energia oinarririk ematen, eta horrek esan nahi du gizarteak aldatu egin beharko duela». Adibide bat ere aipatu zuen. «Egun, ekonomia globalizatu batean bizi gara, besteak beste, merke ateratzen zaigulako produktu eta pertsonen garraioa, baina, energia fosilak lortzeko kostuek gora egin ahala, hori aldatuz joango da, eta lokalagoa izango da mundua». Energia eredu batetik beste energia eredurako trantsizio hori planifikatzeko beharra azpimarratu zuen Urkidik, eta azaldu zuen zergatik ere. «Egungo energia eredua ez da txarra soilik sostengagarria ez delako, baizik eta baita demokratikoa ez delako ere». Eta proposamen zehatza egin zuen Buenok: «Gelditzen den energia fosila energia alternatiboak bilatzeko inbertitu behar litzateke».

«Bestelako herri bat»

Ez zen soilik teoria izan, ordea. Hitzaldi eta mahai inguruekin batera, tailerrak, bizikleta martxak, ikastaroak eta antzerki ikuskizunak ere antolatu zituzten. Horrez gainera, gizarte mugimenduek eta kooperatibek karpak eta postuak ere jarri zituzten Areatzan eta Plaza Barrian. Antzerki eta dantza bidez eman zioten hasiera egunari, eta etorkizunerako zita bat proposatu zieten han bildutakoei. Izan ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak jarri zuen orain dela urte batzuk atzoko egitasmoaren hazia, eta urtarrilaren 23an egingo duten batzarrean parte hartzeko deia egin zuten irekiera saioan.

Jendetza izan zen Areatzan egun osoan, baina bereziki arrakastatsua izan zen, adibidez, Mario Zubiaga politologoa, David Fernandez CUP alderdiko kidea eta Cat Boyd Eskoziako Radical Independence Campaign taldeko kidea batu zituen mahai ingurua. Lepo zegoen Karpa Nagusia ekitaldian, eta inguratu egiten zituzten entzuleek hizlariak. Uztartuta aurkeztu zituzten burujabetza prozesua eta alternatiba soziala topatzeko beharra Fernandezek eta Boydek. Kataluniakoak lehenik: «Herri independente baten ametsa ez da bestelako herri baten ametsa baizik». Eta eskoziarrak ondoren: «Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumean, Radical Independence Campaigneko kideok etxez etxe joan ginen azaltzera independentziaren aldeko botoa ez zela zeinen eskoziar sentitzen zinen adierazteko boto bat. Guk independentzia nahi genuen demokrazia nahi genuelako». Jakina denez, independentzia zaleek ez zuten erreferenduma irabazi azkenean, baina galdeketa aurreko giroa nabarmendu zuen Boydek. «Ez genuen erreferenduma irabazi, baina Eskozian inoiz izan den auto-ikasketarako prozesurik handiena izan zen hura». Eta baikor aritu zen etorkizunaz. «Eskozia independentea izango da, eta herrialde hori herriarena izango da».

Aliantzen garaia

Independenteak izan ziren hitzaldi eta mahai inguru guztiak: euskara, sindikalismoa, ekologia, feminismoa, ekonomia soziala... Nor beretik aritu zen bakoitza atzo, baina baita ezinbestean bata bestearen ondoan ere, eta igarri zen hori ere solasaldietan. Lan munduari buruzko mahai inguruan parte hartu zuen Yolanda Jubeto Ekonomia doktore eta aktibista feministak, adibidez, baina zabaldu egin zuen fokua. «Sistema honen arma indartsuetariko bat hori baita: etsaiak garela sinetsarazten digu, eta zatitu egin nahi izaten gaitu. Borroka feminista, borroka ekologista eta klase borroka erabat uztarturik daude: aliantzen garaia da».

Eta antzeko mezua eman zuten Alternatiben Herria antolatu zutenek ere egun amaieran. Baikorra izan zen balorazioa, baita aurrera begirakoa ere. «Hau bidearen lehen urratsa da; hemen ez da ezer amaitu. Bidezkoagoa den mundu baten aldeko borrokak jarraitzen du».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak