Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Sinboloei buruak moztu dizkiegu, eta harro gaude»

Publizitatea

Kultura

Angel Bados. Artista

«Sinboloei buruak moztu dizkiegu, eta harro gaude»

Euskal artearen izen garrantzitsuetariko bat da Badosena, baina oso noizbehinka egiten ditu erakusketak. Artearen egitekoaz mintzo da Bilboko Carreras Mugican.
Argazkia: ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

2017-10-08 / Iñigo Astiz

Bizkarra apur bat okertuta, zentimetro gutxi batzuen distantziatik, zehatz aztertzen du bulegoko paperez sortutako eskultura txiki bat Anjel Bados eskultoreak (Olatzagutia, Nafarroa, 1945). Carreras Mugica galeriako hall-ean dago artista, Bilbon, eta aski ikusia dauka pieza aurretik ere, baina ezker eta eskuin aztertzen du beste behin haren plegu bakoitza. Babesleku moduko bat dirudi. Bizkarra berriz zuzendu, eta esan du: «Neure burua errekonozitzen dut pieza horretan». Baina pieza ez da berea. Ez du Badosek sortu, Manu Uranga artistak baizik. Ikasle izan zuen, eta horregatik konexioa. «Oso ongi moldatu gara beti, eta bitxia egiten zait nola errekonozitzen ahal dudan neure burua hain jende gaztearen lanetan». Galerian aurreraxeago dauka bere erakusketa Badosek, galeriako areto nagusian: Para ambos lados de la frontera (Mugaren bi aldeentzat). Ez da erakusketa gehiegi egitekoa, eta berezi egiten du horrek okasioa.

Izan ere, Bados bada nor. Euskal Eskultura Berria mugimenduan kokatu zuten kritikariek 1980ko hamarkadan, Txomin Badiola, Pello Irazu, Maria Luisa Fernandez eta Juan Luis Morazarekin batera, eta Oteizaren eta Txillidaren osteko euskal artegintzako izen nagusietariko bat izan da. Irakaskuntzan ere aritu da luzez Euskal Herriko Unibertsitatean, eta asko dira haren eskolek eragindako zirrara aitortzen duten euskal artista gazteak. Tantaka egin ditu erakusketak. Duela lau urte egin zuen azkena, Madrilen, eta hamazazpi urteko isiltasun tarte bat ere badu bere ibilbidean. «Baliteke, bai; egia esan, ez dut konturik eramaten», aitortu du.

Eta nolatan halako isiltasun tarte luzeak?

Motel egiten dut lan. [Isiltasun bat]. Motel. [Beste isiltasun une bat]. Eta pieza bakoitzak du bere denbora. [Eta azken isiltasun tarte laburra]. Irakaskuntzarena ongi egon da. Hartua dut erretiroa, baina oso ongi egon da. Eta uste dut krisi luze bat ere izan dudala, bai, baina tailerrean lanean pasatu dut krisi hori ere, nahiz eta gero ez diren pieza horiek inon azaldu. Beti aritu naiz lanean, baina nire tempoan. Piezek agintzen dute.

Erakusketan genbiltzala, zu zeu ere harritu egin zara zure pieza batekin, berria egin zaizun perspektiba batetik ikusi duzulako. Eta erakusketarako idatzitako aurkezpen testuan ere aitortzen duzu eskulturek ihes egiten diotela eskultoreari.

Esan ezin dena adierazteko dago artea, edo eskuraezina den horretara iristeko. Irudikapenetik harago dagoen zerbait da. Harago dagoen azken helburu horretara heltzen saiatzeko mekanismoak baino ez dira ideiak, gaiaren irudikapenak eta abar guztiak. Muga horretan kokatzen da artistaren lana, eta jarraitu ahala ihes eginez doanarekin aritu behar du lanean horregatik, harik eta satisfazioaren mugara heldu, eta «ezin dut gehiago» esaten duen arte. «Honaino heldu naiz».

Irakasle lanaren dialektikak ere balioko zizun horretarako.

Hitz larriz idatzitako Errepikapenean doa agertuz zure estiloa deitzen den hori: errepikapen horretan kristalizatzen da. Eta, jende gaztearekin zaudenean, etengabe jartzen da kolokan prozesu hori. Irakaskuntzaren testuinguru horretan, irakasleak urteetako lanaren eta filosofiaren eta artearen historiaren jakintzaren bidez arteari buruz duen ideia irakasteko autoritatea mantentzen du, baina ezin diozu ikasleari halakorik inposatu.

Irakaskuntzarekin oso lotura estua izan duzue beti, bai zuk, eta baita zurekin batera Bilbon bat egin zuten Txomin Badiola, Juan Luis Moraza, Maria Luisa Fernandez eta Pello Irazu artistek ere.

Bilboko fakultatera irakasle izateko deitu nindutenean, Txominek jadanik urtebete zeraman han, eta Morazarekin, eta Maria Luisa Fernandezekin kointziditu genuen, eta opari bat izan zen hura. Unibertsitatean guri zegokigun irakaskuntzaren alorra artikulatzen lagundu zigun horrek, eta eraikin berean lanean hasi ginen gero. Dena partekatzen genuen, eta dena eztabaidatzen, eta zoragarria izan zen. Ilusio konpartitu bat izan genuen hor, eta, gero, bizitza halakoa delako, ezinbestean, bakoitzak bere bidea topatu zuen, eta bereizi egin ginen. Eta urte sorta batera batu egin ginen berriz. Baina egia da niretzat oso esparru garrantzitsua izan dela irakaskuntzarena. Oso ongi pasatu dut horretan.

Oso presente dago transmisioaren ideia hori artista talde horretan.

Esango nuke artearenganako fedea izan dela gakoa.

Eta jarraitzen duzu fede hori edukitzen?

Bai, bestela ezingo nuke lan egin. Fisikoki ere gogorra da eskulturan aritzea: hotza pasatzen duzu neguan, eta beroa udan [barre egiten du].

Erakusketan bildu dituzun piezak ere oso fisikoak direla esango nuke.

Bai, uste dut baietz.

Beren baitarantz bildurik dirudite batzuek, tentsioan bezala, barruan dutena kanporatzear baleude bezala.

Denborarekin joan naiz hori aitortuz, eta horrek gidatuko banindu bezala da orain. Oso obra materiala da nirea. Arteak beste material baten distantzian gorpuzturik irudikatzen du irudikatzen duena; harrian gorpuzturik, egurrean gorpuzturik... Egia material horrek erakartzen nau.

Erakusketako piezetariko batek argi adierazten du materialen arteko tentsio hori. Elkarren alboan eta kasik elkarren kontra biltzen ditu harri bat, oihal bat eta kristalezko ontzi bat.

Gure konplexutasunaren araberakoak dira osagarri batzuk. Badaude haurtzarotik datozen osagarriak. Badaude bizi garen munduari buruzko iritzitik sortutako osagarriak. Badaude osagarri informatiboagoak eta baita politikoagoak diren batzuk ere.

Hainbat eskulturatan erabiltzen dituzun palestinarren zapiengatik diozu hori?

Kufiyengatik, bai. Eta, horrez gainera, badaude kultur elementu gurutzatu batzuk ere. Eta ia beti bilatzen dut elementu batzuen eta besteen arteko kontrastea.

Irudi du batzuetan zure eskulturek bizileku moduko bat eskaini nahi luketela, edo akaso gordailu moduko bat direla bestela.

Bai, badute gordailu kutsu hori. Eskulturak kargatu daitezen gustatzen zait, baina ez era esplizitu batean; geldi daitezela erdi-ezkutuan. Eta espazioa ere leku gisa ulertzen dudala esango nuke.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Adelina Moya arte historialariak behin, estudiora etorri, eta galdetu zidan ea zein zen piezen izaera, eta nik instintiboki esan nion nire eskulturek lekurik ez duenari lekua eskaintzen ziotela.

Titulurik ez zenion jarri nahi erakusketari, eta, halere, azkenean, hiru titulu posible baino gehiago aurkezten dizkiozu bisitariari erakusketarako idatzitako aurkezpen testuan.

Bai, tarteko espazioetan nago ni ongi, eta horregatik jarri diot mugaren bi aldeentzat izena.

Oteizaren baimenarekin izan da erakusketarentzat esku artean erabili duzun beste titulu posibleetariko bat.

Eta piezentzako sortutako titulu posibleen artean bada beste bat ere: Oteiza gorabehera. Paisaia baterantz zihoan pieza zen, eta bat-batean Oteiza agertu zen. Paisaia bat da, eta, halere, Oteizaren pieza bat da.

Garrantzitsua izan da Oteiza zuretzat ere. Haren klera laborategia sakon ikertua duzu, esaterako. Bitxia da bi titulu horiek nola aurkezten duten Oteizarekiko bi norabideko harremana. Oteizaren baimenarekin eta Oteiza gorabehera.

Tailerrean oso presente dago Oteiza beti. Baina bera eta bere diskurtsoa baino gehiago, haren piezak daude presente, pieza horiekin ikasi baitut eskultore izaten. Behin Oteizaren barruraino sartu zarenean, ezinezkoa da hortik ateratzea, eta, ateratzen zarenean ere, Oteiza gorabehera arituko zara, berak hor jarraituko duelako.

Harekin harremana duten piezak egiterakoan, haren baimenarekin, eta harekin zer ikusirik ez duen zerbait egitean ere, hura gorabehera. Fantasma bat bezala deskribatzen duzu.

Jabe errukigabe bat da. Bere idazkera zoragarri horretan ere erabat kondenatzen zaitu bere esanak zehatz-mehatz segitu ezean. Baina ezinezko zen hura zehatz-mehatz segitzea. Eskerrak berak ere bere diskurtsoari traizio egin ziola! Eskerrak eskultore lanean disfrutatzen eta aske aritzen jakin zuela, baita berak aldarrikatzen zuenaren gainetik ere.

Piezek agindu zutena egin zuela diozu, ezta?

Hori ikusi nuen nik klera laborategian. Bere burua aske utzi eta aritu ahala disfrutatu egin zuela ikusi nuen.

Eta pieza askeago horiek dira zuri gustatzen zaizkizunak?

Fisikoagoak diren horiek gustatzen zaizkit, bai. Estrukturalki, esaterako, oso antzekoak dira kutxa abstraktuak eta kutxa metafisikoak, baina haietako batzuetan Oteizak bere zerbait utzi du, bere haragi pixka bat, eta horiek dira guztiok liluratzen gaituztenak. Nik ikasleei beti esaten diet Oteizak asmatu zuela euskal artearen mitoa. Bera heldu arte ez zegoen euskal arterik. Mitoa fikzio bat da beti, eta, [Jacques] Lacanek dioenez, fikzio horren egitura egiazkotasunaren edo faltsutasunaren arabera da mito bat ere egiazkoa edo faltsua. Eta, Oteizaren kasuan, bere eskulturak baieztatzen zuen berak euskal artetzat zuen hori.

Euskal Eskultura Berria izendatu zuten Oteizaren osteko artista taldeko parte izendatu zaituzte maiz. Nola sentitzen zara etiketa horren pean?

Esan dut lehen ere zoragarria izan zela Uribitarten eskolak ematen bat egin genuen artista talde horren parte izatea. Denontzat izan zen lagungarri, eta, ateratzen hasi ginenean, kritikariek, komisarioek eta hedabideek izen hori jarri ziguten. 1984aren bueltan izan zen hori; postmodernitate sasoia zen Espainian, lekuan lekuko kultur espezifikotasuna onartzen hasia zen, eta orduan agertu zen etiketa. Inguru honetan gogor egiten dugu lan, hori baita iparraldeko ohitura, ba Euskal Eskola Berria izendatu gintuzten.

Eta zer-nolako harremana duzu orain izendapen horrekin?

Irribarrea eragiten dit. Bai, ez zegoelako halako ezer sortzeko inongo intentziorik. Langileak ginen, fakultatea eraberritzen saiatzen ari ginen, eta kito. Eta, gero, egia da denbora batez gutako bakoitzarentzat zama moduko bat izan dela etiketa hori. Ni erabat liberatuta nago orain, denbora pasatu delako, eta, azkenean, berriz ere orduko lagunekin bildu ahal izan dudalako, baina bueltako bidean jadanik. Urte haiek zeinen zoragarriak izan ziren da nik gogoratzen dudana, eta, nire ustez, bereizketak gertatu egin behar ziren horren guztiaren ondoren. Euskal Eskultura Berriarena jadanik ez da zama bat niretzat, nahiz eta oso ongi dakidan etiketa hori bizitza guztian izango dudala gainean.

Errespetuzko distantzia handiagoa izango duzue orain ere.

Lehen, sentimenduak zeuden tartean, eta harrotasuna ere bai, eta orain...

Orain piezak daude.

Hori da.

«Iraunkortasun sinbolikoa». Kontzeptu hori aipatzen duzu erakusketarako idatzitako testuan. Zer da hori?

Arteak niretzat funtzio erradikalki sinbolikoa dauka. Sinboloak batu egiten du bereizita dagoena. Izendaezina eta irudikaezina den horri aipamena egiten diona da sinboloa. Eta hori da artearen funtzioa.

Eta iraunkortasunarena?

Oso zaila da funtzio sinboliko hori eraberritzen duten sinbolo partekagarriak sortzea. Oso zaila da hori kontsumo kultura batean, batez ere, kultura bera ere kontsumo logikaren arabera sortzen denean. Kontsumoaren irudiek ere eutsi egiten gaituzte, eustea delako sinboloen funtzioa, eta sinbolo horiek gabe ziur aski erotu egingo ginateke, baina irudi horiek ez gaituzte salbatzen, ez gaituzte sendatzen, eta hortxe dago gaur egungo kulturaren puntu kritikoa. Irudi itsaso batean gaude gaur egun, eta iruditzen zait kontuan hartu beharrekoa dela ekonomia sinboliko hori. Ezin direlako sortu sinboloak era industrialean. Zailtasuna dugu sinboloak sortzeko, eta, gainera, harro gaude sinbolo guztiei burua moztua diegulako.

Hain zuzen ere, nahiko ohikoa da artista gazteen erakusketetan xehe-xehe eginda diruditen eskulturak ikustea. Igarri duzu hori unibertsitatean zuk ere?

Bai. Sistema ekonomikoak klase guztietako sinboloak fagozitatzen ditu, eta gaztea matxinatu egiten da horren aurka. Oteiza ere matxinatu zen, zaharkituta gelditu zen zerbaitekin apurtzeko, baina baita zerbait berri eta eraberritua proposatzeko ere.

Maiz aipatzen dute zure izena artista gazteek, eskerturik eta lilura apur batez.

Ez dakit nola egin dudan. Benetan diot. Arte asko ikusi dut, bidaia asko egin ditut, mundu klasikoa ikertu dut, mundu modernoa ere bai, baina ikasle bakoitza bakana da, eta, ondorioz, nik ezin dut jakin hari zer komeni zaion. Nik lagundu egin behar diot bere desirei jarraitu eta bere burua aske adieraz dezan. Hori da irakaskuntzaren egitekoa.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak