Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua 'Esloveniako bidea': Europako aurrekariak

Publizitatea

Mundua

Katalunia. Nazioartera begira

'Esloveniako bidea': Europako aurrekariak

Independentzia adierazpena denboraldi batez eteteko eskatu du Kataluniako Gobernuak, bitartean nazioartean babesa bilatzeko. Aurretik Europako zenbait estatuk erabilitako formula da, besteak beste, Esloveniak eta Letoniak.
Brijuniko Itunean adostu zuten independentziarako hiru hileko etena.
Argazkia: BERRIA

2017-10-11 / Samara Velte

Bruselan bulegoren bat duten estatuetako diplomazialari guztiek jasoko zuten honezkero Kataluniako Gobernuko ordezkariren baten bisita, gertatuko zenaren berri emanez eta euren aldeko posizioa agertzeko eskatuz. Bartzelonan pentsa litekeena baino konfiantza handiagoa dute mikroetatik at egindako lan horrengan, nahiz eta oraingoz goi mailako politikari gutxik agertu dioten babesa Kataluniaren independentziari. «Egon lasai, une egokia heltzen denean aterako dira», esaten da ahapeka Generalitateko pasabideetan.

Katalanen gonbitea jasotakoan, Europa ezinbestean oroitu beharko da aitortu izan dituen azken herrialdeetaz; SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun ohikoez eta Jugoslavia ohikoez. Carles Puigdemont presidenteak ez du alferrik aukeratu haietako zenbaitek erabilitako formula: burujabetzara igarotzeko erabakiaren froga sendoa —erreferendumaren emaitzak eta parlamentuko bere agerraldia—, baina urrats hori eman baino lehen hilabete batzuetako etenaldia, bitartean nazioartearen aitorpena bilatzeko asmoz.

Ez da asmakizun berria; Esloveniak eta Letoniak, besteak beste, formula hori erabili zuten euren trantsizioetan. Azken horren independentzia legeak zehazten zuenez, hura erabat gauzatu bitartean indarrean jarraituko zuen errepublika sozialista ohiko konstituzioak, ez bazuen lege berriekin kontraesanik sortzen. 1990eko maiatzean onartu zuen Kontseilu Gorenak etenaldia, eta hurrengo urteko udan amaitutzat jo zuen trantsizioa, tropa sobietarrak Rigako erakundeetara indarrez sartzen saiatu zirenean.

Hiru hileko moratoria

Esloveniaren kasua desberdina izan zen. Hark 1990eko abenduan egin zuen independentzia erreferenduma, orduko Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistatik bereizteko; boto eskubidea zuten herritar guztien %88,5ek babestu zuten banaketa. 1991ko ekainaren 25ean aldarrikatu zuten independentzia Esloveniak eta Kroaziak, baina ez zen ofizialki indarrean sartu urte hartako udazkenera arte. Izan ere, adierazpenak Hamar Eguneko Gerrari eman zion bide, Jugoslaviako lehenbiziko gerrari. Gatazka uztailaren 7an amaitu zen, Brijuniko Itunarekin. Prozesu hartan, Europako Erkidegoak bitartekari lanak egin zituen Esloveniaren eta Kroaziaren eta, beste aldetik, Jugoslaviako Gobernuaren artean; praktikan, hiruren artean zokoratu zuten azken hura. Independentzia urriaren 8rako indarrean sartuko zela adostu zuten, eta hilabete horren amaierarako irtengo zela azken soldadua.

Nazioartearen aitorpena gehienetan hasi ohi da estatu nagusi baten edo batzuen babesetik, eta independentzia aldarrikapena baino dezente beranduago heldu ohi dira besteak. Ljubljanako gobernu burujabearen kasuan, Alemania zen atea zabaldu ziona, eta 1991ko abendutik aurrera heldu zitzaizkion gainerakoen onarpen keinuak.

Europako estatuen artean desadostasunak zeuden hasieran, baina batzuek interes berezia zeukaten Jugoslavia ahultzeko; Alemaniari sarri egotzi izan zaio negoziazio haietan beste kideak estutu izana Eslovenia onartzeko. Hori izango da, ziurrenik, Kataluniako kasua Esloveniakotik bereizten duen elementuetako bat: Europako estatu boteretsuek desegiten ari zen erregimen baten —eta, gainera, sozialista zen baten— parte gisa ikusten zuten. Jugoslaviari eusteko ahaleginak hutsaren hurrengoa izan ziren hortik aurrera.

Publizitatea

Sortu kontua
Samara Velte Samara Velte

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak