Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Arma nuklearren aurkako nazioarteko kanpainak jaso du Bakearen Nobel saria

Publizitatea

Mundua

Arma nuklearren aurkako nazioarteko kanpainak jaso du Bakearen Nobel saria

122 estatuk sinatu dute arma nuklearrak debekatzeko mundu mailako ituna. Iranen «anbizio nuklearra» amaitu nahi du Donald Trumpek
ICAN kanpainako kideak Bakearen Nobel saria ospatzen, atzo, Genevan.
ICAN kanpainako kideak Bakearen Nobel saria ospatzen, atzo, Genevan. MARTIAL TREZZINI / EFE

2017-10-07 / Iosu Alberdi

Aurtengo Bakeran Nobel saria ICAN Arma Nuklearrak Desagertzeko Nazioarteko Kanpainarentzat izan da. Arma nuklearrek eragin ditzaketen «ondorio katastrofikoen» inguruan ohartarazteagatik irabazi du saria. «Munduan 15.000 arma nuklear baino gehiago daude, eta horiek erabiltzeko arriskua azken urteetako handiena da», adierazi du sariaren batzordeak. Azaldu dutenez, aurtengo Nobel saria arma nuklearrak «pixkanaka desagertzeko» negoziatzeko deia da, 1970ean sinatutako Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Hitzarmenak hasitako bidean aurrera egiteko.

ICAN ehun herrialde ingurutako 468 erakunde eta GKEek osatzen dute, eta, besteak beste, arma nuklearrak debekatzeko mundu mailako itunaren bultzatzaileetako bat da. 122 estatuk eman zioten baiezkoa hitzarmenari. Halere, egun arma nuklearrak dituzten estatuek uko egin diote sinatzeari: AEBak, Frantzia, Erresuma Batua, Txina, Errusia, India, Pakistan, Israel eta Ipar Korea dira. NATOko kideek ere —Herbehereak izan ezik— ezetza eman diote hitzarmenean parte hartzeari.

ICANeko zuzendari exekutibo Beatriz Fihnek adierazi du «onartezina» dela oraindik arma nuklearrak dituzten eta erabiltzearekin mehatxatzen duten estatuak egotea, saria irabazi bezain laster eginiko agerraldian: «Arma nuklearrek ez dute segurtasun handiagoa ematen, ez dugu mundu seguruago bat, aurkakoa». Ipar Korearen eta AEBen arteko mehatxuak jarri ditu adibide gisa, eta azaldu du kezkatuta dagoela AEBetako presidente Donald Trumpen moduko «pertsona oldarkor batek» botoi nuklearra sakatzeko aukera izatearekin.

Irango akordioa, arriskuan

Bakearen Nobel saria irabazteko beste hautagaietako bat Irango akordio atomikoa zen. 2015ean Iranek eta munduko beste sei potentziak —AEBak, Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania— sinatutako akordio horrek murrizketak ezarri zizkion Irango gaitasun nuklearrari, nazioarteko zigorrak kentzearen truke.

Orain, akordioaren jarraipena arriskuan dago. Trumpek urriaren 15era arte du Iran akordioa betetzen ari den ziurtatzeko. Trumpen erabakiak ez du zertan Washington akordiotik ateratzea eragingo, baina zigorrak berriz hastea ekar lezake, hitzarmenaren amaierarako lehen pausoa. Herenegun, jada, AEBetako presidenteak adierazi zuen «Iranen anbizio nuklearrei» behingoz amaiera jarri behar zaiela.

Irango presidenteorde Ali Akbar Salehik akordioaren barruan jarraitzeko deia egin die alde guztiei: «Gainontzeko estatuek akordioa uzten badute, Iranek ere berdin egingo du». Akordioa Ipar Korea negoziazioetara bideratzeko aukera bakarra dela azaldu du.

AEBak izan dira ituna zalantzan jarri duen estatu bakarra. Europako Batasuneko Atzerri Politikako arduradun Federica Mogherini akordioarekin jarraitzearen alde agertu da, Bakearen Nobel saridun berria zoriontzeko eginiko agerraldian: «Alde guztiek Iranekin eginiko akordioa betetzen dutela bermatuko dugu». Berdin egin du Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek ere, programa «benetan garrantzitsua» dela azpimarratuz.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak