Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Testiguan bihotza sartu zutenei

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA

Testiguan bihotza sartu zutenei

AEK-k Korrikaren sortzaileak omendu ditu, hogeigarren Korrika ospatzeko jaian. Euskararen aldeko lasterketaren indarra eta lorpenak nabarmendu dituzte Irungo Ficoba erakustazokan.
Korrikaren sortzaileak, atzo, Irungo Ficoba erakustazokan, AEK-k egin zien omenaldian.
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Korrikaren testigua herriz herriz eta eskuz esku ibili ohi da bi urtean behin Euskal Herri osoan, baina belaunaldiz belaunaldi ere badabilela ospatu du AEK-k Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan egin duen jaian. «Belaunaldien arteko transmisioa ezkutaezina da. Hogeigarren Korrikara iristea eta gero eta indartsuago egotea, horren ondorioa da», Imanol Ostolazaren esanetan. Lehen Korrikaren antolatzaileetako bat da, baita AEK-k hogeigarren Korrika ospatzeko jaian omendu dituenetako bat ere. Ostolazarekin batera, omenezko oroigarri bana jaso dute Alvaro Gurrea, Bittor Allende, Xabier Aizpurua, Lourdes Medinueta, Urtsa Errazti, Koldo Amestoy, Lander Campo (Joseba Camporen semea), Inotsi Mendiburu (Remigio Mendiburu lekukoaren sortzailearen izenean) eta Ladis Arrosagaraik ere.

Arrosagarairen iritziz, 1980ko lehenengo korrika harekin alderatuta etorkizunean aldaketak egongo diren arren, «izpiritua berbera da eta iraungo du luzaz», Euskal Herria euskalduntzeko helburua lortu arte. «Ez dakit zenbat Korrika beharko diren horretarako, baina mugimendua bizia da, eta euskararentzat oso garrantzitsua».

Korrikaren sortzaile izan zirenek afari batean borobildu zuten euskararen aldeko lasterketa egitearen ideia, eta bazkariaren bueltan bildu ziren, atzo, AEK-ko kide eta lagunak. Plater batetik besterako tarteetan musika, antzerki, dantza, txotxongilo eta bertsoak izan dira. Horrez gain, Korrikaren ekinaldi guztietako gertakari eta bitxikeriak ekarri dituzte gogora Reyes Prados, Ekaitz Gonzalez, Sara Cozar eta Artzen Letona aurkezleek. Bazkariaren ostean, omendu dituzte Korrikaren lehen bultzatzaileak eta jaialdia Petti musikariaren emanaldiak itxi du.

Omenaldian, Asier Amando egungo Korrikako arduradunak Korrikaren sortzaileen lana eskertu du. « Zuek izan zarete milioika pertsonari bultzadatxoa eman diguzuenak. Zuek izan zarete lehen kilometro amaigabe hura korritzen jarraitzen duzuenak, gure oinekin».

Lehen testigua martxan jarri zenetik, Korrikak hunkitzeko lortu duen gaitasuna nabarmendu du Amandok. «Euskara izan zen mugitu zintuztena, eta mugitu zineten. Eta gero gu mugitu ginen. Gutako bakoitzaren barruak mugitu dituzue. Hunkitzen gara gure herritik, auzotik edota etxe azpitik Korrika pasatzen denean».

Bazkari osteko tertulietan, hainbat mahaitan aipatu dute lasterketak eragiten duen zirrara. Ikertzeko modukoa dela ere pentsa dezake baten batek. Eta hala pentsatu dute Mirari Garmendia eta Ekain Ormazabal Antropologia ikasleek. Unibertsitatetako lan baterako ikergai hartu dute Korrika eta euskararen aldeko lasterketak eragiten dituen emozioak. Jaian egon dira oharrak hartzen. «Euskararen mundua ukitzen du, minorizatua eta jipoitua izan den hizkuntza. Komunitate gisa elkartzeko modu bat ematen du», azaldu du Garmendiak.

Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzailearen iritziz ere, Korrikaren arrakastaren gakoetako bat jendearengan sortzen duen emozioan dago. «Euskararen lurralde guztia hartzen du, testiguaren barruan doan mezua, lasterketa heldu arte zain egote hori...»

Horrez gain, Korrika helburu jakin batekin sortu zela gogorarazi du Mugikak: Euskal Herri euskalduna lortzea. Korrikaren sorrerak AEK-ren proiektua sendotzen lagundu du, haren esanetan, eta azpimarratu du azken hamarkadetan euskaltegietan 100.000 hiztun berri sortu direla.

Euskara, lokarri

Korrikak utzitako arrastoa harago doala deritzo Mugikak. «Euskarak batzen gaituela esan ohi da, baina Korrikak frogatu du hori egia dela». Kike Amonarriz telebistako aurkezle eta euskaltzaleak ere ideia hori bera nabarmendu du oholtza gainean hitza hartu duenean. «Eskuz esku doan lekuko hori batzen gaituen zerbaiten lekuko dela sentitzen duzu. Lotzen gaituena, baina ikusezin zaiguna».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak