Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Bertso uzta oparoa Baratzen

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak. IRITZIA

Bertso uzta oparoa Baratzen

 
Giro polita izan zen Segurako Baratze pilotalekuan.
Giro polita izan zen Segurako Baratze pilotalekuan. JUAN CARLOS RUIZ

2017-10-01 / Gorka Azkarate

Bertsoa izan zen erabateko protagonista atzo Seguran, egun osoz gainera, txapelketa nagusiko kanporaketa saioa ez ezik bertso eskolen eguna ere ospatu baitzen bertan, egun osoz. Gipuzkoako Goierriko herri historiko honetan zainetan daramate edonolako euskal adierazpideren alde lan egiteko garra, urtean zehar antolatu ohi dituzten ekimenak zerrendatzea zaila bilakatzeraino. Badugu beraiengandik zer ikasia, eutsi horri Segura!

Atzoko hitzordu nagusia, edonola, txapelketako kanporaketa saioa izan zen, bistan da. Eta Baratze pilotalekuan bildutako bertso uzta benetan emankorra izan zela esan beharra dago, irristada eta zabarkeriaren bat edo beste gorabehera. Oholtzara igo ziren sei bertsolariek utzi zuten bakoitzak beretik, nahiz eta denek ez zuten, agian, beren helburua beteko. Txapelketako saioek badute beste saioengandik bereizten dituen aparteko zera bat, eta saioaren joanean igarri zen, hitzez definitzea zaila den zera horrek sorrarazi ohi duen urduritasunaren ondoriorik.

Zortziko nagusian epel xamar abiatu zen saioa, sarritan gertatu ohi den legez. Giharrak berotu eta ahal izatera hankasartze handirik ez egitea xede. Aipagarria Martin eta Iguaranek egindako lana, tartean Jon Martinen hirugarren bertso goitik-beherako hau: «Bulegoraino goiz iristera / bultzatzen gaitu enpresak / gure hobby-ak azkarrak dira / ta desioak espresak / zenbat pertsona hiltzen dituen / ezin iritsi, estresak / presak jendea hiltzen du baina / gu beti besteen presak». Hasieratik sendo eta distiratsu hauteman genuen oiartzuarra, eta kartzelakoan ariketa apal xamarra osatu bazuen ere (poto eta guzti) lehenbiziko posturako hautagaitzat jotzen genuen askok saioaren amaieran. 10eko txikian atzoko bigarren sailkatu Nerea Elustondorekin egindako bertsoaldia izango zen saioko borobilenetakoa, gurasoak zaintzeko desadostasunetan dabiltzan seme-alaben paperean. Elustondok kolpe ederrak bota zituen bertsoaldi horretan —paperik errazena berea zen arren— eta kartzelan lan antologikoa osatu zuen, gaiari heltzeko aukeratutako heldulekutik hasita. Puntu erantzunen ariketan buruaz lurra kolpatu ostean bakarren batek pentsatuko zuen legazpiarra ez zela berriro altxatuko; altxatu zen, ordea, eta nola gainera!

Beste saioetan gertatuko denaren zain egon beharko badute ere, atzo bigarren eta hirugarren izandako Nerea Elustondok eta Beñat Iguaranek gertu dute hurrengo faserako txartela. Iguaranen jardunak freskotasun ederra eman zion saioari —aipagarria kartzelako gaiari aurkitu zion heldulekua, Mikel Goñi beraren azaletik kantatuz—. Atzeraxeago geratu ziren puntutan Ander Fuentes Itturri, Unai Gaztelumendi eta Felix Zubia. Puntuetan atzeraxeago, diogu, baina ez ikusleengandik jasotako txalo zaparraden bolumenari dagokionez. Itturrik gaitasun handia erakutsi zuen egoera zailetatik onik ateratzeko, Gaztelumendik utzi zuen bere irudimenaren erakusgarri bat baino gehiago, eta Zubiak, gure mediku jaunak… maisuki nahasten ditu fikzioa eta errealitatea, gaiak hala ahalbidetzen dionean bere eremura eramanaz. Publikoa konplize bilakatzen du halakoetan eta hori lortzea lorpen handia da gero!

Bigarren saioa baino ez zen atzokoa eta aurretik geltoki asko geratzen diren arren, ari da tenperatura igotzen. Martxa honetan jarraituz gero, lehertuko da eltzea…

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak