Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Kataluniako Gobernuak erran du diruen kontrolari eutsiko diola

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Kataluniako Gobernuak erran du diruen kontrolari eutsiko diola

Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du Generalitateak Montororen erabakiari jarritako helegitea
Guardia Zibilaren operazioagatik protestan, atzo, Terrassan.
Guardia Zibilaren operazioagatik protestan, atzo, Terrassan. TONI ALBIR / EFE

2017-09-20 / Mikel Rodriguez

Atzo goizean bukatu zen Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak Kataluniako Gobernuari emandako epea. Kontuen berri astero eman ezean, Espainiako Gobernuak Kataluniako finantzen kontrol zuzena hartuko zuela erran zuen Montorok. Kataluniako Gobernuak erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuen atzo Espainiako Auzitegi Gorenean, eta hark tramiterako onartu zuen. Horregatik, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak adierazi zuen Montororen erabakia behin-behinean bertan behera gelditu dela, eta Generalitateak «normal» jarraituko duela finantzak kudeatzen. Espainiako Gobernuak ez zien erantzun Junquerasen adierazpenei.

Generalitateak kautelazko neurri gisa eskatu zion Auzitegi Gorenari Ogasun Ministerioaren erabakia bertan behera uzteko epai bat eman arte. Generalitatearen ustez, finantzen kontrola hartuta Espainiako Gobernuak funtsean autonomia kenduko lioke Kataluniari. Junquerasen arabera, ez da halakorik gertatu. «Badauzkagu baliabideak, eta gure betebehar guztiekin konplituko dugu». Espainiak diruen kontrola hartuz gero, hark ordaindu beharko lieke Generalitatearen funtzionarioei, baina Junquerasek erran du nominak «normal» ordainduko dituela Kataluniako Gobernuak. Montorok finantza erakundeei emandako aginduak bertan behera gelditu direla erran du Junquerasek.

Madrildik emandako erantzun bakarra Efe agentziak argitaratu zuen, Auzitegi Goreneko iturri anonimoen solasetan. Iturri horien arabera, helegitea tramiterako onartuz gero auziaren aldeei jakinarazi behar zaie, haiek alegazioak aurkeztu ditzaten, eta prozesu horretarako hamar eguneko epea zabaltzen da; hortaz, bitarte horretan Montororen agindua ez dela bertan behera geldituko argitaratu zuen Efek.

Erresistentzia zibila

Espainiako Gobernua egunero ari da erreferendumaren aurkako neurriren bat hartzen, eta atzo erresistentzia zibileko lehenbiziko ekintzarekin topo egin zuen. Terrassa hirian Unipost mezularitza enpresan sartu zen Guadia Zibila, urriaren 1eko erreferendumerako mahaietan egoteko jakinarazpen oharrak aurkitu zituelakoan. Goiza zen, eta jendetza berehalakoan bildu zen protesta egitera. Guardia zibilek ez zuten agindu judizialik, ordea, eta idazkari judizialaren esperoan gelditu ziren. Arratsaldean agertu zen hura, baina 200 pertsona inguruk hiru orduz oztopatu zioten sarrera, lurrean eserita. Mossoek zabaldu zioten bidea idazkariari.

Erreferenduma eragozteko bidea argi hartu du Espainiako Gobernuak, baina atzo Kongresuak ezezkoa eman zion gobernuaren jarduna babesteko mozio bati. Ciudadanosek aurkeztu zuen, baina PSOEk aurka bozkatu zuen, Ciudadanosek ez zuelako gehitu nahi izan elkarrizketaren aldeko adierazpen bat —PSOEko hiru parlamentarik diziplina hautsi, eta abstentzioa eman zuten—. Aldeko 158 boto jaso zituen mozioak, eta aurkako 166.

Horrez gain, erreferendumak babes politiko garrantzitsu bat jaso zuen atzo, Podemos alderdiaren Kataluniako adarrak urriaren 1eko deialdian parte hartzea erabaki baitu. Oinarriaren %64k babestu du, eta %33 agertu da aurka.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak